Txalingo txaleta ilegala dela ebatzi du Donostiako epaitegiak | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Txalingo txaleta ilegala dela ebatzi du Donostiako epaitegiak

(0 iruzkin)

Bi milioi euroko kostua izan dezakeen kalteen erantzulea argitzea falta dela azaldu dute salatzaileek: «Zergatik ez du erantzuten Udalak?»

Txalingo txaletaren auzia dela eta, urtarrilaren 23an eman zuen jakitera epaia Donostiako Auzite­giak eta bertan, txaleta ilegala dela adierazten du. Horren aurrean, Herri Kon­tseiluak, Ieltxok, Hari­tzal­­dek eta berauen abokatuak pren­tsaurrekoa eman zuten otsailaren 2an, hainbat herritarrekin batera.
Adierazi zuten Udala bere jokabidea eta egindakoa justifikatu nahian aritu dela, baina argi eta garbi txalet hori ilegala dela.
Ilegalena abiapuntua bera dela azpimarratu zuten, eta batez ere hori salatu nahi dutela: «Martutenen espropiatutako baserri bat ezin da espekulatiboki Igeldon “berreraiki”. Kontua ez da estetika, diseinua, paisaia-inpaktua, estalkiaren forma, ezta ingurunearen mimetizazioa ere, Udala hori saltzen saiatu den arren. Ez da posible espropiazio bat tarteko, nahi den lekuan eraikitzea eta espekulatzeko bide ematea. Lurzo­rua­ren Legea ez zen helburu horrekin sortu eta baliokidetasun eta gertutasun irizpideak bete behar dira».
Epaiak dioenari helduz, eraitsitako baserria bera berreraiki behar zela gaineratu zuten: «nekazal tipologiakoa, Lurzoru Legeak eta Donostiako Udal ordenantzek exigitzen duten mo­duan. Eta hori ez da bete. Argi ikusten dugu denok, eta ez da aditua izan behar, egin dutena luxuzko etxe moderno bat dela pistina eta guzti. Txaleta legez kanpokoa da eta ezin da legeztatu. Beraz, bota egin behar­ko da hirigintza-legedia jarraituz».

Txeke zuri bat hasieratik
Aipatutakoaz gain, irregulartasun pila daudela jakinarazi zuten eta oso haserre azaldu ziren: «Gertatutakoa oso larria da. Salatuak izan ondoren, araudi aldaketak ere egin dituzte sotoaren eta estalkiaren kasuan». Lotsagarria eta onartezina dela ere gaineratu zuten: «Sustatzaile pribilegiatuek txeke zuri bat izan dute hasieratik, legeari muzin eginez edo nahierara bihurrituz».

Kaltearen kostua noren gain?
Azken gauza garrantzitsu bat ere aipatu zuten: «2022ko azaroan salaketa jarri genuen Udalean txaletaren azken exekuzioa ez datorrelako bat emandako lizentziaren kokapenarekin. Alderdi horrek berebiziko garrantzia du; izan ere, horren arabera erabakiko da promotorea izango den eraikina bota­tzeaz eta ingurua lehengoratzeaz arduratuko dena edo Udala izango den (Udalak egiaztatu eta lizen­tziaz kanpo deklaratu dezake). Urtebete pasa da eta salaketa honek ez du erantzunik jaso».
Galderak ere luzatu zituzten: «Nor izango da bi milioi euroko kostua izan dezakeen kalteen erantzulea? Zergatik dago isilik Udala?».

Eskaerak Udalari
Hiru eskaera egin zizkioten Udalari: «Ger­ta­tu­takoa ikertzea eta argitzea, eta erantzukizun teknikoak eta politikoak ebaztea; 2022an erregistratutako gure salaketari eran­tzutea; desjabetze-espediente batek nahi­erara be­rreraikitzea eta espekulazioa eragin ez dezan, beharrezkoak diren arauak idaztea. Hau ezin da errepikatu ez Igeldon, ez inon!».
Udalak, bere aldetik, errekurritu egin du epaia.

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom