Informazioa eskatu da Txalingo obraren eta adikzioak tratatzeko zentruaren inguruan | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Informazioa eskatu da Txalingo obraren eta adikzioak tratatzeko zentruaren inguruan

(0 iruzkin)

Azken aldian herritarren artean kezka sortu dute bi gaik: Txalin mendiaren magalean egiten ari diren obrek eta Gudamendi bidean martxan jartzera doazen adikzioak tratatzeko zentruak. Bi gai horien inguruko informazioa eskatu du Herri Kontseiluak udaletxean eta informazio hori eskuratzeko zain dago.

Irregulartasun zantzuak Txalinen
Aspalditik dabiltza lur mugimenduetan Txalin magalean (depositoaren atzean). Herri Kontseiluak jakin duenez, etxebizitza bat eraikitzen ari dira. Herri Kontseilua kezkatu egin zen hori jakin zuenean, berez, eraiki ezineko lurrak baitira horkoak eta informazioa eskatu zuen udaletxean. Momen­tuz jakin duenez, AHTaren obren ondorioz baserri bat bota zuten Martutenen eta haren ordezkoa eraikitzeko lurrak eman zitzaizkion jabeari Igeldon (Txalingo magalean). Jabe horrek lur horietan Goiatz Berri etxea eraikitzeko proiektua aurkeztu zuen hasiera batean. Bitarte honetan, jabe aldaketa egon da eta oraingo proiektu berri honetan beste etxebizitza bat eraikitzea aurreikusten da. Bi kasuetan ere, nekazal ustiapenik gabeko etxebizitzak lirateke eta irregulartasun zantzu argiak daude Herri Kontseilua­rentzat.
Espedientearen inguruko dokumentazio guztia jaso zain daude orain (datozen asteetan eskuratuko du) eta ondoren ondo aztertzeko asmoa dute egoera zein den eta zer egin daitekeen.

Adikzioak tratatzeko zentruaz galdezka
Gudamendi auzunean adikzioak tratatzeko zentrua jarriko dute martxan (Virtuss elkarteak). Herri Kontseiluak abenduan izan zuen honen berri, bere kabuz, eta urtarrilean gai honen inguruko albistea argitaratu zen prentsan. Herri Kontseiluak keja adierazi zuen udaletxean, beste behin ere Igeldo aintzat hartu gabe eta informaziorik eman gabe erabakiak hartzeagatik. Horrez gain, proiektuaren inguruko informazio guztia eskatu zuen. Auzoetako zinegotziak momentuz, honakoa jakinarazi du: «gaur egun Virtuss elkarteak Ramon Maria Lili kaleko pisu batean du egoitza eta ez dira kabitzen. Jende lasaia da eta arazorik sortzen ez duena. Pribatuen arteko kontu bat da, baina Udalak egin duena da eraikinaren izaera aldaketa ontzat jo jarduera horretarako erabili dadin. Diputazioari dagokio orain erabakia hartzea eta interes publikokoa dela izendatzea». Gainerako informazio guztia jasotzeko zain dago oraindik Herri Kontseilua (laister eskuratzea espero du).
Herri Kontseiluak badaki bertako bizilagun batzuk kezkatuta daudela eta herritarrak informatzeko beharra dagoela. Zentzu horretan, Herri Kontseilua saiatuko da informazioa lortu ahala herritarrak eta batez ere bizilagunak informatzen. Virtuss elkarteko arduradunekin ere harremanetan jartzeko asmoa du.

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom