Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo epealdiko postak ikusten: abendua, 2023

Teknologiak euskaraz ikasi dezan, eman zure ahotsa!

Abenduaren 3an Euskararen Eguna izan zen eta egunaren bueltan hainbat ekintza antolatu ziren herrian. Horien artean, Gaitu proiektuari buruzko azalpenak eman zituzten antolatzaileek Itsas Aurren.
Gaitu proiektuaren helburua da adimen artifizialak edo teknologiak euskaraz egitea. Makinek euskara ulertu eta hitz egin dezaten, lehenengo irakatsi egin behar zaie. Horretarako, milaka ahots eta milaka grabazio behar dira euskaraz. Gaituren weborrian sartuz, grabazio horiek egiteko aukera dute herritarrek. Pauso horiek nola eman azaldu zuten, besteak beste. «Oso erraza da eta nahi duenak grabazio horiek egin ditzake mugikorrarekin. Sartu eta probatu: gaitu.eus».
Beste ekintzen artean, Simpsondarrak pelikula ikusteko aukera izan zuten umeek eta sukaldaritza tailerra ere egin zuten. Krepe eta fruta-brotxeta mundialak prestatu zituzten!
Igandean, Euskararen Egunean, Luze edo Motz bakarrizketaz gozatu zuten Itsas Aurrera bertaratutakoek. Gogotik egin zuten barre Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenaren ateraldiekin. Ondoren, kantu-jira egin zen jubilatuen eskutik.

Grebarekin bat, zaintzaren inguruko hausnarketa egin zen

Eguraldi txarra egin arren, azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorreko deialdiari erantzunez, hainbat herrikide elkartu ziren.
Goizeko lehen ordutan autobusak geratu zituzten, Igeldora zetozen langileei grebako informazioa eta gonbita luzatzeko. Jarraian, Itsas Aurren mahai baten inguruan kafea hartuz egitarauari hasiera eman zioten. Grebaren aldarriarekin bat eginez zaintza erdigunean jarri zuten, haren inguruan hausnartuz, baita dagoen krisia landuz ere. Ohikoa denez, bazkari eder batekin borobildu zen goiza eta indarrak hartu zituzten manifestaziora jaisteko.
Partaideen balorazioa oso positiboa izan zen eta aurrera begira elkartzen jarraitzeko gogoa adierazi zuten.

Igeldoko TET sortzeko bidean, Plenoaren onarpenaren zain

Igeldoko Tokiko Entitate Txikia sor­tzeko azken pausoak besterik ez dira geratzen. Urriaren 10ean Donos­tiako Udaleko Gobernu Batzordeak onartu zuen adostutako proposamena eta ordutik azaroaren 28ra bitarte alegazioak aurkezteko aukera egon da. Tarte horretan, ez da alegaziorik aurkeztu (Herri Kontseiluari azaldu diotenez) eta orain, Ple­noaren onarpenaren zain geratu da (urtarrila bukaeran izatea aurreikusten da).
Plenoaren onarpena jasotzean, herritarren txanda izango da. Galdeketa egingo zaie igeldotarrei. Emaitza ez da loteslea izango, baina bai garrantzitsua Foru Aldundiak erabakia hartzeko. Galde­ketaren ondoren, Foru Aldundiak erabakiko du Tokiko Entitate Txikia eratu edo ez.

Energia komunitatearen parte

Herritar talde batek bultzatuta, Igeldon energia komunitatea sor­tzeko urratsak ematen ari dira. Hain zuzen, abenduaren 1ean kooperatiba sortzekoak ziren. Horren aurrean, Herri Kontseiluak adierazi du proiektu hau gauzatu ahal izatea garrantzitsua dela. Horregatik, kooperatibako bazkide izan eta diru ekarpen bat egitea erabaki du. Aldi berean, herritar guztiei deia luzatzen die kooperatibako parte izatera: «Guztiok parte hartuz, Igeldo ere energia burujabetzara bidean jarri dezagun!». Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan energia komunitateko kideekin: igeldokoekb@gmail.com.

Kexak adierazi zaizkio Udalari autobusa eta Marabieta bidearekin

Igeldoko autobus zerbitzuaren inguruan kexak ugaritu dira azken hilabeteetan eta herritarrekin bilera bat egin zuen Herri Kontseiluak urriaren 26an. Bertan, Dbusi bilera bat eskatzea erabaki zen. Herri Kontseilua azaroaren 7an bildu zen Dbuseko arduradunekin eta herritarren haserrea adierazi eta arazoa konpontzeko eskatu zien. Alter­na­tiba desberdinak proposatu ziren bileran eta aztertzekotan geratu ziren Dbuseko arduradunak.
Abenduaren 11n izango dute hurrengo bilera. Dena dela, urrian nahiko ondo funtzionatu zuela eta azarotik aurrera autobusaren zerbitzua ona izango zela adierazi zuten Dbuseko kideek eta ordutegia beteko zuela. Hori horrela ez dela arrazoitzeko, Herri Kontseiluak inzidentziak erregistratzeari ekin dio eta herritarrek egunero eman diote kexaren baten berri.

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom