Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo kategoria duten postak ikusten: Azaleko Nabarmendua

Irakaspen ederrak eman zituen ‘Nimonak’

Irailaren 9an zinea plazan eskaini zen ume eta gazte­txoei begira. “Nimona” pelikula izan zen ikusgai eta gustoko pelikula izan zen bertaratutako ume zein helduentzako. Irakaspen onak ere eman zituen pelikulan zehar azaltzen ziren gaiekin: besteen onarpenaren beharra, desberdi­nari/eze­za­gunari zaion beldurra, estereotipoak hautsi beharra, genero berdinekoen arteko maitasuna... Akzioa eta umorea ere nagusi.

Herri Kontseilua berritzen

Maiatzaren 7an Herri Batzarra egin zen batez ere Herri Kontseiluaren berritzeari buruz hitz egiteko. Lau urteren ostean, maiatzeko Udal hauteskundeekin tokatzen zen aldaketa eta Herri Kontseilua nola berritu aztertzen aritu ziren. TETak baldin­tzatuta, aurreko urteetan bezala hauteskundeak egitea ez zela egoki ikusten adierazi zuten (lan handia dakarrelako eta TETarekin egin beharko delako epe motzean) eta zuzenean herritar batzuekin harremanetan jar­tzea erabaki zutela. Lau urte hauen balorazioa ere egin zuten eta taldearen egoera ez dela onena izan adierazi zuten: «Lan asko, kide gutxiago eta ezin behar bezala iritsi». Hori horrela, berrantolaketa baten beharra ere planteatu zuten. Herritarrei dei egin zieten Herri Kontseiluan bete-betean sartzeko moduan ez baziren ere, gutxienez zeregin edo arlo jakin batzuetan laguntzeko.
Herri Kontseilua berritzeko honakoak azaldu dira prest modu batean edo bestean: Aitor Beraza, Fer Diez, Aitor Etxeberria, Jon Lizarazu, Imanol Illarramendi, Ainhoa Esteban eta Maddi Cenzano. Eneko Dorrosorok aurreko taldetik jarraituko du. Arlo edo proiektu jakinetan laguntzeko prest ere azaldu dira pare bat herritar gehiago. Zentzu horretan, argi adierazi dute ateak irekita dituela lagun­tza eman nahi duenak.

Ikusmina eta aldarrikapena

Uztailaren 3an Tourra pasa zen Igeldotik eta herritarren artean ikusmin handia sortu zuen. Errepide nagusiaren inguruan leku desberdinetan elkartu ziren haur eta helduak. Horietako puntu bat izan zen IKO ingurua. Bertako mahaian bazkaldu zutenak ere izan ziren lasterketa noiz pasako zain. Giro ederrean ibili ziren banatzen zituzten opariak jasotzen eta txirrindulariak animatzen.

Igeldok ere badu bere historia biltzen duen liburua

Azkenean, hainbat urtetako lanaren ostean, argitaratu da Igeldoko historia eta istorioak biltzen dituen argazki liburua. Jabier Iraola Gabilondok egina da, hainbat herritarren lagun­tzarekin, eta ekainaren 25ean egin zuten aurkezpena Igeldon. Oso ekitaldi polita izan zen, sorpresaz betea, eta liburuan bildu dutena pixkat bat ezagutzeko aukera izan zuten bertaratutako herritarrek.
Ondoren, erreserba egina zutenek liburua erosteko aukera izan zuten erdi prezioan.

IGELDO-ETXEA

Gu Uralde-Etxea izan ginen. Gaintxu­rizketan dagoen harrizko etxe txiki bat. Txikia tamainaz, handia bizipenez. Ur-alde behean zegoen. Hirutan urak hartu gintuen euriteen ondorioz. Hori hemen ez da gertatuko. Goran gaude eta. Oso goran. Behetik gora mugitu gara. Hemen euriak lurra Uralden baino lehenago ikutuko du, eta behera eroriko da. Goitik behera euria, eta gu berriz, behetik gora. Issac Newtonek izena jarri zion behera tiratzen dizun indar horri, grabetateari. Hau da, berak azaldu zuen, behetik gora igotzeko berez baino indar gehiago egin behar dela. Horrela izan zen guretzat ere, behetik gora, handik hona… ez zen erraza izan. Baino hemen gaude eta oso gustora gainera. Igeldo herrian. Herri bat, pertsonek sortzen dutelako. Herri bat izateko, pertsonen nahia bakarrik behar delako. Beste ezer ez.
Herritarrak ere gonbidatu ditugu gure etxera, Igeldo-Etxera. Gure ateak beti egongo dira irekiak, beti. Eta herriaren zati izatearen ideia dugu buruan. Burutik, eskura pasatzea da orain kontua. Ideietatik, akzioetara. Horretarako da baita ere idatzi hau. Izateko. Herria bezala, izateko nahia bakarrik da beharrezkoa. Zuen parte izateko, gogoa bakarrik behar da, gogoa eta akzioak. Zu, irakurle, herriaren zati zara, gu ere orduan, beraz herrikideak gara, beraz elkar ezagutzen ez badugu ere, zerbaitek lotzen gaitu. Zerbait baino gehiago esango nuke. Biak gaude goran eta biok jasaten dugu ipar haizearen kolpea neguan, hego haizearen kolpea udaran, euriaren eta behe lainoaren ikutu xarmanta.

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom