Arantza Egaña eta Iñigo Aranberri: «Herri txiki batek bezala funtzionatzeko bidea ematen du» | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Arantza Egaña eta Iñigo Aranberri: «Herri txiki batek bezala funtzionatzeko bidea ematen du»

(0 iruzkin)

Ekainaren 27an Itziarko Auzo Udalaren esperientzia lehen eskutik ezagutzeko aukera izan zen Igeldon. TET Batzor­deak antolatuta, hitzaldia eman zuten Arantza Egaña Itziarko alkateak eta Andoni Aranberri Auzo Udalaren sorrera prozesuan ibilitakoak. Beraien prozesuaren nondik-norakoak azaldu zituzten eta Itziarren Auzo Udala eratu izanak ekarri dizkien onurak azpimarratu zituzten.
Egañak argi utzi zuen Entitate Txikia herri txiki batek bezala funtzionatzeko bidea ematen duen tresna dela. «Gu Debarentzako periferia gara. Itziar da el marco incomparable bertara joateko eta zelako dotorea den goraipatzeko, baina gero inbertsioak egiteko orduan eta zerbitzuak eskaintzeko orduan azkenekoa da ze Deban ardurarik handiena plaiarekin dago. Eta ez dira iristen landa eremura. Honek hurbiletik hori dena lantzeko bidea ematen du eta askoz ere zerbitzu hobea eskain­tzeko herritarrei. Nahiz eta Auzo Udal izan eta udalerriz Debako parte izan».
Bestalde, nahiz eta hasierako beldurrak beldur, honek ez duela ezer apurtzen gaineratu zuen: «kudeaketa eredu bat besterik ez da; zure zerbitzuak, zure eraikinak kudeatzeko tresna bezala ulertu behar da. Lurrek Debakoak izaten jarraitzen dute. Jendea konturatu da ez dugula inongo fronterarik jarri. Jarraitzen dugu lanean berdin eta Debako kalean ez dute igarri gu Auzo Udal garela. Eta, aldiz, Itziarren bizitza kalitatea hobetu egin da. Eta noski, hori Debarentzat ona da bertako parte garen heinean».
Bi aldeek jasotzen duten onuraren adibide bat ere azaldu zuen: «landa eremuko bideak konpontzeko, Diputazioak deialdia egiten duenean, udalerri bakoitzak 35.000 euroko topea dauka, aurkezten dituen bide kopurua kontuan izan gabe. Orain, Debak aurkezten ditu bere bideak eta Itziarrek ere bereak aurkezten ditu».

Itziarrek erabaki zertan gastatu
Formula baten bidez kalkulatzen da Itziarri zenbat dagokion Debako aurrekontutik. 2021 urteko aurrekontua 1.090.562 eurokoa izan da. Itziarrek jasotzen du diru kopuru hori eta Itziarrek erabakitzen du zertan gastatu. Debako aurrekontuaren %13 inguru dagokio Itziarri eta Auzo Udala izan aurretik, 20 urtetan %3 bakarrik inbertitu izan zuen Debak Itziarren.
Horrez gain, diru laguntza deberdinak lortzeko aukera du Auzo Udal batek eta 6 urtetan 500.000-600.000 euro inguru lortu izan ditu Itziarrek diru laguntza desberdinetatik.
Itziarko Auzo Udalak bi legegintzaldi daramatza mar­txan, baina lehenengo legegintzaldia benetan zailtasunez betea izan zuten Debako Udalak adostutakoa bete­tzen ez zuela eta. Azken legegintzaldian ari dira pausoak ematen. Dena dela, arazoak arazo, beti aurrera jarraitu dute lanean. Auzo Udalak funtzionatzen zuela erakutsi dute eta gomendio hori eman zieten igeldotarrei.

Instituzio baten indarra
Kokapen instituzionala lortzeko lan egin dutela adierazi zuten: «Guk nahi izan dugu erakunde edo instituzio horri indarra eman. Gu segregazio prozesu batetik gatoz. Badugu herri txiki baten nortasun hori eta lan egin dugu kokapen instituzional hori lortzen. Ahalegina egiten dugu inguruko herri txikiekin harremantzen eta elkarlana bultzatzen. Aldunditik ere kontuan hartzen gaituzte inguru honetara baldin badatozte. Deialdiak guk jasotzen ditugu zuzenean».
Horrez gain, erakunde izanik, Auzo Udalak beste indar bat ere baduela azpimarratu zuten: «Esaterako, Debatik Arau Subsidiarioen aldaketa dator. Eta hor etxebizitzen gaia daukagu eztabaidagai Itziarren aspaldi ez baitira etxeak egin. Nahiz eta berez, auzo udalaren eskumena ez izan, kontuan izan behar gaituzte. Bai ikusten duguna da ez bagaituzte aintzat hartzen, instituzio garen aldetik, errekurtso bat jartzerako garaian beste pisu bat edukiko genukeela. Edo babesak lortzeko orduan ere bai».

Herri nortasunak hor jarraitzen du
Itziarren, Igeldon bezala, desanexio prozesua ere eraman zuten aurrera bere garaian, baina epaitegietan bidea moztu zitzaien. Horren aurrean, Tokiko Entitate Txikiaren bidea lantzea erabaki zuten beraien abokatuak gomendatuta. Gaur egun egoera nola ikusten duten galdetuta, halaxe azaldu zuten: «Herritartasun nahi horrek hor jarraitzen du. Guk ulertzen dugu azkenean paperek bakarrik ez dutela ematen herri izaera. Eta Auzo Udalak ematen digu horrerako bidea, herri txiki baten funtzionamendurako bidea. Udalerri ez gara, baina herritarrei zerbitzu pila bat emateko aukera dugu».

Galdeketaren garrantzia
Tokiko Entitate Txiki bat eratzeko, justifikazio txosten bat prestatu behar da (txosten sozioekonomikoa) eta ondoren Foru Aldundiak erabakitzen du TET eratu edo ez. Hala ere, aurretik, herritarrei galdeketa egiten zaie eta loteslea ez bada ere, oso garrantzitsua izaten dela aipatu zuen Aranberrik. Beraien kasuan, abokatuak aholkatu zien ahalik eta herritar gehienen parte hartzea komeni zela eta igeldotarrei ere aholku hori eman zien.
Bukatzeko, igeldoarrak animatu zituzten Tokiko Entitate Txikiaren bidea jorratzeko. Gipuzkoan beste saiakera ba­tzuk ere badirela azpimarratuz (Angiozarren abiatu dute prozesua), gero eta gehiago izan, denontzat hobea izango dela gaineratu zuten: «Indar gehiago izango dugu».

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom