Skip to content

Gotorlekuak

MENDIZORROTZEKO FUERTEA

Mendizorrotzeko fuertea Mendizorrotz mendiaren gainean dago (416 m), antena errepikagailutik gertu. Polipaso edo Ekaitz taberna pasa eta ezkerraldera ateratzen den bidean gora iritsi daiteke bertara. Bidea irekia da.

Gotorleku motari dagokionez, militarra zen, harresiz inguratutako gotorlekua, itsasaldekoa, fusilaria eta defentsiboa.

Hain zuzen, Gerra Karlistetan zehar erabilitako fuertea da (XIX mendea, Garai Modernoa), baina baliteke bere jatorria XIII mendekoa izatea Monte Agudoko (Mendizorrotz) gazteluari buruzko erreferentziak kontuan hartzen badira.

Bere garaian izan zen gotorleku hartatik gauza gutxi geratzen da gaur egun, eta hondakinen gainean tontor geodesikoa eraiki da. Horrez gain, ez da neurririk hartu izan eta etengabeko hondatze egoeran dago, landarediak erabat hartuta.

Gotorlekua babestua dago Espainiako Ondare Historikoaren 16/1985 Legearekin, besteak beste; eta horrez gain, Donostiako Udalean, Babestutako Eraikin eta Elementuen Katalogoaren barruan, hirugarren mailako babesa du.

HERNANDEZEN FUERTEA

Hernandezen fuertea Gudamendin dago (260 m). Bere izena Joaquin Hernandez Ingeniarien konpainiako kapitain liberaletik datorkio, fuertea eraikitzen parte hartu baitzuen. Hernandez 1875 urtean hil zen Muniaingo mendixkan. Ametzagainako fuertearekin batera eraiki zen eta lehenengo lerroko fuertea izan zen Karlistei aurre egiteko borrokan.

Fuertearen oina pentagonala zen eta lubaki batez (foso) inguratua zegoen. Denera, 3.592 m2-ko lur azalera okupatzen zuen. Bateria bat zuen Mendizorrotzi begira eta baita Oria bailarari begira ere. Barrukaldean, gutxienez, kuartel bat zuen gezileihoz osatutako hormekin egina eta baita beste eraikin bat ere ofizialek ostatu hartzeko.

1876 urtean, gerra bukatzean, Distrituko Kapitain Generalak agindu zuen fuertea ixteko, baina ez botatzeko. Hurrengo urteko uztailean, Karabineroei ematea erabaki zen. Berauek eraikin bakarra erabili zuten (ofizialek ostatu hartzeko erabiltzen zutena) eta beraiek eta beraien familiak bizitzeko izan zen. 35 urtez egon zen Karabineroen esku eta bitarte horretan, erabiltzen zuten eraikin horren oinarrizko mantenimenduaz besterik ez ziren arduratu. Ondorioz, gotorlekuaren gainontzekoa pixkanaka hondatzen joan zen. 1914an utzi zuten fuertea Karabineroek eta ordurako gotorlekuaren egoera penagarria zen.

Gaur egun, arrasto batzuk geratzen dira jabego pribatuko partzela batekin bat eginez. Bertan, ur depositu berezia dago, 1939 urtean egina dena. Itxuraz, dorre militarra dirudi eta fuertearen parte dela, baina ez du inoiz zerikusirik izan. Dorre hau, leku estrategikoan dago eta erraz ikus daiteke Donostia eta inguruko parajeetatik.

Gurutzeko dorrea

Kalbarioko edo Gurutzeko dorrea Gurutze-mendian (279 m) eraiki zuten eta Hernandezen fuertearen jarraipena zen. Dorre honen helburua zen Igeldoko kaskoa kontrolatzea eta bertatik fuertera gerturatu nahian zebiltzanei aurre egitea. Gaur egun ez da dorre haren arrastorik ageri inguruan.