Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo epealdiko postak ikusten: abendua, 2023

Espaloia, azkenean, sei hilabeteko epean

Aurten egingo zela esan arren, azaroaren 21ean onartu zuen Udaleko Gobernu Taldeak obra proiektua Igeldoko kaxkoa eta kanpina lotuko dituen espaloia egiteko. Orain, lanak lizitatu behar dituzte eta sei hilabeteko epean gauzatuko dituzte obrak. Aurrekontua 1.586.050 eurokoa izango da.

Igeldoko proposamenak ez dira aurrera atera

Donostiako Udaleko Partaidetzazko Aurre­kontuetan Igeldoko bost proposamen pasa ziren azken fasera; hau da, bozketa fasera. Azken fase honetan, ordea, proposamen bakar batek ere ez du nahikoa botorik lortu aurrera egiteko.
Bestalde, orain dela bi urte egindako kanpainan, hiru proposamen onartu ziren eta urte honetan egitekoak ziren: Pilotegi bideko beheko zatia asfaltatu, Pokopandegi bidea egokitu eta frontoian ura ez sartzeko lanak egin. Udaletik jakinarazi dutenez, lehenengo biak urte honetan egingo dira, baina frontoiko lanak datorren urtera atzeratuko dira.

Meteorologikora eta Añorgara bisita egin dute jubilatuek

Jubilatuek bi bisita egin dituzte azaroan eta horien berri eman dute.
«Askotan urrutira joaten gara, inguruko altxorrak ezagutu gabe. Azaroaren 15ean, Jubilatuen Elkar­tetik 25 pertsona joan gara Igeldoko Meteorologi Behatokia ikustera. Hau 1905. urtetik, Europako museo aktiboetako bat da, eguraldia eta itsasoaren gorabehera guztiak gordetzen baititu sistematikoki. Egunero, egunez eta gauez, haizea, hozberoa, hezetasuna, presio atmosferiko eta abar neurtzeko dauzkaten tresnen datuak jasotzen dituzte. Nahiz eta gaur egun tresna elektronikoak jarri dituzten, lehengo merkuriozko termometroen erregistroak direla fidagarrienak dio Margarita Martin AEMET Euskadiko zuzendariak. Abenduak 13an, asteazkena, Marga­rita Martinekin berriro gelditu gara. Oraingoan, Behatokiaren historia ezagutzeko hitzaldia emango digu. Margaritak adierazten duen jakinduria benetan interesgarria da».
Bestalde, Añorgako Rezola Museoa eta Eliza ikustera joan ziren. «25 pertsona joan gara azaroaren 8an. Museo hau Luis Peña Ganchegi arkitektoaren zuzendaritzapean 2000. urtean eraiki zuten, Rezola fabrika sortu zenetik 150. urtemuga ospatzeko. Añorgan, 1917an eraikitako Karmengo amaren parrokia ere ikusi genuen. Nahiz eliza berria izan, bertan artelan interesgarriak daude, Julio Beobideren bi eskultura eta gaur egungo margolan handi batzuk paretetan. Jarraituko dugu inguruak miatzen», adierazi dute.

Txangoak, bertsoak eta ospakizunak, hiruhilekoa bukatzeko

Eskolako lehenengo hiruhilekoa bu­ka­tzear da. Hiruhileko honetako proiektuaren izena honakoa da: Nor bizi da hemen? Eta izaki bizidunekin erlazionatutako lanak egiten ari dira.
Proiektuarekin lotutako txangoak ere egin dituzte. Gela guztiak Kristina Eneara joan dira tailer desberdinak egitera. Horrez gain, 2. ziklokoak musika emanaldi bat entzutera joan ziren Atotxara.
Beste irteera bat ere egingo dute 3. zikloko ikasleek abenduaren 12an. Bertso emanaldia ikustera joango dira Lugaritzera eta gai jartzaile lana egingo dute.

Miel Ero, Maritxu Saroi eta Don Martzelino Txisturen istorio beldurgarriak...

Agerian da, Gau Beltza indarra hartzen ari dela inguruko bazterretan. Aurten, Igeldon inoiz baino haur, gazte, guraso, heldu... gehiago elkartu ginen plazaren inguruetan. Programa oparoaz gozatzeko aukera izan genuen, urteko arratsalde eta iluntze beldurgarrienean. Hala esan eta hala izan zelakoan gaude, ilunabarreko 20:00ak inguruan garrasi galantak entzun baitziren herri inguruko txokoetan.
Arratsaldeko 16.30tarako hasi ziren plaza apainketa eta aurpegi margoketak. Ondoren, eskolako aretoan ipuin kontalariaren ahotik entzun ahal izan ziren istorio misteriotsuak.
Ondoren, hildakoen kalejirak beldurrarazi zituen inguruak. Denak mozorrotuta eta kandelak eskuan egin genuen plaza inguruan bira, aurrean musikatutako autoa genuela.
Gero etorri ziren beldurkeria handienak…..txikienek altxorraren bila zirraragarria izan zuten eta handienek… TXAN, TXAN TXAN… Miel Ero, Maritxu Saroi eta Don Martzelino Txisturen Istorio beldurgarri antzeztuez gozatu zuten. Bueno… gozatu edo… JA, JA JA!!! Istorioak plazan izan zuen hasiera. Ondoren, basora, zelaira, herriko karrika estuetara zabaldu zen. Susto eta garrasi izugarriak izan ziren. Bada haurrik gauean amets gaiztoak izan zituenik… ez da ez harritzekoa!!!
Azkenik, gaua borobiltzeko, hanburgesa ederrak DENONTZAT!!

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom