Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo egilearen postak ikusten: Igeldo Herria

Gabonak Igeldon 2023

Gabonak Igeldon 2023

Ilargia, Jupiter, Saturno... aztertu eta ikusteko plana, abenduan

Donostiako Udaleko Gazteria sailak antolatuta, astronomia saioa egingo da Igeldon abenduaren 22an. Alde batetik, umeentzako tailerra izango da 16:30etatik 18:00etara Itsas Aurren. Eta bestetik, 18:30etan behaketa egingo da Undermounten terrazan (kasu honetan, ume, gazte eta helduen­tzat izango da). Gabonak Zuretzat programaren barruan antolatu dute. Aranzadikoen eskutik izango dira tailerra eta behaketa.
Adierazi dutenez, egun aproposa izango da behaketa egiteko, Ilargia eta Jupiter alineatuak egongo direlako eta Saturno oso gertu egongo delako. Aranzadiko teleskopioekin ikusteko aukera izango da.

Hasi da Neguko Pala Txapelketa

Azaroaren 24an hasita, martxan dago aurtengo Neguko Pala Txapelketa. Martxoaren erdira bitarte jokatuko dira partiduak, ostiral eta larunbatetan. Ostira­letan 3 partidu jokatuko dira 18:00etan hasita eta larunbatetan 4 partidu 9:00etan hasita.
Denera, 43 bikote izango dira lehian. Mutiletan, lehenengo mailan 6 bikotek hartuko dute parte eta bigarren mailan, 20 bikotek. Nesketan, berriz, 17 bikote ariko dira nor baino nor.
Txapelketarekin giro pixka bat izango dela frontoian eta herritarrei gerturatzeko deia luzatzen diete antolatzaileek.

«'Coxiella' bakterioa aztertuz jakin nahi dut zeinek eta zenbaterainokoa duen arriskua Q sukarraz kutsatzeko»

Ion Zendoia Beaumont igeldoarra da, Joxe Angelen eta Mari Joseren semea; Gure Kayolakoa, alegia. Igeldoko Herri ikastetxean ikasi zuen 12 urtera arte, Luberrira ondoren eta handik Zaragozara, unibertsitatera, albaitaritza ikastera. Gaur egun 29 urte ditu eta lana dela-eta, Bilbon bizi da. NEIKERen dabil, Coxiella burnetii izeneko bakterio bat ikertzen.

BEARTZANA

Igeldon bazegoen janari-denda bat, elizaren aldamenean. Bear­tza­na deitzen zela zioen hormatik espaloi gainera irteten zen kartelak. Inork gutxik ezagutzen zuen izen horrekin, jakina. “Denda” zen eta kito. Santa Martakoek jarri zuten eta alaba Olatzek egiten zuen lan, artean gaztetxo zela. Denda eskuz esku ibili zen gero: Loli, Marabietako Pili eta azkenak, kubatar senar-emazteak. Azken horiek etxebizitza bezala erabili zuten, gainera. Andresek igandeetan cowboy-kapela dotore bat jazten zuela gogoratzen dut, zaldiz ibiltzera joateko. Keniak berriz, manikura egiten zion eskatzen zion edonori.
Itxi zen denda, “azken ordukoekin” ezin bizi daitekeelako, Andresek zioen bezala. Behar zena, behar genuenean geneukan eta listo; asteko erosketak beste nonbait egiten genituen.
Joan ziren senar-emazteak eta hormatik zintzilikatzen zen kartela erori egin zen. Duela gutxira arte ibili da, dinbili-danbala, haizeak dantzan, gurdi zaharrak ateratzen duen doinu negartian. Orain ez dago ez kartelik ez dendarik; norbait bizi da.
Orain IKO daukagu. Handiagoa. Anitzagoa. Hurbileko produktuekin, ahal dela. Marka askorik ez dago, baina oinarrizkoak diren –eta oinarrizkoak ez diren baina goxo-goxoak dauden- produktuak daude. Oihanak, Jexuxek eta Ekhik egiten dute lan, bertatik bertara. Batzuk konpromisoa hartu genuen dendan xoxak xahutzeko, “azken ordukoekin” bizi ezin daitekeela ikasi dugulako. Asteko erosketa egiten dugu, beraz, eta denda mantentzen. Eta gustua ematen du gaztetxo-koadrila kanpoko mahaian artoa jaten ikustea; gustua, ez-hain-gaztetxo-den koadrila kafea hartzen ikustea, barruko sofan, ttor ttor. Bizitza ematen dio herriari, bazkide izan ala ez. Eta behar duguna, behar dugunean daukagu, eroso.
Arrain handiaren sabelean gehiago sartzen dela badakit, baina arrain txikirik gabe itxasorik ez da. Eros dezagun IKOn, “azken orduko” horiek eta pixka bat gehiago.

Azken postak

Artxibategia

2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom