Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo kategoria duten postak ikusten: Azaleko Nabarmendua

Errigorako produktuak eskatzeko aukera

Bat egin Errigora balioekin leloa izango du aurtengo udaberriko kanpainak. Errigoraren zutabeak baitira balio horiek: bertakoa izatea, euskara, auzolana eta nekazariarekiko bidezko harremanak.
Izan ere, kanpaina honetan eskainiko diren produktuek ‘errigora balioak’ identifikatzailea eramango dute; etiketak ziurtatzen du produktuak Nafarroako erdialdeko eta Erriberako jatorria duela, produktu hori elaboratu duen ekoizleak euskara normalizatzeko plana abian jarri duela eta garatzen ari dela, ekoizlea Errigorak antolatzen dituen auzolanetako partaide dela eta ekoizpenean erabiltzen den osagai nagusia landu duen nekazariarekiko harremana bidezkoa izan dela, bitartekaritzarik gabekoa, gertukoa eta elkarlanean oinarritutakoa.
Euskararekiko konpromisoa ekoizle talde osora zabaldu da, eta hastapenetan 5 ekoizle baziren ere, gaur egun 23 dira bat egin dutenak.
Beste berritasun bat ere izango da aurten, eta produktu berriak eskatu ahal izango dira: lekak kontserban, arroz integrala eta arbendolak.

Loiolako Hipikak Igeldon izango du jarraipena

Prentsan azaldutako albistearen ostean, Herri Kontseilua Loiolako Hipikarekin jarri zen harremanetan. Bertako arduradunek jakinarazi diotenez, Hipikak Igeldon izango du jarraipena. Muntozabal ondoan lortu dituzte lurrak, Gudamendi bidearen ondoan, eta leku aldatze lanetan ari dira orain. Beraien asmoa da lehenbailehen jarduera baimena lortzea udaletxean eta martxan jartzea: «Lizentzia eskaera aurkezteko lanean ari gara». Momentuz, kontsulta egin dutela eta zaldiak edukitzeko, ikuiluak jartzeko (desmontagarriak) eta pistako hondarra botatzeko ez dutela baimenik behar adierazi diote Herri Kontseiluari.
Loiolako kuartelen salerosketak eraginda, Hipikak Loiola utzi behar izan du. Hipikako instalazioak militarren lurretan zeuden eta orain militarrek lur horiek erabili nahi dituzte kuartel txiki bat eraikitzeko.

«Jabeei eskatzen diegu modu berean egiteko salerosketa»

Herri Kontseiluak gutun bana bidali die BOE etxeetako jabeei eta etorkizunean etxea saltzeko asmoa izanez gero, orain egin den modu berean egiteko eta harremanetan jartzeko eskatzen die: «Gogoratu behar da etxe horiek Kooperatiba baten bidez sortu zirela eta irizpide batzuk jarraituz egin zela etxeen banaketa, igeldotarrek lehentasuna izanik, besteak beste. Eta Kooperatibarekin batera, Herri Kontseiluaren papera funtsezkoa izan zen prozesu horretan. Orain, bide bat ireki da berriz hasierako printzipio horiek mantentzeko».
Gainera, lana egina dagoela eta beharra ere badagoela nabarmendu dute: «Igeldokoak diren edo Igeldorekin lotura duten eta Igeldon bizi nahi duten 27 lagun aurkeztu dira, hain zuzen».

Zozketaz aukeratu da BOE etxearen eroslea

Urtarrilaren 27an zozketa egin zuen Herri Kontseiluak Igel­doko Babes Ofizialeko Etxe­bizitza baten eroslea aukeratzeko. Zozketan parte hartzeko 27 herritar apuntatu ziren (lehentasun talde desberdinetan banatuta) eta zozketa bidez erabaki zen lehentasun hurrenkera. Orain, zozketan aukeratutako pertsonak BOE etxe bat erosteko baldintzak beteko ez balitu, zerrendako hurrengoarengana joko luke etxearen jabeak.
Zozketaren arrazoia gogorarazi du Herri Kontseiluak: «Etxebizitza horiek Kooperatiba baten bidez eraiki ziren eta horien banaketa zozketa bidez egin zen bere garaian, igeldotarrek lehentasuna izanik. Orain, etxebizitza horren jabeek hasierako baldintza berdinak errespetatuz egin nahi izan dute salerosketa Herri Kontseiluari horretarako duen zilegitasuna emanez».

Bueltan da Igeldoko mus denboraldia

Pandemia ondorengo lehenengo mus denboraldia izango da Igeldon. Otsailaren 10ean hasiko da Euskal Herriko Txapelketako saioarekin. Ondoren, ostiralero izango dira partidak martxoa bukatu arte. Martxoko azken hiru ostiraletan Lapa Txapelketa jokatuko da. Saio guztiak 21:30etan hasiko dira, Itsas Aurren. Bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu jokatzeko. Sariak honakoak izango dira: 1. arkume eta gazta bat; 2. bi txuleta eta bi botila ardo; 3. lau kilo kostilla eta bi botila sagardo; 4. bi oilasko. 

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom