Harrobiak eta harriak | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Harrobiak eta harriak

Bere garaian sekulako garrantzia izan bazuten ere, eta Donostiako etxe eta eraikin esanguratsu asko Igeldoko harriarekin egin baziren ere, ez dago informazio askorik Igeldoko harrobien inguruan.

Igeldo eta Orioko kostan, hainbat harrobi zeuden; 26 harrobi behintzat azaltzen dira dokumentatuta, eta bertatik ateratzen zen harria hareharria zen.

Espainiako Errege Katolikoen erregealdian, 1489 urtean hain zuzen, Igeldoko harrobien aipamena ageri da dagoeneko. Eta esan bezala, bertatik atera ziren Donostiako etxe eta eraikin esanguratsuenak egiteko harriak: Atotxako Eskola Publikoak, Ondarretako kartzela, Victoria Eugenia, Prim kaleko eraikinak, Artzain Ona katedrala, Hernaniko elizaren parte bat, Udal Liburutegia, Bretxako merkatua, Diputazioaren Jauregia, Arte eta Ofizioen Eskola… beste hainbaten artean.

TESTIGANTZAK

Igeldoko harrobien inguruko informazioa lortzeko, harrobi haietan lanean aritutako hainbat hargin edota harginen lana gertutik ezagutu zutenak elkarrizketatu izan dira: Nicolas Martikorena Idiakez (1909 urtea) Melilla baserrikoa; Tomas Martikorena Olaizola (1911 urtea) Juandegi baserrikoa; Antonio Zendoia Garmendia (1931 urtea) Kamio baserrikoa; Martina Olasagasti Martikorena (1913 urtea) Bentaberri baserrikoa; Luis Irastorza (1931 urtea) Orioko Itxaspe baserrikoa; Agustin Lertxundi (1902 urtea) Orioko Andu baserrikoa; …

EZAUGARRIAK

Igeldo-Orioko harrobi horiek guztiak hareharrizkoak ziren eta bi motatakoak izan zitezkeen: harri bigunekoak “harbera” edo gogorrekoak “hargorra”. Lehenengoak eraikinak egiteko erabiltzen ziren eta bigarrenak zorroztarriak edo desterak eta espaloietako ertz edo bordilloak egiteko. Urdin edo berde kolorea izaten zuen harri gogorrak.

Harrobi bakoitzean, normalean, 3-5 gizonek egiten zuten lan; harrobi handietan gehiago izan ohi ziren.

Lanpostuetara goizeko 07:30-08:00ak aldera joaten ziren eta 12:00ak arte aritzen ziren. Ondoren, bakoitza bere baserrira joaten zen bazkaltzera eta 14:00etan bueltatzen ziren lanera. 18:00etan bukatzen zuten. Urruti edo beste herriren batean bizi zirenek inguruko tabernetan jaten zuten. Erramientak gordetzeko, txabolak eraikitzen zituzten edo harrobiak txikiak baldin baziren, bertako zuloren batean sartzen zituzten.

Eskariaren arabera egiten zuten lan beti, eta zorrozteko balio zuten harri pieza gehienak Legazpiko Patricio Echeverríaren industriara bideratzen ziren.

Zorroztarri edo destera handiak egiteko, egun bat behar izaten zuten eta txikien kasuan, egunean bi edo lau egiten zituzten.

Prezioei dagokienean, bordilloen kasuan, 14 pezeta balio izaten zuen metro lineal batek; eta eraikinetarako materialaren kasuan, 80 pezeta metro kubikoak.

Harginen soldatan ere, aldea izaten zen. Eta gerraren aurretik eta ondoren ere soldatetan aldaketak izan ziren: aurretik, 8-13,50 pezeta tartean kobratu zezaketen, egunean; eta ondoren, 35-50 pezeta tartean.

Askok egiten zuten lan Igeldo mendian, harrobiekin zerikusia zuten zereginetan: batzuk hargin bezala, beste batzuk gurdizain, zamaketari… eta antzekoak. Eta askok harrobiko lana baserriko lanarekin uztartu behar izaten zuten bizimodua atera ahal izateko.

Ohiko istripuak izaten ziren gorputz ataletako hausturak. Ez zuten babesteko ezer erabiltzen, ez betaurreko, ez amantal, ez eskularrurik. Dena dela, okerrena silikosi gaixotasuna zen, meatzariei eta harginei eragiten dien gaixotasuna. Harrobietako langile asko 50 urte inguru zituztenean hiltzen ziren erabat silikotiko.

Idi-parea erabiltzen zuten harrobiko harria garraiatzeko. Bi lagun aritzen ziren, bakoitza bere idi-parearekin. Harria Zapatariko kaxkoko bide bazterrean uzten zuten eta gero kamioietan kargatzen zuten. Garai batean, harrobitik ateratako materiala idietan jaisten zen Donostiaraino edo beste herriren bateraino. Zenbait kasutan, eta urteen poderioz gero eta gehiago, bezeroak beraiek etortzen ziren Igeldora eta kamioietan jasotzen zuten beraien materiala.

NOLA LANTZEN ZUTEN HARRIA?

Lehendabizi, piketaren bidez aztertzen zuten atera beharreko harria. Ondoren, harpikuarekin 10 zentimetroro zuloak egiten zizkieten eta beraietan ziriak sartzen zituzten. Ziri guztiak sartu ondoren, borra edo mailuarekin kolpatzen zituzten harri zatia erori arte. 12 kilo inguruko borra izaten zen. Batzuetan, polbora edo dinamita ere erabiltzen zuten harria ateratzeko. Harri gogorrarekin, batez ere.

Harria behin kanpoan zela, trintxetaren bidez gastatzen joaten ziren, beti ere beste hainbat erramientaren laguntzarekin: punterua, piketa, zinzela, metroa, konpasa eta eskuadra. Ondoren, bujardarekin errematatzen zuten lana. Horiez gain, palanka ere erabili ohi zuten harri handiak mugitzeko.

Polborak harria ebaki egiten zuen, dinamitak berriz, puskatu. Azken hau bi motatakoa izan zitekeen eta koloreen bidez bereizten zituzten: dinamita beltza eta dinamita gorria, aurrekoa baino fuerteagoa. Hernaniko burdindegi batetik ekartzen ziren 2 kiloko kajetan.

Bestalde, ez zituzten planoak erabiltzen. Nahi zituzten neurriak hartzen zituzten eta hortik abiatuta egiten zuten lan. Ondoren, plantillaren bat edo beste erabiltzen zuten, beraiek sortuak.

IGELDOKO HARROBIAK

Gorostidi

Juandegi baserriaren ezkerraldean zegoen, itsasoari begira. Hareharrizko harrobi handia izan zen. Hareharri gogorra lortzen zen bertatik, hargorra, kolore urdin edo berde antzekoa. Espaloietako ertzak edo bordilloak eta eskailerak egiteko oso harri egokia zen. Tamainari dagokionean, Igeldoko bigarren harrobirik handiena zen. Gorostidi baserriko Ezeizatar anaiena zen. 50eko hamarkada erdialdera abandonatu zen.

Txalin

Gorostidiko harrobiaren parean zegoen, 100 metro ingurura, Peruseko bidea hartuz. Igeldoko harrobirik handiena izan zen. Bi motatako harria ateratzen zen bertatik: beheko partetik harri “normala”, eraikinak egiteko; eta goiko partetik harri gogorra, zintarri eta eskailera edo koskak egiteko. Bere jabeak Arrillagatarrak ziren Bengoetxe baserrikoak.

Belabieta-Azpi

Txalinen jarraian zegoen. Harrobi handia zen eta bertatik ateratako harria eraikinak egiteko erabiltzen zen. 1932 inguruan abandonatu zen eta Belabieta baserrikoena izan zen.

Buztinzuri

Aurrekotik 200 metro ingurura zegoen eta bestearen jarraipena zen. Ondoan, izen bereko baserria zuen. Harri gogorra ateratzen zen bertatik, zintarri eta eskailerak egiteko egokia. Harrobi txikia zen eta 1945 urtean utzi zen. Buztinzuri baserriko Lizaso zen jabea.

Haitzaundi

Buztinzuriko harrobitik itsasalderako bidea jarraituz, kilometro batera, Haitzaundiko harrobia zegoen (Nikolas jatetxearen azpian). Txikia zen, baina kalitatezko hareharri normala eskaintzen zuen eraikinetarako eta zorroztarri edo desterak egiteko. 1948an abandonatu zen eta ordura arte Plazetxeko Iraolatarrena izan zen.

Muntegi

Harrobi handi honetatik hareharri bikaina atera zen Donostiako eraikin ugari egiteko. Haitzaunditik Perus alderako bidean 500  metro ingurura zegoen, Itxasbide etxearen aurrean. Muntegi baserriko Ezeizatarrena zen eta 1948 urtean bertan behera utzi zen harrobia.

Juandegi

Harrobi txikia zen eta izen bereko baserriaren gainean zegoen. Bertatik ateratzen zen eraikinak egiteko harria. 1920 urtean utzi zen harrobia. Olasagasti familiarena zen.

Ganbaretxe

Juandegi baserriaren eskuinaldean zegoen eta tamainaz txikia zen. 1945 urtera arte aritu ziren bertatik harria ateratzen eraikinak egiteko. Ganbaretxe baserriko Agirrezabalatarrena zen.

Marabieta

Marabietako harrobia Ganbaretxetik 500 bat metrotara zegoen, Marabieta baserriaren aurrean. Txikia zen eta 1935 urtean utzi zen bertan behera. Eraikinetarako atera zen bertatik hareharri normala. Marabieta baserriko Astiazaran familiarena zen.

Amezti

Ameztiko harrobia handia zen eta Amezti-bekoaren gainean zegoen. 1984 urtera arte hondar hautsa ateratzen zen matxakadora baten bidez. Hasierako urteetan, eraikinak egiteko harria ateratzen zen. Iraola familiarena zen, Amezti baserrikoena.

Aiztoki

Hareharrizko harrobi bikaina izan zen. Oso harri egokia ateratzen zen zorroztarriak egiteko edota eraikinetarako. Buena Vista jatetxearen azpian zegoen, Zingiretatik Amezti-bekorako bide ondoan, Zingiretatik 100 metro ingurura. Gorostidi baserriko Ezeizatarrena zen eta 1955 urtean utzi zen.

Arburu

Buena Vista jatetxearen aurrean zegoen eta Arburu baserriaren azpian. Tamainaz harrobi handia izan zen eta eraikinetarako harria ematen zuen. 1938 urte inguruan utzi zen bertatik harria ateratzea. Arburu baserriko Sansineneatarrena zen.

Amezti-goikoa

Izen bereko baserriaren azpian zegoen. Harrobi honetatik hareharri normala ateratzen zen eraikinak egiteko. Harri gehiago ateraz gero, gainean zegoen baserria erortzeko beldura zela eta, 1967 urtean utzi zen harrobia. Baserrian bizi ziren Urangatarrena zen. Ondoren, autobusen kotxera bezala erabili zen denbora batez.

Mendigain

Harrobi handia zen, Gudamendiko igoeran eta izen bereko baserriaren ondoan kokatua. Eraikinetarako hareharri normala ateratzen zen. 1971 urtean utzi zen harrobia. Plazetxeko Iraolatarrena zen.

Kuartel-azpi

Karabineroen kuartelaren azpian zegoen harrobi hau eta bertatik espaloi ertzak edo bordilloak egiteko harri urdina edo hargorra ateratzen zen. 1925ean utzi zen eta Bengoetxe baserriko Arrillaga familiarena zen.

Agiti

Agiti baserriaren azpikaldean zegoen. Oso harri gogorra zuen eta bertatik errotarriak ateratzen zituzten eta baita bordilloetarako harriak eta desterak edo zorroztarriak ere. Garai batean Igeldoko apaizarena zen, Iraisos izenekoa, eta bukaeran Agiti baserriko Alberditarrena.

1900 urte hasiera aldera, portu antzeko bat egin zen inguru horretan, harriak gabarretan edo barkuetan kargatzeko, baina berehala abandonatu zuten ez zelako batere errentagarria.

Tximistarri

Harrobi txikia izan zen eta bertatik eraikuntzarako hareharri normala ateratzen zen. Ia itsasertzean zegoen, Leku Eder hoteletik jaitsita. 1955 urtean utzi zen.

Gudamendi

Gudamendi hotelaren azpian zegoen (itsasaldera begira). Eraikuntzarako hareharri normala ateratzen zen.

Buena Vista

Izen bereko baserriaren azpian zegoen eta bertatik harri normala ateratzen zen eraikinak egiteko. 1945 urte inguruan utzi zen eta Buna Vista baserriko Zamoratarrena zen.

Iñaerreketa

Garai bateko karabineroen kuartelaren atzean zegoen. Harri normala eta bordilloetarako harri gogorra ere ateratzen ziren. Bengoetxe baserriko Arrillaga familiarena zen eta 1935 urtean utzi zuten.

Urdandegieta

Perus edo Juandegira joateko bidegurutze inguruan zegoen, Kuartel-azpi harrobitik 300 bat metrora. Kamio baserriko zendoiatarrena zen eta 1935 urtean utzi zen bertan behera. Destera edo zorroztarri ederrak ateratzen ziren bertatik.

Harrobi horiez gain, beste bat bazen Marbilen. Izen bereko baserriaren ondoan zegoen, Monte Igeldo atrakzio parkera sartzeko barreraren inguruan. Eraikuntzarako harri normala ateratzen zen. Eta horrez gain, beste lau zeuden Orioko lurretan: Itxaspe, Aldape, Lizarte eta Gurutze-Zelaieta.

 

Bibliografia:

  • Antxon Agirre Sorondo: “Los canteros de Igueldo”.
  • Ahotsak: Euskal Herriko ahotsak (ahotsak.eus)