Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo epealdiko postak ikusten: urria, 2021

Azaroan elkartuko dira berriz Igeldoko Emakumeak

Orain artean bi topaketa egin dituzte eta zein baino zein oparoagoak izan direla adierazi dute Igeldoko Emakumeek. Hori horrela, elkartzen jarraitzeko asmoa dute eta hurrengo topaketa azaroaren 5ean izango dute (arratsaldeko 18:30etan) eta gai librean ariko dira, saioa dinamizatuko duen arduradunik ez baitzuten finkatu aurreko topaketan.
Azkena uztailaren 15ean egin zuten eta Maripili Sindromeari buruz aritu ziren hizketan, Maialen Aizpioleak eta Larraitz Dorronsorok dinamizatuta. Emakume izateak, egunerokotasunean zein lan munduan, sortarazten dituen beldurren inguruan jartzen du fokua Maripili Sindromeak eta guztien ideiak eta esperien­tziak elkartrukatuz hizketaldi eman­korra izan zuten bertaratu ziren emakumeek.

Hiru saski aukeran Errigorako kanpainan

Errigorako kanpaina berria martxan da eta hiru saski izango dira aukeran: saski beltza (55€), saski berdea (65€) eta saski zuria (75€). Eskaerak urriaren 23tik azaroaren 11ra bitarte egin behar dira eta eskaera orriak IKOn eta Txapelan egongo dira. Online ere egin daiteke eskaera: errigora.eus. Banaketa berriz, azaroaren 26an egingo dute 18:00etatik 20:00etara Kooperatiban.
Ohi bezala, saskien balioaren %25 Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzara bideratuko da.

Junta aldaketa eta beste hainbat kontu izan ziren Din-Dinen batzarrean

Irailaren 26an egin zuten urteko batzarra Din-Din elkartekoek eta 3 juntakide berri aukeratu zituzten. Itziar Uranga, Igor Agirre eta Jexux Albeniz dira 2 urterako konpromisoa hartu dutenak eta lehendik zeuden Begoña Gandarias, Ainhoa Aramendi eta Jesus Galindorekin batera ariko dira lanean. 2 urteko ibilbidea eginda juntatik atera direnak berriz: Mikel Arruti, Juanjo Barrondo eta Iñaki Ugarte izan dira. Lehendakaria Jexux Albeniz izango da eta idazkari lanean Ainhoa Aramendik jarraituko du.
Batzarrean ez zen jende askorik izan, guztira 15 pertsona inguru elkartu ziren eta honako gaien inguruan aritu ziren hizketan: Erretzeari dagokionez, Covid-19a dela eta elkarte osoan debekatua dago erretzea (pandemia hasi zenetik erabaki zen) eta beste urte batez berdin jarraitzea erabaki zuten batzarrean. Faltei dagokienez, kamarak jarri arren falta ugari izaten jarraitzen omen da eta gai hau serioago hartuko dela erabaki zuten, kamaren bidez garbaturikoa kontrolatzen hasiko dira. Bazkide batek, elkarteak ekintza gehiago antolatu beharko lituzkeela proposatu zuen eta ideia kontuan hartuko dutela adierazi dute juntakideek, osasun egoerak aukera ematen duen neurrian.
Diru kontuei dagokienean, balorazio positiboa egin zuten eta Udazken Jaiean, aurtengoan, bazkaria Catering bidez izango denez, elkarteak diru aportazio bat egingo duela erabaki zuten gastuak ordaintzen laguntzeko. Horrez gain, azaldu zuten Kooperatibari utzitako diru kopuruaren zati bat bueltan jaso dela.

Sari ugari lortu dituzte Longa baserrikoek

Irailaren 3tik 8ra Salamancan izan zen Joxe Angel Zendoia bere familiarekin. Bertan “Blonde de Aquitania” arrazako ganaduaren XIII. Espainiako Txapelketan parte hartu zuten eta sari ugari lortuta, gustora itzuli ziren etxera.
Salamanca kanpo aldean dagoen ferialekuan izaten da azoka eta blonda arrazako ganadu txapelketaz gain, Charolesen eta Limusinen Espainiako Txapelketa ere izaten da. Ganadu lehiaketez aparte, makinaria, janaria eta bestelako animalien (zaldiak, ardiak, txerriak, oiloak...) azoka ere izaten da. Longakoek, 11 bururekin parte hartu zuten eta guztira 98 buru izan ziren lehiaketan parte hartu zutenak, 15 sailetan banatuta.
Lau 1. sari eskuratu zituzten: Panpoxa (18-36 hilabeteko bigarak), Lastur (5 urtetik gorako behiak bere txahalarekin, A atalean), Greta (5 urtetik gorako behiak bere txahalarekin, C atalean) eta Rocky (12-24 hilabeteko idiskoak).
Bi 2. sari eskuratu zituzten: Odry (3-5 urteko behiak txahalik gabe) eta Jai (5 urtetik gorako behiak bere txahalarekin, B atalean).
Bi 3. sari eskuratu zituzten: Igeldo (5 urtetik gorako behia bere txahalarekin, C atalean) eta Rai (12-24 hilabeteko idiskoa).
Rocky idiskoarekin, “Txa­pel­dun Handiaren Erreserba” saria ere lortu zuten eta lehiaketako azken egunean izan zen subastan 2 idiskoak saldu zituzten.

Asteburu bikaina izan da Udazken Festaren baitan

Pasa den asteburuan Udazken Festa ospatu da Igeldon eta giro ederra izan da ekintza guztietan. Larunbat goizean, bizikleta saioa izan zuten umeek eta sekulako arrakasta izan zuen. Zirkuitu desberdinak eginez ibili ziren eskolako kantxan 3 urtetik hasi eta 12 urtera bitarteko umeak. Iluntzean, berriz, bertso musikatuekin gozatzeko aukera izan zen. Bertan, 45 herritar inguru elkartu ziren heldu zein ume. 

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom