«Moda gustatzen bazaizu eta kalitatezko arropa prezio onean nahi baduzu, bigarren eskuko arropa da bidea» | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

«Moda gustatzen bazaizu eta kalitatezko arropa prezio onean nahi baduzu, bigarren eskuko arropa da bidea»

(0 iruzkin)

Onintze Olasagasti (1985, Igeldo) izena hartzen ari da bigarren eskuko arroparen munduan (OninPintage). Top Market egitasmoaren sortzaileetako bat da eta Gipuzkoan zehar dozenaka azoka antolatu ditu dagoeneko. Igeldon ere bai. Oso pozik dago izaten ari den harrerarekin. Pelukeria ikasi zuen, baita lanbide bezala probatu ere, baina ez zela bere ofizioa konturatu zen. 18 urterekin hasi zen arropa dendan saltzaile. Dendan bai, gozatu egiten du, eta azoken kontu honekin, oraindik gehiago!

Top Market egitasmoaren sortzaileetako bat zara. Zer da eta nolatan sortu zenuten?
Orain dela 9 urte inguru, Berlinen egon nintzen, eta handik etorri eta Txop Market antolatu genuen hiru lagunen artean: Carol Marin, Paula Dominguez eta nire artean. Etxeko sagardotegian egin genuen. Oso ondo atera zen, krixton exitoa eduki zuen. Handik 5 urtera beste bat egin genuen eta hori ere oso ondo atera zen. Horrela, azokak antolatzen hasi nintzen Kursaalen, Kutxa Kultur espazioan… nire lau trapurekin joaten nintzen.
Lehengo urteko maiatzean, berriz, Txop Market antolatu genuen lagunak elkartu eta Top Market antola­tzea erabaki genuen Tabakaleran. 17 partaiderekin izan zen eta arrakasta handia izan zuen hark ere. Hortik aurrera, beste batzuk antolatu genituen, baina lagunek ezin zuten jarraitu, eta nik bakarrik jarraitzea erabaki nuen. Orain nik antolatzen ditut Top Market azokak nire sozioarekin batera. Fred izena du eta frantsesa da. Elkarrekin antolatzen ditugu azokak, baina bakoitzak bere produktuak dauzka.

Eta ordutik gelditu ere egin gabe!
Hilabetean behin hasi nintzen azokak antolatzen eta astebururo izan ditut gerora. Orain pixka bat erritmoa jaitsi dut eta saiatzen naiz hilabetean bi egiten. Ze pentsa, astelehenetik ostiralera dendan, larunbatetan sagardotegian eta igandero azokak, atzetik daukan lan guztiarekin! Orain tamaina hartu diot eta estres pixka bat izaten da, baina gustuko estresa! Egia esan, nire saltsan nabil, gustura. Zoriontsu egiten nau honek. Eta bizitza honetan horixe egin behar dugu, gustatzen zaiguna.

A ze arrakasta, ezta?
Pasada bat da. Egia esan, udaran azoka potolo bat antolatu nuen 30 partaiderekin, krixton giroa sortu zen, eta nik uste azoka hartatik izena hartu nuela. Mola Molan (Orion) ere beste lau bat antolatu nituen eta hor konturatu nintzen erritmoa jaitsi behar nuela eta hainbeste partaideko azokak antolatzea ere gehiegizko lana zela. Orain 4-5 partaideko azokak antola­tzen ari naiz.

Eta pixkanaka Gipuzkoa zeharkatzen zabiltza.
Herri askotan egon naiz, bai: Zumaian, Arrasaten, Itziarren, Zarautzen, Azkoitian, Orion, Igeldon, Azpeitian, Errenterian… nire helburua horixe da, ahalik eta herri gehienetara iristea.

Zergatik sartu zinen mundu honetan?
Beti gustatu izan zait moda eta Berlinen egon nintzenean, flipatu egin nuen bigarren eskuko dendekin. Zortzi pisuko dendak zeuden, 400 metro karratuko garajeak bigarren eskuko arropekin…. Moda gustatzen bazaizu, diferente janztea gustatzen bazaizu, kalitatezko arropa, prezio onean... hemen ez daukazu aukerarik. Zara eta antzeko denden atzetik dagoena ez zait gustatzen eta beroki bategatik ere ez ditut 400 euro ordainduko. Beraz, bigarren eskuko arropa da bidea. Gainera, kalitatea kondizio onean eskaintzeaz gain, sosteniblea da! Eta hori garrantzitsua da.

Nondik lortzen duzu arropa eta ze kriterio daukazu?
Leku desberdinetan erosten dut eta bi probeedore ere badauzkat. Bidaiak ere horretarako aprobetxatzen ditut askotan. Orain adibidez, Madrilera joatekoa naiz lagunekin eta bigarren eskuko arropa duten lekuak bixitatuko ditut. “Ocio-negocio” izango da.
Arropa aukeratzerakoan, non egina den eta ze materialetakoa den begiratzen dut. Europan egindakoak bakarrik erosten ditut eta industria handien arroparik ez. Hortik aurrera, gustatzen zaidana erosten dut, ez dut kriterio bat. Eta ondo funtzionatzen didala ikusten dut.
Jendeak arropa ere ekartzen dit azokara eta askotan Zara, Mango… antzeko dendatakoak izaten dira eta jartzen ditut salgai. Kasu horietan, oso oso merke sal­tzen ditut 1, 2, 3… eurotan. Ez zait bidezkoa egiten niri oparitutako arropatik dirua ateratzea.

Arropa asko izango da… eta non gordetzen duzu?
Hasi nintzenean, bi pertxero neuzkan, nire arropekin eta lagunek emandakoekin. Orain 8 bat dauzkat. Pertxero bakoitzean 40-50 arropa pieza sartzen dira. Orion garaje bat daukat arropa gordetzeko.

Kalitatezko arropa, prezio onean esan duzu. Jarri adibideak.
Alkandorak 15-20 eurotan, jertseak 20-25 eurotan, larruzko kazadora bat 50-70 eurotan… Prezioekin ere jolastu egiten dut. Bezero batek lau pieza erosten dizkidala ikusten dudanean, adibidez, bat oparitan ematen diot edo halakoak. 18 urterekin hasi nintzen arropa denda batean lanean eta esperientzia badut arlo honetan.

Gipuzkoako herrietan ibili zarela esan dugu. Eta Gipuzkoatik kanpo?
Elizondon egona naiz orain dela bi urte eta arrasatu egin nuen. Kotxea betea eraman nuen eta hutsa ekarri. Berriz joateko asmoa badut. Iruñean eta Bilbon ere baneuzkan aukerak, baina ezin izan nuen lanagatik. Orain, otsailaren 27an izango dut aukera berriz Bilbora joateko.
Bestalde, Ibizan antolatzeko proposamena egin zidaten aurreko udan, baina ez dut ikusten. Hegaldiak merke badaude, baina maleten kostuarekin zer? Ez da biablea. Gainera, ez dut beharrezko ikusten. Euskal Herrian orain ari da indartzen bigarren eskuko arropa erosteko joera. Ni Gipuzkoan ari naiz eta oso pozik nago.

Hemen indartzen ari da orduan?
Bai, eta zentzu honetan Tolosan neska bat dago krixton lana egiten ari dena. Hori bai, nire bezeroak 40 urtetik gorakoak dira gehienak. Gazte batzuk badauzkat 25-30 urtekoak, baina nik uste orokorrean gazteek ez dutela kontzientziarik. Nik ere gaztetan ez nuen eta Oddityn lan egiten nuenean, adibidez, ia egunero erosten nuen zerbait. Orain konturatzen naiz bigarren eskuko arropa erosteak ze garrantzia duen. Arlo honetan badago lana eta horretan saiatuko gara.

Denda bat jartzea pentsatu izan al duzu?
Jende askok galdetzen dit ea non daukadan denda eta asko gustatuko litzaidake jartzea. Informatzen ere banabil bigarren eskuko dendak dauzkatenekin, baina momentuz, ezinezkoa da. Lokalak oso oso garesti daude eta hori ordaindu ahal izateko, arropa garestitu beharko nuke eta ez dut ikusten… Gainera, zalantzak ere badauzkat. Azoketara etortzen da jendea eta erosten du, baina gu goaz beraiengana. Aldiz, leku batean dagoen dendara etorriko litzateke jendea? Ez dakit…
Bestalde, azokak daukan saltsa oso polita da, asko gustatzen zait eta disfrutatu egiten dut. Beraz, momentuz horrelaxe jarraituko dut.

Dendarik ez, baina jendeak badu aukera Instagramen zure berri izateko: OninPintage.
Eta behar beharrezkoa da, gaur egun. Gainera, jendeak jarraitzen nauela esaten dit, lehengoan Madriletik ere idatzi zidan batek eta indarra ematen dit horrek.

Zure aita modelo lanetan ere azaltzen omen da… familiaren laguntza eskertuko da!
Bai, bai, asko! Aita bai, modelo lanetan eta ia azoka guztietara ere etortzen da. Anaiak ere asko laguntzen dit eta baita amak ere. Berari ez zaio saltsa gustatzen, baina atzeko lan asko egiten dizkit: arropak garbitu, plantxatu… Denekin oso eskertuta nago.

HURRENGO HITZORDUAK
Apirilak 10 Azkoitian, Dean tabernan.
Maiatzean (zehazteke) Igeldon, Olasagasti sagardotegian.

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom