Iturriak | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Iturriak

Mendien zorupean, leku ezberdinetan ateratzen diren urak ibiltzen dira. Iturri naturalak dira. Eta Igeldok ur-aberastasun handia du, zalantzarik gabe. Lurpeko sarean zehar doazen ur horiek ezinbesteko baliabide naturala dira bizitzarako, eta garai batean hemen bizi ziren herritarren hornidurarako balio izan zuten. Etxebizitzek ur korronterik ez zutenean, herritarrek iturriak eraiki zituzten eta baserri bakoitzak gertuen zeukan iturria erabiltzen zuen. Gainera, abereentzako uraskak eta gobara egiteko harraskak zituzten.
Igeldoko iturriek garrantzia berezia izan zuten bertako biztanleentzako, hiru funtzio betetzen zituelako: edateko edo hornidurarako erabiltzen zuten, abereentzako izaten zen eta horrez gain, gobara egiteko erabiltzen zuten.
Gobara egitea diru iturri bat zen orduan igeldotarrentzat. Bertako emakume asko eta asko aritu ziren Donostiako familiei arropa garbitzen. Maindireak izaten ziren, batez ere. Astoetan edo autobusean garraiatzen zituzten arropa horiek fardoak eginda.
 
Iturri horietako batzuek oraindik jarraitzen dute ura isurtzen, beste batzuk berriz, lehortu egin dira. Gehiago izan zirela badakigu, baina 8 inguru dira gaur egun aurki ditzakegunak. Eta horietatik gehienak ere, gaizki kontserbatzen dira, oso hondatuta daude eta birmoldaketa- eta mantentze-lanak beharko lituzkete. Jarraian, horietako batzuk.

DIN DIN ITURRIA

Igeldo herriko Arrokaldian (itsasoari begira dagoen alderdian)  Donostialdeko iturririk zaharrenetakoa dago: Din Din iturria.

Marabieta baserritik Amoene baserrirako bidearen behealdean dago, behiek bazkatzen duten larre baten ertzean. Azken baserri horretako lurretan dago, eta baserri hartatik du sarbidea. Harrigarria da Din Din Iturria: aipatutako bidearen azpian sortzen da ura, dena sastraka den inguruan eta bertako hareharrien artetik. Eraikuntza aparta da, harlanduz egina, baina ez hori bakarrik, arku gotiko zoragarri bat baitu erdian. Eta baoa ixten duten bi lauzetako batean, goikoan, lau lobuluz dekoratutako zirkullua. Harlanduak gainera, goialdean, zirkulu erdiko arku baten erreoikapenaz apaindutako frisoa darama eraikuntza osoaren erremate gisa.

Noizkoa da Din Din iturria? Rikardo Izagirre historialariak arkua Igeldoko San Pedro eliza zaharrarena zela zioen eta berritzerakoan paraje horretara eraman zutela. Besalde, Amoene baserria, 'Arcaizaga de Suso' XVI. mendean, dokumentatua dagoen Igeldoko zaharrenetakoa izanik, eta iturria haren lurretan dela kontuan harturik, iturriaren antzinatasuna aipagarria dela ondoriozta daiteke. Gaur, oso egoera tamalgarrian aurkitzen da altxor hori.

ITURRITXO ITURRIA

Iturritxo baserri-landetxearen lursailetan kokatzen da.  Hori horrela, iturriaren hondarrak ikusteko baimena eskatu behar da. Belardi zabal batean, itsasorantz abiatuta, ehun urteko pinu bat dago. Bertan, lurrak behera egiten du emeki-emeki, eta bidexka batek Iturritxo iturriaren hormetaraino hurbiltzen du bisitaria. Landaretzaz estalitako depositu handi bat ikusiko dugu, garai batean ura isurtzen zuena. Garai bateko argazkietan ikusi daiteke orain lurrez, belarrez eta goroldioz estalita dagoen harraska horretan nola ibiltzen ziren bertako emakumeak gobara egiten. Iturria XIX. mendekoa da.

Diotenez, Iturritxo iturriko ura Mendizorrotzetik zetorren, baina duela 25 bat urte kanpinaren ondoan zulatu egin zuten ura hartzeko, eta iturri horren akuiferoraino iritsi ziren. Ordutik emaria eten egin da.

LIZARDIKO ITURRIA

Gaur egun, iturri hau Lizardiko belardian aurkitzen bada ere, berez, errepide nagusiaren ondoan zegoen, orain autobus geltokia eta eskolarako sarrera dagoen inguru horretan. 1893ko uztailekoa dela jartzen du iturriak (inskripzioarekin). Monolito handi bat da eta harraska handi bat du irudi baten azpian, triangelu-formako sabaiarekin. Harrizko hesia ere badauka eta atzekaldean, banku bat. Aska bat ere badauka ezker aldean. Botoi bat erabiliz ateratzen da ura. Iturri hau da gaur egun, gehien ezagutzen eta erabiltzen dena.

TXULOTXO ITURRIA

Ameztiko etxebizitzak atzean utzi eta Marabieta bidean sartuta segituan dago. Txulotxo iturria oso zaharra da, baina gaur egun oraindik ura dauka eta nahiko ondo kontserbatzen da. Iturriaren harria Igeldoko harriz eginda dago. Mendiko ura nondik iristen den argi ikusten da. Hemengo ura ez da edangarria. Garai batean emakumeek gora egiteko erabiltzen zuten. Horretarako iturriaren ondoan gobarria dago.

ETUMEKO ITURRIA

Gudamendi bidean abiatuz, Etume bidegurutzeraino iristen da. Han, Etumera hartu eta 300 metrora, eskuinetara, errepidearen ertzean eta urbanizazioaren aurretik, ondo kontserbatutako Etume iturria agertzen da. Bi atsedenleku eta teilatu estalki bat ditu, dena egurrezkoa. Aska ere badu eta gobara egiteko lekua izan zen.

MARABIETAKO ITURRIA

Marabieta baserriaren ondoan aurkitzen da. XIX. mendeko bi harraska mantentzen dira. Txikia garbitegi gisa erabiltzen zen, eta handia abereentzako aska gisa. Beti ez du ura isurtzen, baina egun euritsuetan emaria izan dezake. Inguru honetan dauden baserriek erabiltzen zuten.

MENDI MENDIKO ITURRIA

Leku Ederren, Lasarmendi bideko zementuzko pista estua hartu, eta 450 metrora, lehenengo bihurgunean eskuinetara, beti ura duen eta iturri gisa gaituta dagoen erreka saltari eta zaratatsua ageri da. Kartel batean ikus daitekeenez, tratatzen ez denez, ez da kontsumorako egokia.