Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo epealdiko postak ikusten: azaroa, 2021

Hainbat ekintza antolatu dira Euskararen Egunaren bueltan

Euskararen Eguna abenduaren 3a da, baina aurrea hartuta ospatuko da eguna aurten Igeldon. Hain zuzen, azaroaren 26, 27 eta 28ko asteburuan izango dira ekintzak. Azken urteetan bezala, umeentzako zine emanaldiak izango dira ostiralean. Larunbat arratsaldean, berriz, sexologia saioa izango da 12 urtetik gorako gazteentzat eta ondoren, Euskaldun Peto Lehiaketaren bigarren edizioa jokatuko da. Herriko lau talde ariko dira nor baino nor gehiago titulua eskuratzeko lehian. Igande eguerdian, urterokoa bihurtu den zunba saio irekia izango da eta arratsaldean, rap tailerra izango dute 10 urtetik gorako umeek La Basu rap abeslariaren eskutik.

Igeldoko olatu morea

Emakume batzuen ekimenari esker, martxoaren 8aren bezperan, eta egun horrek eman dezakeenari bakarrik ez eusteko, Igeldoko emakumeen izena duen talde bat sortu zen, emakumeek eta emakumeentzat antolatutako topaketetan parte hartu ahal izateko. Proposamena jaso orduko eman nuen izena, abagune ederra izan zitekeelakoan.
Elkartzeko arrazoiak askotarikoak izan daitezke: didaktikoak, ludikoak edo, besterik gabe, elkar ikusi eta hitz-aspertuak egiteko, besteak beste; laburbilduz, gure kezkak, ilusioak eta interesak partekatzeko eta edozein gairi buruz askatasun osoz, aurreiritzirik gabe eta erabateko konfiantzaz, hitz egiteko. Horrela aritu nintzen behintzat lehenbiziko saioan, lasai asko.
Horrela, lehendik ereindakoari jarraituz, aurrerantzean ere elkarlanean aritzeko gogoz eta ilusioz jarduten dute (hemendik aurrera, dugu), bakoitzak eman nahi eta ahal duenarekin. Uste dut asko dugula partekatzeko.
Elkar hobeto ezagutzeko eta harremanak sendotzeko baliatzen ditugun tarte horiek, dudarik gabe, saio emankorrak eta aberasgarriak dira niretzat; konplizitate giroan gustura aritzeko aukera ematen du, eta egindako orduak urriak izan diren sentsazioarekin amaitu dut. Oso adierazgarria da hori, ezta?
Gazteen freskotasunak, helduen esperientziak, guztiok dugu lekua, eta elkarrekin eta guztiontzako era konstruktiboan aritzeko gune ezin hobea dela iruditzen zait.
Nire ustez, Igeldoko olatu morea ez da azaleko apar soila; izan ere, urak duen indarraren antzera, gure indar kolektiboak mugiarazten gaitu, kalean aldarrikatzeko zein modu intimistagoan aritzeko.
Esker txaloa!

ATZERA BEGIRA: Zaharren Eguna

Argazki zaharren atalean, oraingo alean, herrian aspalditik ospatu ohi den “Zaharren Eguna” hartu dugu gaitzat. Gaur egun, Udazken Jaiaren barruan antolatzen da herriko jubilatuei egiten zaien omenaldia, baina garai batean “Zaharren Eguna” izenarekin antolatzen zen jaia. 1977 urtean ospatu zen lehendabiziko aldiz eta Auzolan elkartea izan zen antolatzailea. Ordutik urtero antolatu izan zen, 2005 urtean Udazken Jaiaren barruan antola­tzen hasi zen arte. Egitarauari dagokionean gaurkoaren antzekoa izan ohi zen hasirako urteetan ere: meza, hamaiketakoa, herri kirolak edo pelota partidua eta bazkaria. Bazkaria “catering” bidez antolatzen zen eta herriko leku ezberdinetan egin izan zen: Buena Vista jatetxean eta  Buena Vista azpiko lokalean, Harrobian, Calongeren sagardotegian, Guda­mendiko Txoko Berri jatetxean... 1993 urtean berriz herriko plazan egin zen bazkaria, karpa handi bat jarrita. Hasieratik izan zen herriko aiton-amona zaharrenak omen­tzeko ohitura eta hortaz aparte 65 urtetik gorako herritar guztiei oroigarri bat eman ohi zitzaien. 

Azken postak

Artxibategia

2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom