«Egoera hobetzeko tresna baliagarria izango da» | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

«Egoera hobetzeko tresna baliagarria izango da»

(0 iruzkin)

Adostu da Igeldoko Tokiko Entitate Txikia sortzeko proposamena. Txostena prest dago eta adostutakoa aurkeztu zuten Herri Batzarrean urriaren 1ean. Igeldok izango dituen eskumen, aurrekontu, langile eta gainerakoaz aritu ziren.

«Adostu duguna onartzen bada, oso tresna baliagarria izango dela ikusten dugu; egoera hobetzeko oso eraginkorra izango dena», halaxe bukatu zuten TET Batzordeko kideek Igeldoko Tokiko Entitate Txikiaren inguruan emandako azalpena. Urriaren 1ean egin zen Herri Batzarra adostutako proposamena aurkeztu eta herritarren iritzia biltzeko. Igeldok izango dituen eskumen, aurrekontu, langile eta gainerakoaz aritu ziren. Aktibatu eta inplikatzeko garaia iritsi dela ere azpimarratu zuten, oso epe motzean Igeldo Tokiko Entitate Txikia izango delako. «Lan egin beharko da, baina baliabideak izango ditugu eta gauza asko lortzeko aukera izango dugu». 65 herritar gerturatu ziren batzarrera eta azalpenak entzunda, euren oniritzia adierazi zuten.

Eskumenak bi fasetan
TET Batzordeko kideek gogorarazi zuten urtarrilean, Udalak Siadecoren ibilbidea bukatutzat eman eta proposamen berri bat aurkeztu ziela: eskumenak bi fasetan eskuratzea. Alde batetik, A blokeko eskumenak egongo lirateke (TET sortu eta berehala gure eskutan), eta bestetik, B blokeko eskumenak (TET sortuta, azterketak egin ondoren, transferitzeko aukera).
Udalak horrela planteatu zien zailtasunak ikusten zituelako eskumen batzuekin. Zehaztapenak luze joko zuela eta komeni zela TET lehenbailehen sor­tzea adierazi zien.
Batzordeko kideek ez zuten gaizki ikusi pixkanaka martxan hastea, baina B blokean geratzen ziren eskumenekin kezka adierazi zuten. Behin eta berriz herritik eskatu diren eskumenak izanik (hirigintza, etxebizitza...) saiatu dira, nahiz eta geroko utzi, konpromiso bat “lotzen”. Hori horrela, eskumen horiek osotasunean aztertuko dira eta baldintza batzuk bakarrik izango dira muga.

ESKUMENAK

A blokea (TET sortu eta berehala gure esku):
Bide publikoak
Parkeak eta lorategiak
Kale garbiketa
Argiteria publikoa
Hezkuntza arloa
Eraikin publikoak
Adinekoen sustapena
Kultur jarduerak eta jaiak
Euskara sustatzea
Kirol jarduerak eta ekipamenduak
Parte-hartzea, berdintasuna, gazteria, aisia eta hezkuntza ez arautua
Administrazio orokorra

B blokea (azterketak egin ondoren transferitzeko aukera):
Hirigintza
Etxebizitza
Ingurumen zerbitzuak
Turismoa eta garapen ekonomikoa
Hondakinak bildu eta tratatzeko kudeaketa
Ur hornidura eta saneamendua
Hilerri zerbitzua

Lau langile
Igeldoko TETak izango dituen langileen berri ere eman zuten. Hasiera batean, lau langile izango dira: Administrazio Orokorreko Teknikaria (%100) -honek egin ditzake idazkaritza eta kontuhartzailetza funtzioak Donostiako idazkariak hala erabakitzen badu-; Hirigintza eta mantenimendu teknikaria (%100); Garapen eta zaintza soziokomunitarioko teknikaria (%50); eta administraria (%70). Gerora, egokiagoa ikusten bada, aldaketak egon daitezke, baita zerbitzuak kontratatzetik tira beharrean, brigadako langileak jar­tzea ere.

Aurrekontua: 1.255.060€
Lehenengo fase honetan izango ditugun eskumenak kontuan hartuta, TETari dagokion aurrekontua 1.255.060 eurokoa izango da gutxi gorabehera. Hori izango da Donostiako Udaleko aurrekontutik TETera bideratuko dena. Kalkulu hori egiteko, formula bat zehaztu da eta urtero horren arabera egingo da kalkulua. Etorkizunean, eskumenen bat gehituko balitz, dagokion aurrekontua ere bai.
Aurrekontu honetatik aparte, hasierako inbertsio batzuk ere egingo ditu Donostiako Udalak Igeldon. Horiek izango dira: Eskola Zaharra konpontzea; plazako komunak eta aldagelak egokitzea; frontoian ura ez sartzeko lanak egitea; eta Eskola Zaharra egin bitartean, TETeko bulegoak jartzeko lokal bat egokitzeko diru laguntza (40.000€).

FORMULA INBERTSIOETARAKO

IIA = IA x Bizt. % x LZE
Horrek esan nahi du Udalak inbertsioetarako daukan aurrekontuaren %1 izango duela TETak bere inbertsioetarako. Udalaren inber­tsioetarako aurrekontua normalean 30 eta 35 milioi euro artekoa da; beraz, Igeldoren inbertsio aurrekontua 300.000 eta 350.000 eurokoa izango litzateke.
Formula hori ez da aplikatuko Udalak ez-ohiko inbertsioak egiten dituenean eta zorpe­tzea eskatzen duten inbertsioak egiten dituenean.

HASIERAKO INBERTSIOAK

Donostiako Udalak hartuko ditu bere gain:
- Eskola Zaharra egokitzeko obrak (2024-2025-2026).
- Igeldoko plazako komunak eta aldagelak egokitu (2024)
- Frontoiaren alde bat estali urik sar ez dadin (2023-2024)
- Eskola Zaharra egin bitartean, TETeko bulegoa beste nonbait jarri beharko da eta lokal hori egokitzeko 40.000 euro emango du Udalak (2023).

Hurrengo pausoak
Orri Informatibo hau idazterakoan, Donostiako Gobermu Batzordetik pasatzeko asmoa zegoen txostena (urriak 10). Bertan onarpena jasota, erakusketa publikoan jarri eta alegazioak egiteko epea zabaltzea aurreikusten zen (hilabeteko epea). Erakusketa publikoan dagoen bitartean, Igeldon aurkezpen eta partehartze saio bat egiteko asmoa du Udalak. Ondoren, erakusketa publikoaren epea bukatzean, txosten definitiboa prestatuko da eta Plenotik pasako da. Plenoak onarpena ematean, Igeldon galdeketa egingo da eta ondoren Foru Aldundiak erabakia hartuko du.
Galdeketari lotuta, emaitza loteslea ez izan arren, parte hartzeko deia egin zuten batzarrean. Ahalik eta babes handiena lortzea garrantzitsua dela adierazi zuten.

Eratu eta gero zer?
Foru Aldundiak Igeldoko TET eratzea erabakitzen badu, berehala martxan jarriko litzateke. Berez, TETaren ordezkaritza Udal Hauteskundeetan aukeratzen da, baina 2027ra arte hauteskunderik izango ez denez, bitarte honetan Gestora bat osatuko litzateke. Gestora hori 5 kidek osatuko lukete eta Foru Aldundiak izendatuko luke azken Udal Hauteskundeetan izandako emaitzen arabera. Hau da, Donostiako Udalerako aurkeztu diren alderdiek Igeldon lortu dituzten emaitzen arabera (4 EH Bildu eta 1 EAJ-PNV). Dena dela, herrian osatutako taldea izendatzeko eskaera egingo da (Ereñotzun eta Itziarren hala egin izan dute).
Funtzionamenduari dagokionez, Batzorde mixtoa jarriko da martxan berehala (udal ordezkariek eta TET ordezkariek osatuta). Bertan eskumenak/arloak/gaiak aztertu, eztabaidatu eta erabakiak adostuko dituzte. Negoziatzen jarraituko da.
Bestalde, 2027ko Udal Hauteskundeetan, TETeko ordezkariak aukeratuko dira. Alkatea zuzenean aukeratuko dute igeldotarrek eta gainerako 4 batzordekideak udal hauteskundeetako emaitzen arabera izendatuko dira. Dena dela, kasu honetan ere, herritik aurkezten den taldea onartzeko eskaera egingo da.
Esandakoak esanda, datorrenari ilusioz heldu eta inplikatzeko garaia iritsi zaigu. Denon artean eraiki beharko dugu sortuko den Entitate Txikia.

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom