«'Coxiella' bakterioa aztertuz jakin nahi dut zeinek eta zenbaterainokoa duen arriskua Q sukarraz kutsatzeko» | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

«'Coxiella' bakterioa aztertuz jakin nahi dut zeinek eta zenbaterainokoa duen arriskua Q sukarraz kutsatzeko»

(0 iruzkin)

Ion Zendoia Beaumont igeldoarra da, Joxe Angelen eta Mari Joseren semea; Gure Kayolakoa, alegia. Igeldoko Herri ikastetxean ikasi zuen 12 urtera arte, Luberrira ondoren eta handik Zaragozara, unibertsitatera, albaitaritza ikastera. Gaur egun 29 urte ditu eta lana dela-eta, Bilbon bizi da. NEIKERen dabil, Coxiella burnetii izeneko bakterio bat ikertzen.

Euria ari du goitik behera, baina Ion oinez etorri da. Din-dinen elkartu gara, bertako babesean lasai hitz egiterik badago eta. Halaxe egin dugu. Luze eta zabal hitz egin dugu behiez, bagina-fluxuez, osasunaz, zientziaz, euskaraz… eta irribarre atsegin bat izan du une oro.

Urriaren 14an Markinan ikusi zintugun, Euskal Herriko Blonda Txapelketan, hainbat sari jasota, aitarekin eta beste hainbat seniderekin; etxean ikusia hura ikasia?
Bai, beti animalia tartean ibili izan naiz etxean eta albaitaria etortzen zenean, jakin nahia izaten nuen, ea zer egiten zuen, nola… Eta gainera, animalien dokumental pila bat ikusten nuen txikitan; pentsa, Afrikara joateko ametsa neukan!
Baina behiek badute zerbait… produkziorako izan ohi dira, bai, baina badute xarma berezi bat, zerbait gehiago dira, niretzat.

Bada, behiak gaixo daude, Ion, eta zu albaitaria zara, zer dute?
Behiak itzalita ikusten dira, triste, sudurra ezkata­tzen zaie, ahoan ultzerak ateratzen zaizkie… Gaixotasun hemorragikoa dute, euli batek daraman birus batek sortzen duen gaixotasuna. Hasieran pen­tsatzen zutena baino abere gehiago hiltzen ari da.
Hala ere, nik ez dut kasurik ikusi, irakurri dudanagatik ari naiz: lizentziatu nintzenetik ez dut diagnostikorik egiten, errespetu handia emango lidake gaur egun abereek zer duten asmatu beharko banu.

Animaliak sendatzen ez badituzu, zertan aritzen zara?
Ibili naiz txakur eta katuak sendatzen, behiak… baina gaur egun NEIKERen nabil, Coxiella burnetii deitzen den bakterio bat ikertzen.

Bakterio bat! zergatik da hori interesgarria?
Coxiella burnetiik Q sukarra sortzen du eta abereak zein pertsonak gaixotzen ditu; hau da, poltsikoa eta osasuna kaltetzen dizkigu.
Abereei sortzen die abortua, mastitisa, ernal ezintasuna… Eta gizakiari pneumonia eta beste sintoma arrunt batzuk. Horregatik da zaila detektatzen, sor­tzen dituen sintomak katarro batenak ere izan daitezkeelako, baina ondoren konplikatu egin daitezke. Beste batzuetan, aldiz, ez du inolako sintomarik sor­tzen, baina bakterioa gurekin bizi daiteke urte asko eta halako batean gerra ematen hasi. Horregatik, garaiz detektatuz gero, tratamendu egokia garaiz hasi daiteke eta pronostikoa hobea da.
Gaixotasun hau ez da oso zaharra, 1935ean deskribatu zen lehen aldiz Australian, baina gure lurraldean endemikoa da, esan nahi dut, gure artean modu iraunkorrean dagoela, nahiz eta jende asko ez den gaixotzen. Nire inguruan ezagutu ditut batzuk.

Orduan, zu bakterio horren bila ibiltzen zara?
Hori da. Ustiategietako (ardiak, ahuntzak…) laginak dauzkagu eta hor bilatzen ditut bakterioak; animalia basatien laginak ere baditugu, basurdeena, orkatzena… Gorotzak izaten dira, esnea eta baginako fluxutik ateratako laginak; baita ere izaten dira ukuiluko zein inguruetako gainazaletatik hartutako hautsa.
Kontuan izan, Coxiella bakterioa airez kutsatzen dela eta inork arnasten ez baldin badu, lurrera –gainazaletara- erortzen dela; bertan bi urte bizi daiteke, espora moduan! Orduan, laginak gainazaletatik eta airetik hartu behar izaten dira. Aspiradora bat erabiltzen dugu horretarako eta ondoren, prozesatu eta PCRa egiten diet, laginetan jasotako partikuletan bakterioak dauden jakiteko.

PCRa? hori ezaguna zaigu!
Bai, azkenean, PCRa DNA- edo RNA-zatiak detekta­tzeko teknika bat da, besterik ez. Berari esker jakin dezakegu batetik, nik sartu diodan laginean Coxiellaren arrastorik ba ote dagoen eta bestetik, dagoen kasuetan, zenbat dagoen. Eta niri bakterioaren DNA edo informazio genetikoa da interesatzen zaidana zehazki. Hori aztertuz, nire asmoa da jakitea zeinek eta zenbaterainokoa duen arriskua Q sukarraz kutsatzeko.

ONE HEALTH = OSASUN BAKARRA

Hiru hanka dituen terminoa da. Batetik, per­tsonen osasuna; bestetik, gainerako animalien osasuna; azkenik, ingurumenaren osasuna. Osasun Bakarra-rentzat hirurak bat dira. «Ingurumen desorekatuan, animalia- eta giza-gaixotasunak handitu egiten dira eta, gainera, gaixotasun horiek espezie batetik bestera saltatzeko arriskua handiagoa da» argitu digu Ionek. «Gaur egun, gaixotasun infekziosoen % 60 animaliekin partekatzen ditugu. Gaixotasun horietako bat nire lanean ikertu dudan Q sukarra da». Horiei aurre egiteko, Osasun Bakarrak ikuspegi zabala proposatzen du, «garrantzitsua da profesionalen arteko elkarlana, direla albaitariak, medikuak, epidemiologoak, biologoak…».Gaiari buruz gehiago jakin nahi duenarentzat: https://www.cdc.gov/onehealth/index.html

Orduan, nola irudikatu behar zaitugu lanean: ordenagailuaren aurrean eserita; bata zuria jantzita, pipeta eskuan; gorbata jantzita, jendaurrean; ala mendiko botak jantzita, ahuntzen artean?
(Barre egin du) Bereziki lehenengo biak! Laginak laborategian izaten ditut eta ordenagailuan datuak prozesatu eta txostenak eta artikuluak idatzi egiten ditut.

… zientzia artikuluak?
Bai, batzuk argitaratu ditugu. Europan, nirearen an­tzeko ikerketak egin izan dituzte Frantzian eta Herbereetan, adibidez; gu EAEko datuak biltzen ari gara. Munduan toki guztietan dago hedatua gaixotasun hori eta zenbat eta herrialde gehiagotako informazioa izan, orduan eta hobeto ezagutuko dugu Q sukarraren kutsadura eta gaixotasuna ez hedatzeko neurriak hartu ahal izango ditugu.
Hala ere, aurreko galderara itzulita, tokatu zait bai mendiko botak janztea, ahuntzen artean ibiltzeko!

Zure bakterio horren bila?
Bai. 2021ean Q sukarraren agerraldi bat izan zen, Bizkaiko kobazulo batean. Sonatua izan zen, ehunka bisitari gaixotu zelako eta horietako askok ospitalea behar izan zutelako, sendatzeko. Hartan mendiko botak, buzoa, musukoa eta eskularru bikoitza jantzita ibili ginen. Animalien gorotzak hartu genituen, kobazuloko harrietan zegoen hautsa eta airea aspiratu genuen. Ingurune hori perfektua zen Coxiellarentzat, hautsez beteta zegoen eta kobazuloan edozein sartzen zenean, hauts hori harrotu egiten zen eta bakterioa arnas-aldi bakoitzean sudurretik edo ahotik gorputzera sartzen zen. Kontuan izan, Coxiella bakar bat nahikoa da infekta­tzeko.
Baina ez beldurtu, agerraldiak oso gutxitan egoten dira eta normalki leku bati mugatzen dira, baserri batera edo.

Hortaz, ordenagailuaren aurrean egiten duzu lan, bata jantzita gehienetan, botak ipinita noizbait… gorbata noizko?
(Berriro barre) Kongresuetara eta hitzaldietara, dotore joaten naiz! Dena den, 2019an hasi nintzen Coxiella ikertzen eta bada buka­tzeko garaia. Urte bukaeran amaitzeko asmoa daukat eta datorren urteko hasieran emaitzak aurkeztea espero dut. Tribunal baten aurreran defendatu beharko ditut, beraz, ondo jantzita joan beharko dut. Hala ere, ez dut uste gorbata jantziko dudanik.
(Oraingoan guk egin dugu barre)

Zein hizkuntzatan egiten da hori?
Hemen, tesi-ikerketa gehienak gaztelaniaz edo ingelesez defendatzen dira. Euskaraz, geroz eta gehiago, baina askotan euskara eta ingelesa erabiltzen dira, edo euskara eta gaztelania, defentsaren lehen erdian hizkuntza batean eta beste erdian bestean, adibidez. Hori eginez, euskarako C2 titulua ematen dizute. Nik, ordea, guztia euskaraz egitea erabaki dut, argi nuen, nire ama-hizkuntza delako eta euskaraz seguruago ikusten dudalako nire burua, gaztelaniaz edo ingelesez baino.

Horrek esan nahi du tribunalak euskaraz jakin behar duela?
Hasteko, zure ikerketaren zuzendariak euskara jakin behar duela! Nirea, Zaragozakoa bada ere, euskaraz badaki. Hala ere, lehenik gaztelaniaz idatzi dut, berak gaztelaniaz zuzendu ahal izateko eta behin betiko ber­tsioa lortzen dugunean, euskaraz berridatziko dut.
Ondoren, tribunalerako hiru lagunek euskaraz jakin behar dute eta, aldi berean, nazio arteko adituak izan behar dute gaian. Hemengo adituek nirekin egin dute lan eta horregatik ezin dute tribunalean parte hartu… Txarrenean, itzulpen zerbitzua jartzea badaukagu. Hala ere, tribunaleko hiru lagunak aurkitzeaz zuzendaria arduratzen da, ez ni!

Tribunala, tesiaren defentsa, abendura arte idatzi behar duen guztia… gure asmoa ez zen Ion urduri­tzea eta ezustean harrapatzeko moduko galdera egin diogu: adimen artifizialik erabiltzen al duzu zure lanean?
(…eta harridura aurpegia jarri du, bai horixe!) Ez, gure kasuan ez. Badakit gaur egun gauza askotarako erabiltzen ari direla. Guk softwareak eta estatistikako programak-eta erabiltzen ditugu, baina adimen artifizialik ez.

Albaitari batentzat Igeldo erakargarria al da?
Nik uste dut baietz, baina gaur egun ez dira garai batean bezala, Igeldo bezalako eremu txikietara mugatzen. Gaur egun, edo kontsulta bat irekitzen duzu eta jendea bertaraino etortzen zaizu maskotekin, edo zu zeu joaten zara ustiategietara, baina eremu zabalagoan; Igeldora datorrena, adibidez, beste hainbat tokietara joaten da, Gipuzkoan. Igeldo txikia da.

Horrela ikusten duzu zure burua hemendik 5-10 urtera?
Uf, oraindik ez dakit zer egingo dudan, baina agian laborategi batean ikusten dut nire burua. Ez du zertan ikerketan izan; izan daiteke ospitalean-edo. Azken batean, erabiltzen ditugun teknikak oso an­tzekoak dira-eta. Argi dudana da Euskal Herrian bizi nahi dudala eta ahal dela familiatik hurbil.

Eta nola ikusten duzu Igeldo, hemendik 5-10urtera?
Ez dakit, baina munduan orokorrean ikusten den joera da ustiategiak geroz eta gutxiago daudela eta geratzen diren horiek geroz eta handiagoak direla.

MOTZEAN

Igeldoko gustuko txoko bat? Arrokak.

Igeldoz kanpoko beste bat? Bilboko zazpi kaleak, orain han bizi naizelako.

Zaletasun bat? Ezkutukoa izan daiteke… Crossfita.

Zer duzu kurrikulumean harro edota pozik sentiarazten zaituena? Albaitaritza titulua, 5 urte horretan eman nituen eta!

Nola zuen izena zuen txakurrak? Beltxa.

Zertaz hil zen? Zaharra zelako.

Diagnostikoa zuk zeuk egin zenion? (Kar kar) Ez, txikia nintzenean hil zen eta.

Animaliarik gogokoena? Txakurra… eta behiak, azken hauek gehiago bizi izan ditut eta.

Amets bat? Txikitan zen Afrikan, safari batean, animaliak zaintzea eta tratatzea… oraindik ez dut bete.

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom