Kixmi Aisialdi Taldea | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Kixmi Aisialdi Taldea

1999ko irailean, Igeldoko Kultura Batzordeak, herri mailan haurren aisialdiaren inguruan zegoen gabezia ikusirik, bertako zenbait gazteri begirale ikastaro trinko bat egitea proposatu zien. Ikastaro hau, Urtxintxa Begirale Eskolak bideratuta egin zuten, honen bidez, Igeldoko haurren aisialdiaz ardura zitezen. Ikastaro honetan, 11 gaztek parte hartu zuten eta urte horretako abenduan bertan ekin zioten aisialdi jarduera desberdinak aurrera eramateari. Urte berriarekin batera Igeldoko Kultura Batzorde honek proiektu berri bati bide eman zion eta orduan sortu zen Musikarte kultur Gunea, Igeldoko kultur arloa kudeatzeaz arduratuko zena. Kixmi, talde honen barruko adar bat izatera pasatu zen baina hasierako helburu berberei eutsiaz.

Urtetako lan hau boluntarioa izan da beti (udaleku irekietako begiraleen kasuan salbu)eta Kixmi Aisialdi Taldearen diru sarrera Gabonetan baserriz-baserri egindako eskean ateratako dirua eta zenbait ekintzetan (udaleku irekiak adibidez) gurasoek jarritako kuotak izaten dira.

Lehenengo bost-sei urteetan, herriko haur eta gazteen behar desberdinak aztertuz, hauen interesei erantzuten saiatu da Kixmi aisialdi taldea.

Hasiera batean 6 urtetik aurrerako haurrei begira lan egin zuen eta baita bi programaketa desberdin burutu ere 6-12 eta 13-18 adin tartearen interes-guneetara iristeko. Kontuan hartu behar da herriko haur eta gaztetxoak oso sakabanatuta bizi zirela herriko plazatik eta beraz, garrantzitsua iruditu zitzaion Kixmi taldeari opor garaietan zentratzea beraien ekintzak haur eta gaztetxo hauek plazara gerturatu eta elkarrekin egon ahal izateko. Honela, udako udaleku irekiak sortu ziren. Horrez gain, herri ekimenak aurrera eramateko ardura ere hartu zuen taldeak bertako ohitura batzuk eutsiz (Gabon eskea esaterako) eta baita bestelako festa eta jaietan haurrei zuzendutako ekimenak antolatuz.

2005 urtean, Behemendi elkartetik ludoteka bat irekitzeko diru laguntza iritsi zen eta guraso eta Kixmiren elkarlanarekin, 2006-2007 ikasturte amaieran, ludoteka martxan jarri zen. Urte batzuetan zehar, Kixmiko begiraleak binaka banatzen ziren, eta hilero, ostiral batean tailer bat burutzen zuten bertan. Gaur egun ere, funtzionamenduan jarraitzen du ludotekak eta oso balorazio positiboa du, nahiz eta hilabeterako tailerrak burutzen ez diren.

Ondoren, 2010 urtean, Kixmiko begiraleen aldaketa handia eman zen, hori dela eta, guraso elkarteak 5 begiraleei begirale titulua ateratzeko formazioa eskaini zien.    

Denborarekin, Kixmik erantzuna ematen dion adin tartea aldatu egin da. Egun, urtean zehar zehazturiko ekintza jakinak aurrera ateratzen ditu talde honek, adin tartea, 2tik 14 urte artekoa delarik.

Honi, aisialdi taldearen berrantolaketa gehitu behar zaio. Egun zazpi gazte boluntario ari dira lanean, gurasoen elkarlanarekin batera. Ardurak beraien artean banatzen dituzte, bakoitzaren momentuko egoeraren arabera.

Harremanetarako: kixmiigeldo@gmail.com