Landareak eta habitatak | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Landareak eta habitatak

ITSASLABARRAK

Igeldoko itsaslabarrak Mendizorrotz mendi osoan zehar zabaltzen dira kostarekin paraleloan. Igeldo-Mendizorrotzek iparraldean, Kantauri itsasoarekin egiten du muga eta hegoaldean Bilbo-Behobia autopistarekin (Usurbilgo lurrak). Mendebaldean Orio herria dauka eta ekialdean Donostia.

Igeldoko itsaslabarraren ezaugarri nagusia da Jaizkibel-Ulia-Mendizorrotz monoklinalaren jarraipena dela. Honek Tertziarioan du jatorria eta hareharria da nagusi. Itsaslabar malkartsuak dira, bertikaltasun handikoak.

Bertan dagoen landaredia, landaredi halocasmofitikoa da, hau da, gazitasunera eta substratu arrokatsuetara egokituta dauden espezieak dira; kasu honetan, inguru silizeora.

Itsaslabar hauek oso garrantzitsuak dira mehatxatutako espezieak babesteko egokiak direlako, baina azken urteetan azaldu diren espezie exotiko inbaditzaileek habitat hauen degradazioa eragin dute.

KOSTALDEKO TXILARDIAK

Itsasertzeko beste habitat aipagarriak kostaldeko txilardiak dira. Itsaslabarren atzean kokatzen dira, kosta guztian zehar zabalduz. Eta inguru batzuetan, Mendizorrotzeko mendebaldeko inguruan gertatzen den bezala, Schoenus nigricans espezieko padura edo zingira txikiak sortzen dira habitat honen dibertsitatea handituz.

Igeldoko itsaslabarretan eta kostaldeko txilardietan, mehatxatutako bi espezie hazten dira:  Iris latifolia eta Juncus acutus.

ERREKAK

Ipar-mendebaldeko errekak Naturaren Interes Gune bezala katalogatuta daude eta Arkumetegi eta Egiluzeko ubideek osatzen dute inguru hori. Bertan topatu ditzakegu honako bi garo paleotropikal: Woodwardia radicans espezie mehatxatua eta Stegnogramma pozoi interes handiko espeziea.

HALTZADIAK

Hego-ekialdean kokatzen diren haltzadiak (Gaztandegi eta Barrenetxe) Igeldo-Mendizorrotzeko haltzadi zabalenak dira. Hegoaldean daude eta Usurbil eta Igeldoren arteko muga naturala osatzen dute. Haltzadi honetan, Carex strigosa espezieko populazio bat dago eta Iberiar Penintsula osoan ezagutzen diren hiru populazioetako bat da, hain zuzen.

BASOAK

Baso autoktonoei dagokienean, orokorrean ez dago baso heldurik edo ale esanguratsurik duenik. Dena dela, ipar partean, Txategiko hariztia azpimarratzekoa da. Baso hau, ipar-mendebaldean kokatzen da, Agitiko inguruetan, eta dagoen zabalena, handiena eta ondoen mantentzen dena da Igeldo-Mendizorrotzeko iparraldeari dagokionean. Erreka, itsaslabar eta kostako txilardietatik gertu dago eta gune garrantzitsua da animali eta landareentzat.

AMEZTIAK

Mendebaldeko inguruak oso substratu azidoa du eta horrelako lekuetan, ohikoena ameztiak (Quercus pyrenaica) haztea da. Kasu honetan, basoak oso gazteak dira eta hariztiak Quercus robur espezieak dira nagusi. Etumetxabaleko ameztia aipagarria da eta bertan aurkitzen dira ezagutzen diren Igeldo-Mendizorrotz osoko artelatz (Quercus suber) bakarrak.

TXILARDI-OTADIAK

Txilardi-otadiak, batez ere, Mendizorrotzeko ekialdean kokatzen dira eta eremu zabala hartzen dute. Txilardi-otadi hauek eta zuhaiztiek korridore ekologiko gisa egiten dute lan espezie askorentzat eta hauek kontserbatzea oso garrantzitsua da. Bestalde, bertan aurkitu dezakegu honako espezie mehatxatua: Narcissus bulbocodium subsp. citrinus.

EGILUZEKO ESFAGNALA

Egiluzeko esfagnala oso habitat kaltebera da eta alterazio txikiek eragina dute bertan, hala nola, ur-bilketek, zapalketek, suteek... Habitat honek dituen ezaugarri berezien ondorioz, landaredi komunitate berezia hazten da bertan Sphagnum generoko goroldioekin batera eta baita Drosera eta Pinguicula generoko espezie haragijaleak ere.

HARIZTIAK

Bestalde, hegoaldean, Atlantikoko bailaretan aurkitu ohi ditugun habitatak dauzkagu. Bertako landaredi potentziala, izatez, hariztia Quercus robur espezieko basoa da, baina halako basoak desagertu egin dira eta orain abereentzako larreak eta harizti txikiak tartekatzen dira, erreka eta haltzadi batzuekin batera.