Historia | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Historia

Jasota dagoen Igeldoren (“Iheldo Bizchaya”) lehenengo aipamen historikoa, 1141 urtekoa da. Urte horretan, Gartzia errege naparrak inguruko bere jabetzak Iruñako Katedralari eman zizkion. Ondasun-emari horretan azaltzen denez, “Iheldo Bizchaya” gaur egun baino haundiagoa zen, Ibaetako, Usurbilgo edo Orioko lurraldeetaraino zabaltzen baitzen. Ingurune honetan aurkitutako Hilobi eta Trikuarriek, zonalde horrek artzai komunitatearentzat zuen garrantzia frogatzen du.

X. mendetik eta XIII. mendera, lurgintzaren zabalkuntzarekin, giza komunitateak sendentarioak bihurtzen hasi ziren. Giza komunitate horiek elizen inguruan eratu eta osatu ziren. Igeldoren kasuan, X. mendetik XI. mende bitartean sortu zen San Pedro Parrokiak, komunitate sendo baten izatea erakusten digu.

Abeltzaintzatik nekazaritza sendentariora igarotzean, Igeldon, Gipuzkoa osoan bezala, harrobiak izandako garrantzia azpimarratu behar da. Igeldoko harrobiek eta bere harri famatuak garrantzi estrategikoa izan zuten eta ziurrenik harriaren erauzketak Igeldoko biztanleentzako lan eta diru iturri oparoa izan ziren.

             

Description du Rouyaume de Navarre,Petrus Bertius,1615 .

Donostia sortzean, bere jurisdikziopean

Antso VI.a Jakitunak bultzatutako Donostiako sorrerarekin, Igeldo, hiriaren jurisdikziopean geratu zen, Usurbil, Orio, Zubieta edota Hernani bezalako lurraldeekin batera. Kasu gehienetan, herrixka hauek izaera desberdin eta autonomi maila handia mantendu zuten; Igeldoren kasuan, 1578an Gipuzkoako Batzar Orokorrak “Universidad de Igeldo” izendatzeak frogatzen duen bezala.

1379 urtean, Gaztelako Enrique II. Erregeak Igeldo, Ibaeta eta Andoaingo “Kolazioak” Donostiako jurisdikziopean mantendu zitezen agindu zuen. Dirudienez, “Kolazio” horiek independentzia eskaera luzatu zioten Erregeari, Donostiatik banandu berriak ziren Orio, Hernani eta Usurbilen pausoak jarraitu nahiean.

1845 urtean, Igeldoko udaletxeak Alkatea, Alkateorde bat eta lau Regidore zeuzkan. Hala ere, 1857 urtean desanexioa eskatu zuen. Eskaera hau ukatu eta gero, 1963 urtean, bi herriak batzen dituen errepidea eraikitzearen truke, Donostiara guztiz anexionatuta geratu zen Igeldo.

Azken desanexio prozesua

Aurrez aipatu bezala, historian zehar entengabekoak izan dira Igeldo Donostiatik banatzeko ahaleginak. Azkenekoak 90. hamarkadan du hasiera. Donostiako Udalak aurkeztutako Plan Orokorrak igeldotarrren artean sortutako nahigabeak eta Igeldotik luzatutako deszentralizazio eskaerak jasotako ezezkoak, 93-94 urteetan eztabaida prozesua bultzatu zuten igeldotarren artean. Bertan, Igeldorako aukera ezberdinak (deszentralizazioa, desanexioa...) aztertu ziren. Prozesuari galdeketa batekin eman zitzaion bukaera.

1995 urtean, Itsas Aurre elkarteak, herritarren gehiengoaren babesarekin (%62,5), desanexio eskaera aurkeztu zuen. Donostiako Udala eskaeraren bide administratiboa gelditzen saiatu zen, prozesu juridiko luze bat irekiz. 2013 urtean, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaia berriz aztertu zuen. Igeldon galdeketa egin ondoren eta desanexioren aukera igeldotarren gehiegoaren hautua dela ikusita, Igeldori udalerri izaera onartu zion. Berriro ere, Donostiako Udalbatzak bide juridikora jo zuen prozesua eteteko. Gaur egun, prozesu juridikoa Madrileko Auzitegi Gorenean dago sententziaren zain.