EUKEN OSTOLAZA ZAMORA TENOREA: «Taula gainean rol bat antzezteak zoriona ematen dit» | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

EUKEN OSTOLAZA ZAMORA TENOREA: «Taula gainean rol bat antzezteak zoriona ematen dit»

(0 iruzkin)

Gabonak eta kantua elkarrekin lotuta doazela ezin uka dezakegu eta aspalditik burutan genuen elkarrizketa bat egiteko aprobetxatu dugu. Euken Ostolaza Zamora (1961, Igeldo) tenorearekin hitz egin dugu. Euskal Herrian topatu dugu, aldakatik operatu berri, bajan, «oporretan». Esker onez hartu gaitu eta abegikor erantzun. Gustuko du hitz egitea eta gai desberdinen inguruan du ze esana: musika, kultura, euskara, politika... aho bizarrik gabe hitz egiten du gainera. 28 urterekin joan zen Frantziara. Parisen bizi da duela 31 urtetik, baina ahal duenero etortzen da Euskal Herrira. Atotxan dauka etxea, Tabakalera ondoan. 60 urte, baina nerabe baten bihotza omen du. Ezkondu ere martxoan egin zen.

Has gaitezen zure musika ibilbidearekin.
Igeldon eman nituen lehenengo pausoak. Bi mojak ematen ziguten eskola. 1965-1966 urteetaz ari naiz, frankismo garai bete betea, erabateko jarrera antibaskoa zegoen garaiaz. Sor Bernardita zen moja horietako bat eta kantak euskaraz irakasten zizkigun. Oso gustura egoten nintzen harekin. Grazia berezia zuen gainera, pinpilinpauxak bezala erabiltzen zituen eskuak. Gaztea zen eta oso polita, maiteminduta bezala nengoen eta zeruan egoten nintzen harekin. Oso gustuko nituen klase haiek.
Eta Don Martzelino Arrazola apaizari ere asko zor diot.

Beraz, Don Martzelinok ere izan zuen zerikusia.
Hark irakatsi zidan solfeoa. Oso zakarra zen, baina bihotz onekoa. Igeldo goitik behera ezagutzen zuen eta etxez etxe joaten zen bere beharra zuten guztiengana. Ezin zuen onartu inor hiltzea bere bedeinkazioa jaso gabe. Kohesio handiko gizona izan zen. Euskotarra, euskal kulturzalea zen. Eta berarekin batera Don Fabian Loidi ere bai. Nazionalistak ziren, euskaltzale amorratuak eta garai hartan Igeldora bidaltzen ziren apaizak erbesteratutakoak ziren. Aipatzekoa da garai hartan, frantsesa bakarrik irakasten zen garaian, Don Martzelinok ingelesez ematen zituela mezak kanpinera etortzen ziren atzerritarrentzat.
Belaunaldi hartan hiru mutilek kantatzen genuen mezetan. Jon eta Joxe Mari Ganboberriko anaiek eta nik. Bi ahots eder ziren haiek eta nik inbidia sanoa nien. Gustatu egiten zitzaidan eta abestu egin nahi nuen. Horrelaxe sartu nintzen mundu horretan konturatu gabe.

A ze garaiak!
Beste anekdota bat ere aipatu nahiko nuke. Urtero, Igeldoko festetan, San Pedro egunean, Donostiako Udal Banda etortzen zen eta kontzertu eder bat eskaintzen zuen euskal kantuekin bakarrik. 40 bat aulki jartzen zituzten plazan eta ez zuen ia inork entzuten. Gure aitonak soinua jotzen zuen eta musikazalea zen. Gogoratzen naiz urte batean kontzertua entzuten geundela aitona altxa egin zela eta joan egin behar genuela esan zigula. Ez zuen gu besteetatik bereiztea nahi. Eta nik ez nuen ulertzen zergatik joan behar genuen, ikusi egin nahi nuela esaten nion. Oraindik ez dut ulertzen horrelako kontzertua eskaini eta inork ez baloratzea.

Bueltatu gaitezen musika ibilbidera. Kresala dantza taldean ikasi zenuen txistua jotzen, ezta?
Bai, han ikasi nuen txistua jotzen Jose Inazio Ansorenarekin, baina ez hori bakarrik. Musikaz gain, espainola, euskara, antzerkia... ere ikasi nituen. Gainera, oso txarra nintzen antzezten, inhibizio ikaragarria nuen, uzkurra nintzen eta uzkurtasun hori galtzen lagundu zidan. Oso pertsona garrantzitsua izan da nire bizitzan eta orokorrean, balio handiko pertsona. Fundatzailea, langilea, beti laguntzeko prest... entziklopedia bat!
18 urterekin hasi nintzen Kresalan eta 26 urte bitarte ibili nintzen. Bidai asko egin genituen Europan barna.
Baina Igeldon hasi nintzen txistulari bezala nire anaia Iñakirekin.

Igeldon aritu zineten Iñaki eta biok txistulari?
IZPI BERRI Dantza taldean. Zenbait aldiz Herriko Festetan ospatzen den AURRESKUA guk jotzen genuen. Ni Frantziara joan ondoren, askotan Iñakik bakar-bakarrik jotzen zuen... AURRESKU LUUUUUUUZEAAAAAAAAA! Eta zenbat OLENTZEROtan irten garen etxez-etxe abesten!

Diputazioan lan egiten zenuela, Orfeoi donostiarran ikasten hasi zinen abeslari izateko.
21 urterekin, Diputazioan lanean nenbilela, Orfeoi donostiarrean sartu nintzen. 28 urtera bitarte ibili nintzen bertan eta Isabel Alvarez irakaslea nabarmendu nahiko nuke. Orain, Kanarietako Las Palmasen dago, hango musika kontserbatorioko irakaslea da.

Eta Frantziara joan zinen ikasketak bukatzera.
Erdi Aroko musika, berpizkundeko musikan espezializa­tzeko joan nintzen Frantziara eta kontratenore moduan hasi nintzen, baina tenore bezala lana errazago atera­tzen zen eta nire ahotsak erabaki zuen tenore izatea.



Ordutik han egiten duzu lan eta han bizi zara. Estrasburgoko eta Parisko operatan aritu izan zara, besteak beste.
Estrasburgoko operan ibili nintzen bi urtez eta ondoren Parisko operan titular hiru urtez. Gainera, aho batez hartu ninduten! Harrokeria izango da, baina oso zaila da aukeratua izatea eta aipatzekoa irudi­tzen zait. Oso pieza zailak aukeratu nituen, arriskatu egin nin­tzen. Gaur egun ez dakit halakorik egingo nukeen. Egia esan, oso egun ona izan nuen. Tartean euskal pieza bat ere abestu nuen: Usandizagaren Mendi-Mendiyan.

Parisko operatik Frantziako Irrati Nazionaleko abesba­tzara. Zergatik?
Parisko operako lana asko gustatzen zitzaidan, baina akats bat bazuen: askatasun falta. Bai Euskal Herrira etortzeko bai bakarlari gisara lan egiteko. Ez zegoen aukerarik. Beste lehiaketa bat atera zen, aurkeztu egin nintzen eta ordutik bertan nago. Le Choeur de Radio France izena du. 21 urte daramatzat abesbatzan.

Ez zen erraza izango erabakia hartzea.
Parisko lana oso polita zen. Eszitagarria. Astean lau aldiz taula gainean nengoen. Baina prezioa zuen: askatasuna galtzea. Han jarraitu izan banu, nire ama gaixoa hilko zen nire laguntza jaso gabe. Eta hala ere, argi dago ni izan nin­tzela gutxien lagundu zuena. Oraingo lan hau intelektualagoa da, ez hain artistikoa, baina askatasun gehiago dut.

Nolakoa da abesbatzako lana?
Bi orkestra dauzkagu eta sinfoniazko emanaldiak eskain­tzen ditugu normalean. Oso errepertorio zabala daukagu: Beethoven, Brahms... denetik. Euskarazko abestiak ere bai. Euskarazko piezek abantaila ikaragarria daukate oso errazak direlako abesteko. Eta zenbat alditan entzun ote dugun euskara ikastea zaila dela! Bada, behin S eta Z bereizten ikasita, oso erraz abesten dira. Pentsa errusieraz, txekieraz, japonieraz... Eta beste hainbat hizkuntzatan abestu behar izaten dugula. Euskarak ez du inongo zailtasunik.
Antzokietan abesten dugu jende aurrean. Gure emanaldiak beti grabatu egiten ditugu eta irratian eskaintzen ditugu. Horrez gain, urtean behin, benetako Opera bat grabatzen dugu taula gainean. Batzuetan bi ere bai.

Aparteko opera, kontzertu eta gainerakoetan ere kantatu izan duzu. Oraindik jarraitzen duzu?
Bakarlari gisara iristen zaizkidan eskaintza guztiei baiezkoa esaten diet. Orain errezitalak dauzkat pianista batekin. Parisko konpainia batekin ere banabil eta soprano japoniar batekin abestuko dut pieza bat. Maiatzean dugu emanaldia. Horrez gain, Donostian ere badaukat talde txiki bat Ortzian izenekoa. Orfeoi donostiarrean ibili nintzenean ezagutu nituen lau kiderekin osatu nuen taldea. Bosgarren kide bat ere badugu akordeoia jotzen duena. Nik arpa jotzen dut, besteak beste.

Nolako emanaldietan sentitzen zara erosoena eta osatuena?
Taula gainean, rol bat egin behar dudanean. Asko zabal­tzen dit bihotza horrek, zoriona ematen dit. Garai bateko inhibizio horiek garatu ditut eta orain alderantziz gertatzen zait, asko gozatzen dut taula gainean. Dena gustatzen zait: zarzuela, opera... Eta gustatuko litzaidake kabareta egitea euskaraz, umorezko zerbait, euskal talde batekin. Buruan dudan proiektuetako bat da.

Euskadi Irratian ere kolaboratzen duzu. Zer moduzko esperientzia?
Esperientzia oso polita. Manu Etxezorturekin hasi nin­tzen Faktorian eta azken 5 urteetan Gorka Otaegirekin ari naiz. Udaran izaten da, 20 minutuko saioa. Aukeratzen dudan abestiaren testuingurua kontatzen dut, abestiaren zati esanguratsua itzuli, ideia poetikoa kontatu, mundu poetikoa azaldu... Karta txuria daukat, nahi dudana aukeratzen dut, eta pila bat gozatzen dut. Urtero desiratzen egoten naiz azkena izan ez dadin.

Dakigunez, ahal duzun guztietan bueltatzen zara Euskal Herrira. Ez zara guztiz frantsestu?
Bai, bai, erabat frantsestua nago. Parisen bizi naiz eta paristarra naiz. Frantzia asko maite dut. Baina oso euskotarra ere banaiz. Zenbat eta frantsesagoa orduan eta euskaldunagoa. Eta alderantziz.
Azalduko dizut zergatik: Estrasburgora joan nintzenean Alsaziera ikasi nuen. Eta lehenengo egunetik ikasi nituen oinarrizko hitzak esaten. Nire lankideek ezer ere ez. Nire anaia ere Amsterdamen egon zen denbora batez eta nederlandera ikasi zuen. Euskaldunok bihotza irekia daukagu beste kulturekiko, beste hizkuntzen aurrean. Errespetuz jokatzen dugu. Horregatik diot zenbat eta euskaldunagoa, orduan eta munduko hiritarrago sentitzen naizela; irekiagoa.

Zenbatero etortzen zara?
Hilean behin gutxienez etortzen naiz eta astebete igaro­tzen dut hemen. Gure lanbidea artistikoa da eta aldakorra da. Kontzertu bat ematekoak baldin bagara, egunero egiten dugu lan, baina behin kontzertu hori pasata, libre egoten gara. Gainera, gertatu daiteke kontzertuko taldean ez sartzea, orduan, bi aste ere izan ditzakegu jai. Adinean gora zoazenean ere, kontzertuak gutxitzen doaz, gazteagoei ematen zaie lana. Azken urtean, adibidez, gauza bat eta beste, ia urte guztia hemen igaro dut. Egia da baita ere, nire lana asko gustatzen zaidala eta askotan bolondres ere parte hartzen dudala kontzertuetan.

