ONDITZ URRUZMENDI: «Nire helburua sprinera iristen diren karrerak lehiatu eta irabaztea da» | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

ONDITZ URRUZMENDI: «Nire helburua sprinera iristen diren karrerak lehiatu eta irabaztea da»

(0 iruzkin)

22 urteko txirrindulari igeldoarra da Onditz Urruzmendi. Afizionatutan, 23 urtez azpiko mailan dabil, Eibar Energia Hiria taldean. 2010 urtetik, infantil mailatik, txirrindularitzan dabil bere anaiak erosi zuen bizikleta bat tarteko (2011ko martxoko Orri Informatiboan elkarrizketa egin genion). Momentu honetan, karreterako denboraldian dabil eta denboraldia ezin hobeto hasi du, Zumaian jokatu zen aurreneko karrera irabaziz, hain zuzen.

Hasteko, zorionak. Zumaiako karrera irabazi zenuen otsailean, karreterako denboraldiko aurreneko lasterketa. Zer izan da zuretzat?
Bai, eskerrik asko. Beti da pozgarria lehen lasterketa irabaztea, gainera, aurreko urtea oso txarra izan zen. Nire aldetik dena jarri nuen, baina gauzak oso gaizki irten ziren eta urte oso txarra izan zen niretzat. Horregatik, Zumaian lehen postuan marra pasatzean, pisu handia kendu nuen gainetik. Lehenengo karrera zen, eta jakinda aukera asko ez ditudala izango urtean zehar, egun hartan aukerekin ikusten nintzen, maila ona neukala banekielako. Egia esan, karreraren egunean dena ondo atera zen eta orain arteko garaipenik garrantzitsuena izan da niretzat zalantzarik gabe. Jubeniletan lortutako pistako Espainiako txapelketen aurretik.

Hori ikusita, eta ondorengo karrerak kontuan hartuz, ze balorazio egiten duzu eta ze erronka dituzu aurrera begira?
Denboraldiaren hasierako zatirako, begiz jota 3 karrera nituen batez ere. Bat Zumaiakoa zen eta dena ongi atera zen, baina aukera asko eduki nezakeen beste karrera batean gauzak ez ziren nahi bezala atera eta karrera disputatzeko aukerarik gabe geratu nintzen, nahiz eta nire maila ona izan. Hirugarrena, Amorebietako lasterketa zen. Aurreko urtean 3garren amaitu nuen eta karrera disputatzeko aukerekin ikusten nintzen, baina ibilbidea aldatu eta gogortu egin zuten eta karrera disputatzeko aukerarik gabe izan nintzen. Orain, ez dut karrera egoki gehiegirik, baina aldapa gora ere maila txukuna ematen ari naiz, eta nire mailarekin oso gustura nago. Naizen korredore mota izanda, nire helburua sprinera iristen diren karrerak lehiatu eta irabaztea da.
Ondorengo karrerei begiratuta, apirila bukaeran Bizkaiako Itzulia daukagu, ondoren Bidasoakoa eta azkenik Nafarroakoa. Azken honetan, etapa lau bat dago eta bertan ahal den maila onenean egotea gustatuko litzaidake. Maila oso altua izango da bertan eta etapa laua disputatzea da nire helburua. Esan bezala, apirila bukaeran hasi eta maiatza bukaera arte konpetizio egun asko pilatuko ditugu.
Ondoren, itzuli horiek ematen duten forma aprobetxatzen saiatuko naiz ekainean dauden beste karreretarako. Honen ostean, geldialdi txiki bat egingo dut ekaina bukaeran. Indarrak hartu eta abuztu erdialdean, batez ere, eta iraileko azken karreretan, berriz ere forma onean egotea espero dut denboraldia ondo amaitzeko. Izan ere, abuztuan sprinera iritsiko den karreraren bat izango da.

“ Nafarroako Itzulian
etapa lau bat dago eta
maila oso altua izango den
arren, etapa disputatzea da
nire helburua ”

Aurretik, pistako denboraldia izan duzue. Zer moduz joan da?
Nik betidanik lehiatu dut pistan eta gaztetan emaitza onenak bertan nituen, batez ere pistan zentratu nintzelako. Hala ere, aurten asmo garbia nuen nire prestakuntza errepideari begira egingo nuela ahalik eta forma hoberenean, eta hortaz, pista, karretera prestatzeko erabili dut. Leihaketa guztiak ez ditut egin eta egin ditudanak karreterako prestakuntzaren barnean. Beraz, pistako denboraldia nahi nuen bezala joan zen, pixkanaka karreterarako forma lortuz eta ezusteko inongo arazorik gabe.

Orokorrean ze asmo duzu txirrindularitzarekin?
Txirrindularitzarekin nire ametsa profesionaletara pasatzea izan da txiki-txikitatik. Aurten, nire 23 urtez azpiko azken urtea da eta profesionaletara pasatzeko aukerarik ez badut, ez dut uste bizikletan jarraituko dudanik. Zaila da profesionaletara pasatzea, azkenean txirrindulari asko gaude eta leku gutxi, baina esperantza inoiz ez da galdu behar. Beti ere dauden aukerak kontuan izanda eta pasatzeko aukerarik edukiko ez banu, nire bizitzako beste etapa bat hasiko zen.
Euskadiko Federazioak 26 urte arte konpetitzeko aukera ematen du, hortaz, elite mailan jarraitzeko arazorik ez dago. Adinarengatik afizionatutan jarraitzeko inolako arazorik ez nuke izango, baina gaur egun behintzat ez dut elite kategorian lehiatzen ikusten nire burua.

“ Profesionaletara
pasatzeko aukerarik ez
badut, ez dut uste
bizikletan jarraituko
dudanik ”

Esan liteke zure ezaugarriak kontuan hartuta, sprinter eta errodatzailea zarela?
Bai, betidanik izan naiz txirrindulari azkarra eta ordekan ere ondo moldatu izan naiz. Hala ere, aurten inoiz baino hobeto sprintatzen ari naiz. Nire pisua dela eta, kosta egiten zait aldapa gogorretan aurrean ibiltzea, baina formaz ondo nagoenean nahiko maila txukuna daukat aldapa gora, eta taldetxoak iristen direnean helmugara, tartean iristeko gai ikusten naiz.

Euskal Herrian ezaugarri horietako txirrindulariak gutxiago baloratzen dira. Hemen, igotzaileak eta itzulietan ondo ibiltzen direnak baloratzen dira. Zure ezaugarriekin, Euskal Herrian beharrean, Europa iparrean jaio izan bazina, aukera gehiago izango zenituzkeela iruditzen zaizu?
Egia da nire perfileko txirrindulariak ez garela askotan behar bezala baloratuak, kasu askotan baita bertako taldeengatik ere. Horrek arazo bat ekartzen du: jende azkarra badago hemen ere, baina karrera gehienak gogorrak izanda, sprinter horiek eskalatzaile bihurtzera behartuta ikusten dira. Eta pena bat da, azkenean, apenas dago karrerarik sprinera iristen denik hemen. Horrela, profesionaletan ere ez da ia sprinter edo ordekan ondo ibiltzen den euskadunik ikusten. Zoritxarrez, afizionatutan perfil hori duten txirrindulariek askotan ez dute destakatzen eta pasatzeko aukerarik ez dute izaten.

“ Apenas dago karrerarik
sprinera iristen denik
hemen. Profesionaletan ere
ez da ia sprinter edo
ordekan ondo ibiltzen den
euskaldunik ikusten ”


Argi dago, lekuaren arabera karrerak asko aldatzen direla eta korredore perfilagatik hala beharko lukela. Hala ere, oso zaila da jakitea beste nonbait jaioz gero nolako bilakaera izango nuen. Argi dudana da gustatuko litzaidakela Europa iparraldeko beste txirrindularitza mota bat ezagutzea. Korritzeko oso modu ezberdina izaten da eta perfilak ere oso desberdinak dira hemengoekin. Hala ere, esan beharra daukat 23 urtez azpiko kategorian aritzen garen txirrindulariok hemen kalendario oparoa izaten dugula, konpetizio egun askorekin.

Bukatzeko, entrenamenduen ondoren beti Igeldo igo behar eta sprinterra izan. Ez al da paradojikoa?
Bai, gauza arraro samarra da. Batez ere, entrenamenduak amaitzerako orduan nabaritzen da. Ohikoena, entrenamenduaren amaierako minutuak lasai egitea izaten da, hankak askatzeko, baina Igeldo igo beharrak ez dit uzten nahi bezain lasai hankak askatzen. Hala ere, gehienetan oso lasai egiten dut etxerako igoera eta ez da hainbesteko arazoa izaten. Okerragoa izaten da euria eta hotza egiten duen egunetan aldapa behera ateratzea entrenatzera, erabat hoztuta geratzen zara eta.

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom