Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo epealdiko postak ikusten: martxoa, 2020

Zaintza sarea osatzen

Koronabirusak sortutako egoeraren aurrean, zaintza sareak sortu dira hainbat herri eta txokotan egoerak eragin ditzakeen zaintza gabeziei aurre egiteko. Ekimen hori Igeldora ere iritsi da. Herri Kontseiluak abian jarri nahi du sarea eta honako deialdia zabaldu du: "Herri gisa erantzuteko egunak dira. Berekoikeria eta lehiaren aurrean modu kolektiboan jarduteko egunak. Zaintza erdigunean jarri eta arduraz jokatzeko unea da. Koronabirusa ez zabaltzeko neurriak hartu behar ditugu eta aldi berean, herritarron beharrak asetu eta ongizatea mantentzea bermatu behar dugu. Horretarako, bolondres sare bat osatzen ari gara behar duenari ahal den neurrian laguntza eskaintzeko. Kontziente gara, hurrengo egunetan behar ezberdinak egongo direla (erosketak egin, adin txikikoen zaintza, medikamentuak, bestelakoak…). Segurtasun neurriak hartuta eta osasun arloko profesionalen irizpideak kontuan hartuta jokatuko dugu. Laguntzeko prest bazaude edo laguntza behar izanez gero jarri gurekin harremanetan". 

Herri Kontseiluak antolatutako jendarteko ekintzak, bertan behera

Koronabirusa dela eta, neurriak hartzea erabaki du Herri Kontseiluak. Bihartik aurrera (martxoak 13) aldi baterako bertan behera geratuko dira Mus Txapelketa, Pala Txapelketa eta Ieltxoko ikastaroak.

ATZERA BEGIRA: Emakumeen sokatira taldea aitzindari

Martxoaren 8a aitzaki, Igeldoko emakumeen sokatira taldea aipatu dute azken Orri Informatiboan. Gipuzkoan sortu zen lehendabiziko taldea izan zen Igeldokoa eta nahiz eta ez zen urte askoan izan (3 edo 4 urte), arrakasta handikoa izan zen. 1977 urteko San Pedro jaietan izan zen lehendabiziko tiraldia. Herriko jaietan xaltxa sor­tzeko asmotan 10 emakume 6 gizonen aurka aritu ziren eta nola ez, emakumezkoak izan ziren garaile (Din Dinen dagoen argazkian ikus daiteke orduko koadrila). Ondorenean hasi ziren herri ezberdinetan emakume sokatiralari taldeak sortzen: Orio, Usurbil, Urnieta, Itziar… eta herri ezberdinetan jaialdiak antolatzen hasi ziren. Aipa­garria izan zen 1978 urteko udazkenean Anoetako frontoian egin zen Txapelketa. Bertan hainbat herritako taldeak izan omen ziren eta jaialdiaren helburua Ikastolak sor­tzeko dirua biltzea izan omen zen. Igeldon ere garai hartan ez zen eskolarik eta herriz herri jaialdiak antolatzen ibili ziren herrian eskola martxan jartzeko dirua bilduz.

Herriko Whatsapp taldea sortu nahi du Herri Kontseiluak

Herri Kontseiluak hurrengo asteetan whatsapp talde berri bat jarri nahi du martxan. Beste bat? Galdetuko duzue zuetako batzuk. Talde hau ordea, Herri Kontseiluko informazioa jasotzeko soilik izango da. Herri Kontseiluko kideen ustez, Herri Kontseiluko deialdiak (batzarrak, bilerak…) beste bide batzuetatik zabaltzen dira, baina beste informazio bat partekatu gabe geratzen da askotan. Esaterako, udaletxearekin hitz eginiko gauzak, kudeaketa zehatzak… Hau guztiaren berri eman eta herritarrak ahalik eta informatuen edukitzeko asmoarekin jarriko da martxan whatsapp talde berria. Bertan, Herri Kontseiluko kideek soilik idazteko aukera izango dute eta mezu gutxi batzuk soilik bidaltzea da asmoa.  

Ekintza ugari, Emakumearen Egunaren bueltan

Martxoak 8 Emakumearen Eguna pasa berri dugun honetan, ezin aipatu gabe utzi herrian izandako mugimendua. Martxoaren 7an, larunbatean, Emakume Afaria egin zen urtero bezala eta adin ezberdinetako 58 emakume elkartu ziren. Etxe Nagusin afaldu zuten giro paregabean. Azken urteetan bezala, bingoan aritu ziren eta saridunak Arantxa Txintxurreta eta Ainhoa Gorostidi izan ziren.

Azken postak

Artxibategia

2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom