Hainbat eskaera, Partaidetzako zinegotziari | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Hainbat eskaera, Partaidetzako zinegotziari

(0 iruzkin)

Herri Kontseilua Duñike Agirrezabalaga Donostiako Udaleko Herri Partaidetzako zinegotziarekin elkartu zen apirilaren 11n. Bi urte eta erdi paseak ziren zinegotzia Herri Kontseiluarekin azkenekoz bildu zenetik, eta ordutik gauza askok berdin jarraitzen dutela gogorarazi zien Herri Kontseiluko kideek. Aurrerapauso askorik ez dutela ikusi, alegia. Udalarekin dagoen harreman eza ere salatu zuten eta bere garaian Udal Gobernu berriak Igeldorekiko trataera berezia izango zuela gogorarazi. Herri Kontseiluak eskatu zuen Partaidetzako zerbitzuarekin bilerak maiztasun batekin egitea eta baita Udal Gobernuarekin ere, aurreko legegintzaldian egiten zen bezala. Eta horrez gain, Igeldori buruzko informazio guztiaren berri emateko eta edozein plan edo proiektu egin aurretik harremanetan jartzeko.

Ur-bideak garbitzeko beharra
Errepide nagusiaren eta herri bideen egoerari buruz ere hitz egin zuten. Herri Kontseiluak eskatzen du urtekako proiektua prestatzeko, diru partida batekin, eta konponbide integral bat emateko (idatzi bat ere sartu zen erregistroan). Ur-bideak garbitu eta behar diren lekuan egokitzearen beharra ere azpimarratu zuten Herri Kontseiluko kideek. Ura behar bezala bideratzen ez delako hondatzen direla hainbeste bideak azaldu zuen. Eta bide bazterrak garbitzen dituztenean, urbideak txukuntzea ere kontuan hartu behar dutela gaineratu zuen.
Malden egonkortasunari begira ere, zerbait egin behar dela adierazi zioten zinegotziari. Dena dela, gai hauen inguruan aurrerapauso batzuk ematea lortu du Herri Kontseiluak Mantentze eta Zerbitzuetako teknikariarekin bildu ostean.

Eskola Zaharrean, oinarrizko lanak egitea orain
Eskola Zaharraren inguruan ez ezik, orokorrean Igeldoren inguruan partehartze prozesu bat martxan dagoela azaldu zien Herri Kontseiluko kideek. Bertatik ateratzen diren eskaerak, herritarren nahiak, kontuan hartzeko eta errespetatzeko eskatu zien. Eta bitartean, Eskola Zaharraren barruan, oinarrizko lan batzuk egiteko, erabilgarri izan dadin. Udalak emaitzak aztertu eta proposamenak entzungo dituela azaldu du.

Mendizorrotzeko plana, zati batean aurrera
Herri lurren inguruan, Mendizorrotzeko kudeaketa plana osatu zuen Udalak. Zati batean, abereak sartzea erabaki da suteen kontrako neurri bezala, ingurua garbi mantentzeko aukera eraginkorrena ikusten delako. Zati horri dagokionean, Udala eta Behemendi hitzarmena sinatzekoak dira. Udalak itxiturak jarriko ditu eta Behemendik ura edateko puntuak. Abereak, berriz, herriko abeltzainek sartuko dituzte. Maiatza hasieran hitzordua jarri dute Igeldon, pausoak ematen hasteko. Herri Kontseiluaren ustez, hainbat zehaztapen falta dira eremu horri dagokionean, eta baita plan osoari dagokionean ere. Jakin duenez, oraindik onartu gabe dago plan osoa eta Udaleko ingurumen teknikariekin biltzekoa da maiatzean, hainbat gauza zehaztu eta argitzeko.

Autobus zerbitzua hobetzea
Egungo autobus zerbitzuak ez dituela igeldotarren beharrak asetzen azpimarratu zuen Herri Kontseiluak. Bere eskaera da egungo autobusa lehenago hastea Igeldotik, hau da, gutxienez 07:00etan hastea Igeldotik. Eta nekazal inguruko baserri eta etxeetarako Behemen diren zerbitzua eskaintzea (taxi zerbitzu modukoa). Zerbitzu honek 10.000 euroko aurrekontua besterik ez luke izango Udalarentzat, Usurbilgo zerbitzuarekin uztartuko litzatekeelako. Bere garaian Udaleko Mugikortasun sailak ez zuen onartu eta berriz kontuan hartzeko eta martxan jartzeko eskatu du Herri Kontseiluak.

BEHEMENDIREN ZERBITZUA
Landagunean bizi diren adinekoak eta mugikortasun arazoak dituztenak
Donostiaraino joan-etorria egiteko garraio zerbitzua litzateke.
Landaguneko bideetan ibiltzeko aproposa den ibilgailua jarriko litzateke,
mugitzeko arazoak dituzten pertsonak garraiatzeko egokitutakoa.
Igeldo, Igara, Añorga eta Zubietako nekazal eremuan bizi den edonork
izango luke zerbitzua eskatzeko aukera.
Zerbitzua aldez aurretik eskatu beharko litzateke eta jasotzerakoan,
adineko jendeak eta mugitzeko zailtasunak dituztenek izango lukete
lehentasuna. Baina, esan bezala, zerbitzua zabalik egongo litzateke.
Zerbitzuaren helburua da zerbitzu publikorik iristen ez den guneei
zerbi tzua eskain tzea. Ez litzateke doako zerbitzua izango.
Printzipioz, Dbus eta Lurraldebus zerbi tzuekin batera ezartzen diren
tarifa berdinak ezarriko lirateke. Herri Kontseiluaren arabera, aurreneko
pausoa litzateke inguru horietan garraio zerbitzua hobetzeko, «aurrera
begira alternatiba berriak martxan jartzea ekar dezakeena: minibus
zerbitzua, adibidez».


Espaloiarekin borrokan
Espaloiaren gaia atera zien Herri Kontseiluko kideek zinegotziari. Kaskotik kanpineraino gutxienez, espaloia behar beharrezkoa dela gogorarazi zien. Gaiari bai edo bai heldu behar diola Udalak esan zien. Milioi bat euro inguruko kostua du espaloia egiteak eta dirua da ez egitearen arrazoia Herri Kontseiluaren ustez. Beste alternatiba batzuk ere proposatu ditu Herri Kontseiluak, zatika egitearena, adibidez. Biorretatik gora, ur-sarerik ez Igeldon bada oraindik ur hornidurarik ez duen zonalde bat: Biorretatik gorakoa. Oinarrizko zerbitzu bat izanik, zerbait egin beharra azaldu du Herri Kontseiluak, zerbitzu hori eskaintzeko bertako bizilagunei.

Kontuan hartu eta erantzuna ematen saiatu 
Aipatutako gai horiez gain, beste hainbat ere landu zituzten: baserri eta etxeen seinalizazioa, mendi suteen protokoloa, plazako eta komunetako irisgarritasuna, zabor bilketa, bidegurutze bateko ispilua, kultur etxeko fatxada berritzea… Azaldutako gai eta eskaera guztiak kontuan hartu eta erantzuna ematen saiatuko direla azaldu zuen Agirrezabalagak.

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom