Aurkezpena | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Aurkezpena

Igeldo Donostia eta Orio batzen dituen mendi hegalean kokatua dago. Hegoldean Usurbilekin eta iparraldean itsasoarekin egiten du muga. Igeldoko bi isuriek morfologikoki bitan banatzen dute herria; hegoaldekoa A8 autopista pareraino iristen da eta iparraldekoak itsaslabar malkartsuetan du bukaera. Igeldoko biztanleria 1100 pertsona inguruk osatzen dute eta lurraldea berriz, 10,4 km-koa da.

Mendizorrotz (452m) mendia nagusitzen den ingurunean, belazeak, baso mistoak, hariztiak edo koniferez birpopulatutako zonaldeak baserri eta txalet bakunekin tartekatzen dira. Hala ere, badira, gainontzekoetan baino jende kopuru handiagoa bizi den zonaldeak. Nagusiena Igeldoko kaskoa da, San Pedro elizaren eta herriko plazaren inguruan sortua. Bertan, azpiegitura gehienak kokatzen dira: frontoia, eskola, kultur etxea....

Bestalde, Ameztiko eta Gudamendi-Etumeko zonaldeak urte askotan zehar eman den kontrolik gabeko hazkunde urbanistikoaren ondorio dira. Gune erresidentzialak dira, nagusiki txalet bakunez osatuak, inguru horiei izena ematen dioten baserri eta etxebitza bloke batzuen (Etumekoa batez ere) salbuespenarekin. Bertako biztanleriaren jatorria, nagusiki, Donostia eta Gipuzkoan kokatzen bada ere, atzerritik etorritako biztanleriak gero eta garrantzi gehiago dauka.

Hirugarren sektorea eta nekazaritza

Igeldon, ekonomikoki hirugarren sektorea eta nekazaritza dira sektore garatuenak. Zenbait baserri jatetxe, ostatu eta nekazalturismo bihurtu dira; beste batzuk, berriz, nekazal ustiapen maila altua mantentzen dute. Azpimarratzekoa da zenbait nekazal ustiapeni garrantzi estrategikoa aitortu diela Nekazal Ingurunea garatzeko departamentuak. Azpimarratzekoak dira ere, izen handiko bi hotel eta Donostiari zerbitzua ematen dioten bi kanpinak ere, Igeldoko lurretan kokatzen direla.

Herri kontzientzia

Igeldon gaur egun, herri kontzientzia nabarmena da; hau besteak beste, Igeldok berezkoa duen nekazal giro euskaldunaren ondorioa da. Igeldoko ohiturak, ezaugarri kulturalak, setimenduak eta antolatzeko moduak, nekazal giroko herri txiki batenak dira eta ez Donostia bezalako hiri batenak. Igeldotarren gehiengoa ezaugarri hauekin bat dator eta gainera Igeldoko biztanle gehienek (agian beste leku batzuetatik etorritakoek modu heterogeneoagoan) ezaugarri hauek ikusi eta positiboki baloratzen dituzte.

Donostiatik banatzeko ahaleginak

Historian zehar entengabekoak izan dira Igeldo Donostiatik banatzeko ahaleginak. Azkenekoak 90. hamarkadan du hasiera. Donostiako Udalak aurkeztutako Plan Orokorrak igeldotarrren artean sortutako nahigabeak eta Igeldotik luzatutako deszentralizazio eskaerak jasotako ezezkoak, 93-94 urteetan eztabaida prozesua bultzatu zuten igeldotarren artean. Bertan, Igeldorako aukera ezberdinak (deszentralizazioa, desanexioa...) aztertu ziren. Prozesuari galdeketa batekin eman zitzaion bukaera.

1995 urtean, Itsas Aurre elkarteak, herritarren gehiengoaren babesarekin (%62,5), desanexio eskaera aurkezten du. Donostiako Udala eskaeraren bide administratiboa gelditzen saiatzen da, prozesu juridiko luze bat irekiz. 2013 urtean, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaia berriz aztertzen du. Igeldon galdeketa egin ondoren eta desanexioren aukera igeldotarren gehiegoaren hautua dela ikusita, Igeldori udalerri izaera onartzen dio. Berriro ere, Donostiako Udalbatzak bide juridikora jotzen du prozesua eteteko. 2019an Madrileko Auzitegi Gorenak azken sententzia ematen du, 2013ko Foru Araua bertan behera utziz, eta beraz, Igeldo berriro Donostiako auzo bihurtuz.