Skip to content

Lezkarri Abesbatza

LEZKARRIREN SORRERA:

Igeldon urtero musika jaialdi bat antolatzen zen eta bertan herriko hainbat taldek eszenatokira igo eta abestu egiten zuten. Horren inbidiak bultzatuta, 2003ko azaroan, abesteko gogoa eta ilusioarekin gizon emakume talde bat elkartu ginen.

Hurrengo urteko maiatzean lau abestirekin parte hartu genuen musika jaialdian: "Itsasoa", "Maitia nun zira", "Goizian argia hastian" eta "Bihotzian min dut".

Abestea gustatzen zitzaigun, baina gehienek ez genekien ezer musikaz. Jose Luis de la Granja zen ikasketak zituen bakarrenetakoa eta horregatik erabaki genuen zuzendari izendatzea.

LEZKARRIREN HELBURUAK:

  • Batetik, guztiok entzuten ditugun eta dakizgun euskal kantak, lau ahotsetan, ondo abesten ikastea.
  • Bestetik, kanta berriak ikastea, bai kultura lurralde eta hizkuntza desberdinetakoak.
  • Gure kantaldiak Igeldoko herrian emanaz, musika eta kanturako gogoa indartzea.
  • Beste herrietako abesbatzekin harremanetan jarri eta elkarrekin kontzertuak eman.
  • Gure artean kantuaren bidez ondo pasatzea eta harremanak indartzea.

LEZKARRIREN IBILBIDEA:

Lehenengo kontzertua Andoaingo Santakruzetan eskaini genuen eta, handik aurrera, kontzertu eta emanaldi ugari eskaini izan ditugu. Usurbilen, Donesteben Mendi abesbatzarekin, Antiguoko Luberri abesbatzarekin, Berako eta Alegiko Txintxarri abesbatzekin, Belauntzan eta abar.

Herrietako abesbatzekin antolatu diren kontzertuez gain, Igeldoko jaietan, funeral eta ezkontza batzuetan ere abestu izan dugu.

Lezkarriren ibilbidean, 2003 urtetik 2011 urterainoko gidaritza Jose Luis de la Granja igeldotarraren esku egon da. Metodo berezia erabiltzen zuen. Programa informatiko baten bidez, pentagrama audiora pasatzen zuen. Ondoren, audio hori partaide guztiei pasatzen zigun etxean landu genezan.

Musika aldetik hainbat estilo landu ditugu. Lehenengo euskal kantekin, Iparraldekoekin eta liturgia musikarekin osatu genuen errepertorioa. Pixkanaka, kantu berriak sartzen joan ginen, kantu afrikarrak eta baita habanerak ere.

2011ko uztailean, Kote de la Granjak zuzendaritza uztea erabaki zuen, "aldatzeko garaia zela erabaki nuen" dio eta ordezkari bat bilatzen hasi ginen.

Carmen de las Cuevas sartu zen bere ordez. Eta ordutik hainbat zuzendari izan ditugu Lezkarrin. Nice Crespo valentziarra ere aritu zen denboraldi batez eta gaur egun, Laida Otaduyk gidatzen du taldea.

Behin baino gehiagotan aipatu dugun bezala, kanta­tzeko gogoa duen jendearen beharra dugu eta dei egiten diegu kantatzea gustuko duten herritarrei animatzeko.


Txantxangorri aldizkarirako, Joxe Dorronsorok egindako bertsoa.

LEZKARRI

Auzo bat dela esanagatik
gu sentitzen gera herri,
Euskal-Herriko txoko askotan
ez dute Igeldon berri,
abesbatza ere badute eta
bere izena Lezkarri,
itsasoaren doinu ederrez
herriz herri kantari,
zuen laguntza eskertu nairik
mila esker Txantxangorri.