Pentsatu izan al duzu Paris utzi eta hemen bizi­tzea?
Hontaz gero ez naiz aldatzen hasiko eta lan bila hasiko, jubilatzeko ere gutxi geratzen zait eta. Baina jubilatzean bai, dudarik gabe Euskal Herrira itzuliko naizela.

Nola ikusten duzu hemengo musikagintza?
Musika mundua asko garatu da ni joan nintzenetik. Azpiegitura aldetik asko garatu da bai Euskal Herrian eta baita Donostian ere. Musika Eskola asko sortu da eta Musikene ere hor daukagu. Ni joan nintzenean baino osatuago dago alde horretatik eta asko hobetu da egoera.

Noizbait Igeldon abestu izan duzula badakigu. Oroitzapenik baduzu?
Aspaldi abestu nuen Igeldoko elizan Orfeoi donostiarreko Sine Nomine taldearekin. Aspaldi izan zen, baina oroitzapen onak ditut. Eta orain berriz, Gabon hauetan kon­tzertu bat eskaintzekoa nintzen Ortzian taldearekin. Parrokoak baiezkoa esan zigun, baina azkenean gu izan gara ezin izan dugunak. Datorren urterako utzi dugu, udaberrian edo Gabonetan eskaintzeko asmotan geratu gara.
Elizarekin lotuta, harro egoteko bi kontu badauzkagu eta horiek ere aipatu nahiko nituzke. Alde batetik, koroa konponduta daukagula aspaldiko partez. Eta bestetik, Igeldoko eliza Donostiako elizarik antigualena dela, altxor bat daukagula.

Mantentzen duzu, beraz, Igeldorekin lotura.
Lotura mantentzen dut bai. Noiznahi Leku Ederren izaten naiz eta berriki izeba Maitere hil zaigu, oso maitatua zena, eta oraintxe hilobiratu dugu Igeldoko hilerrian. Horrez gain, atxikimendu hori beti dago presente nigan.

Bukatzeko, gure hizkuntzaz eta gure kulturaz zer esana baduzu... Bota!
Herri ultra-kolonizatu honetan, konplexuak alde batera utzi eta gure kulturarekiko zabartasuna, jatorkeria (euskaraz dena balekoa da!), konformismo eta duintasunik eza (belarriak jaitsita askotan ibiltzen gara!) alde batera utzi eta aurrera egiteko garaia bada! Lau katu gara euskal kultura errotik, familiaz ezagutzen dugunak. Libra, aska gaitezen.
Gure aurrekoek frankismoan jasan izan zuten "tú, caser@ cállate" oraindik oso sartua dago gure herriaren subkonszientean... Ezker eskubiko antibaskoak beti daude elkarturik, gu aldiz sakabanatuta. Ikusi besterik ez dago ETB 1eko euskararen kalitate kaxkarra!
Aska gaitezen! Adibidez oso interesgarri litzateke aldizkari honetan Igeldon ematen diren euskararekiko jarrera txar guztien berri ematea etab. etab.

MOTZEAN
Igeldoko gustuko txoko bat?
Orain oso presente daukat eta Igeldoko hilerria esango dut.Oso hilerri ederra da.
Igeldoz kanpoko beste bat?
Italia, non-nahi.
Gustura entzuten duzun abesti bat?
Haurtxoa sehaskan abestiaren lehenengo bertsioa. Eresoinka taldearekin Pepita Enbilek abesten zuena (Placido Domingoren amak).
Abesteko gustoko duzun kanta bat?
Bilintxen Behin batean Loiolan, baina zortziko modura abestua. Askotan abesten dut.
Musikaz aparteko beste afiziorik?
Arkitektura, euskara (pasioa) eta literatura. Axularren Gero irakurtzen ari naiz eta Edorta Jimenez idazlea asko gustatzen zait.
Nolakoa da Euken?
Prokrastinatzailea naiz. Beti geroko uzten ditut gauzak eta Axularren Gerok asko lagundu dit. Gauzak ez dira geroko utzi behar.

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom