VPOko etxeekin zerbait egin beharra ikusi zen Herri Batzarrean | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

VPOko etxeekin zerbait egin beharra ikusi zen Herri Batzarrean

(0 iruzkin)

VPOko etxeak saltzerako garaian, igeldotarrek lehentasuna izan eta zerrenda berri bat osatu dezaten eskatu dio Herri Kontseiluak Udalari. Udalak ezezkoa erantzun du. Beste hainbat gai ere landu ziren.

Azaroaren 19an Herri Batzarra egin zuen Herri Kontseiluak eta eskuartean dituen gai eta proiektuen berri eman zien herritarrei. Zeresana eman zuen gaietako bat VPOko etxeena izan zen. Kooperatiba baten bidez, etxe horiek asko kostata lortu zen igeldotarrentzako izatea. Egin ziren 48 etxeetatik 36 izan ziren igeldoarrentzat. Eta azken urteetan, etxeak salerosten ari zirela eta, Herri Kontseiluak eskaera egin zion Udalari, igeldoarrek izan beharreko lehentasuna errespetatuz, zerrenda berri bat osatu zezan. Bi urte baino gehiago negoziatzen aritu ondoren, Udalak ezezko borobila erantzun du, esplikazio handirik gabe. Bere esanetan, «diskriminatzailea da gainerako donostiarrentzat». Erabakia politikoa dela argi dute Herri Kontseiluko kideek eta erantzuna behar duela. Horren aurrean, zerbait egin behar dela argi ikusi zen Herri Batzarrean. Herritarrek kezka adierazi zuten. Zer egin daitekeen aztertuko du Herri Kontseiluak, firma bilketa bat egitea proposatu zen, esaterako. Etxe horien jabeei ere dei egiten die Herri Kontseiluak saldu behar duten kasuan, igeldotarrengana zuzentzeko.

Udalaren jarrera desegokia

Herri Kontseiluak Udalarekin duen harremanaz ere hitz egin zen Batzarrean. Oztopo askorekin egiten du topo behin eta berriz eta Igeldoren inguruko informazioa lortzeko ere zailtasunak izaten ditu. Horrez gain, plan edo proiektuak, beraiekin edota herritarrekin kontatu gabe jartzen dituztela martxan nabarmendu zuen. Eta bilerak egin diren kasuetan ere, azaldutako asmo onak ezerezean geratu izan direla. Horren aurrean, idatziak eta eskaerak Udal erregistroan sartzeko dinamika hartzea erabaki du Herri Kontseiluak. Urte honetan, idatzi mordoxka sartu ditu gai desberdinekin lotuta. Udaleko alderdi guztiekin biltzeko asmoa ere badu.

Mendizorrotzeko plana

Mendizorrotzeko parkea kudeatzeko plan bat osatu du Udalak eta bertan lau zona bereizi dituzte. Zona bakoitzean, aktuazio desberdinak egiteko asmoa dago: bi zona nagusietan (%60), ez da aktuaziorik aurreikusten; eboluzio naturalera bideratzen da ingurua edo errekak babestera; hirugarren gunean (%20), zuhaitz ez-autoktonoak kentzea da helburua eta bertakoak landatzea, basoa berreskuratzeko asmoz. Eta laugarren gunean (%20), sute arriskua gutxitzea da helburua eta horretarako hiru alternatiba proposatzen dira.

Alternatibak dira: lehenengoa, desbroze selektiboen bitartez eta zuhaitz landaketen bitartez, sute arrisku gutxiko basoa sortzea, urteen poderioz; bigarrena, silvopastoreoaren bitartez (abereak sartuz), lekua garbi mantendu eta sute arriskua gutxitzea; eta hirugarrena, desbrozeen bidez sastrakak kentzea. Gune horretan, abereak sartzea aukera onena ikusten duela azaldu zuen Herri Kontseiluak (horretarako, hainbat bilera egin ditu herritarrekin, abeltzainekin eta Haritzalderekin). Herriko abeltzainak ere prest daude bertan sartzeko. Gainera alternatiba hau Herri Kontseiluak lehenagotik landu eta Udalari proposatutako planteamendua da.

Herritarrek ondo ikusi zuten abereak sartzearen ideia, «Udalaren esku utziz gero, ez delako soluziorik izango» eta bide batez, bultzada emango zaiolako baserri munduari. Udalari konpromisoak hartzeko eskatuko dio Herri Kontseiluak, planean azaltzen dena benetan bete dadin. Gehienbat berme ekonomikoa. Bestalde, plan osoak hutsune batzuk badituela eta hobekuntza batzuk planteatuko dizkio Herri Kontseiluak Udalari eta herritarrek ere begi onez ikusi zuten herritik plan integral bat osatzea parke osorako.

Partehartze prozesua

Partehartze prozesuan, inkestak egiteko epea bukatu da eta denera, 260 galdeketa baino gehiago daude erregistratuta. Horietatik ateratako datu batzuk azaldu ziren Herri Batzarrean eta orain emango diren pausoen berri ere eman zuten. Hurrengo eginbeharrak: informazioa atera eta zabaldu; eztabaida taldeak antolatu; eztabaidak burutu; konklusioak atera; eta herritarrak informatu.

Eliza atzeko lokala, txostena

2015ean, Elizak erabaki zuen eliza atzeko lokala itxi eta herriari gehiago ez uztea. Hainbat saiakera egin ostean, batzar bat egin zen eta azkenean erabaki zen ez jarraitzea borrokan. Hala ere, lokal horrek historia handia zuela eta dokumentazio lan bat egin behar zela ikusi zen. Txosten bat osatu da, bertatik pasa diren lau generazioren bizipenak biltzen dituena eta horren berri eman zen batzarrean. Txostena eskuragarri dago kultur etxean edo hemen deskargatu daiteke.

Sektorekako gida

Arlo sozioekonomikoan ere pausoak ematen ari da Herri Kontseilua eta eskuartean daukan beste proiektu bat, sektorekako gida sortzea dela azaldu zuen batzarrean. Herriko negozio guztiak bildu nahi dira bertan. Beraz, interesa dutenak harremanetan jartzea eskertuko dute (635 745 853).

Gai ugari

Aipatutako gai horiez gain, honako hauek ere landu ziren batzarrean: Suteen kontrako plana, web orria, taldeen arteko koordinazioa, kultur etxearen eta eskola zaharraren txukunketa, bide seinalizazioa, antena-kobertura, festak, diru mugimenduak... Bestalde, bukaeran, herritarrek hainbat eskaera egin zituzten eta horiek kontuan izango ditu Herri Kontseiluak.

Parte hartze handia

Herri Batzarrera 40 herritar gerturatu ziren eta kopurua baino, azpimarragarriagoa da herritar horiek izan zuten parte hartzea. Herritar ugarik azaldu zioten Herri Kontseiluari euren iritzia eta baita beraien kezken berri eman ere.

Batzarrak sei hilabetero

Batzarraren ostean, Herri Kontseiluak ateratako ondorioa izan da egiten duen lanaren informazioa ez dela iristen herritarrengana eta komunikazioa hobetu behar dela. Zentzu horretan, hainbat ekimen jarriak ditu abian, batzarrean azaldu zuen bezala: alde batetik, helbide elektronikoak biltzen joatea, eta bestetik, telefono zenbakiak biltzea, Whatsapp talde bat osatzeko. Interesa dutenek, bidali dezatela euren emaila edo telefonoa: herrikontseilua@gmail.com edo 635 745 853.

Horrez gain, bi erabaki hartu ditu: berak sortzen duen informazioa bi hizkuntzetan zabaltzea eta Herri Batzarrak 6 hilabetero egitea.

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom