Inflazioa goraka ikusten dugu: puntuala izango da ala gelditzeko etorriko da? | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Inflazioa goraka ikusten dugu: puntuala izango da ala gelditzeko etorriko da?

(0 iruzkin)

Olimpia Arrese-Igor ekonomialaria
2021/05/02

Aldez aurretik mundua ez dela berdina izango esango nuke. 2020ko martxotik Covidak bizitza aldatu digu eta bizitza ez da berdina izango ez hemen eta ez inon. Batzuk hobeto bizi izan dute, bizi dute eta biziko dute egoera hau beste batzuk baino, hauek gaixotasunak jota, langabeziak jota edo beste arazo batzuk jota daudelako, baina lehengo egoerara ez gara berriz bueltatuko. Mundu mailan zenbait herrialdek, batez ere ekonomikoki eta politikoki indartsuenek, modu batean edo bestean kontrol neurriak ezarriko dituzte eta lehen bezala alde batetik bestera pertsonak eta ondasunak askatasunez mugitzea bukatu dela uste dut. Herrialde ezberdinak koordinatzeko zailtasun handiagoak izango dira. Mundua isolatze prozeduran sartzeko arriskuan dago.

Ekonomiari Covidak nola eragin dion aztertzeko 3 momentu ezberdin bereiztuko nituzke:

1. Hasierakoa, mundua gelditzen denean eta denok etxean konfinatuta gelditzen garenean. Momentu horretan etorkizuna ez da ikusten, ziurgabetasuna eta beldurra dira nagusi: inbertsio erabakietan, gastu erabakietan... momentu hartako geldialdiak munduko ekonomian inoiz ikusi ez den beherakada eragiten du. Finantza merkatuek egun gutxiren buruan aurrekaririk gabeko beherakada izaten dute.

Une horretan, ekonomialari askok, pandemia hilabete batzuetara menderatuta izan zitekeelakoan, ekonomiaren errekuperazioa “V” moduan izango zela pensatzen zuten.

2. Covida menderatzeko denbora dexente behar dugula ikusitakoan, ekonomian sortutako eraginak murrizteko asmoarekin, kalera ateratzeko baimenak marxan jartzen dira. Bizimodu berri batean oinarrituta, maskara eta beste segurtasun neurriak hartuz, ekonomia pixkanaka hazten dijoa, baina sektore batzuk ezin dute burua altxa: Turismoak, Ostalaritzak, komertzio mota batzuk, hegaldiekin zerikusia duten enpresek... beste batzuen artean. Beste sektore batzuk berriz, sekulako gorakadarekin jarraitzen dute, batez ere, teknologiarekin zerikusia dutenek, interneteko komertzioarekin hain zuzen ere. Horiek pandemiaren hasieratik gorakada nabarmena izan dute, egoera horretan erosketak interneten egitea irtenbide bat baita. Etxetik ere gero eta jende gehiagok egiten du lan, eta horrek ere zenbait sektorerentzat gorakada potoloa suposatzen du.
Une honetan ekonomialariek krisiaren irteera “K” moduan ikusten dugu. Esan bezala, zenbait sektorek gorakada nabarmena izango dute eta beste batzuk berriz, mugikortasunarekin zerikusia dutenek batez ere (Turismoa eta Ostalaritza adibidez) beherakada edo betiko amaiera izango dute.

Bestalde, Txinak lehengaiekin eta zenbait produkturekin hornitzen dituen herrialdeetan arazoak hasten dira. Txinak gutxiago hornitzen du, biltegiak hustu egiten dira eta izakinak bukatzen dira. Beraz, lehengaiak eta ekoizteko behar diren zenbait produktu falta dira eta horrek, alde batetik, hauen prezioak igotzen ditu eta bestetik, enpresa askok produkzioa gelditu behar dute.

3. Txertoaren garaia. Txertoen garapenak ekonomiaren hazkundearen erritmoa markatzen du. Herrialde ezberdinetan ez da berdin garatzen jendearen txertaketa eta horrek ere bere eragina du herrialde ezberdinetako ekonomietan. Aberatsenak alde batetik, pobreenak bestetik. Horrela gauzak, munduan zehar kutsa­tze arrisku handia dago eta ondorioz, mugikortasuna mugatuagoa eta kontrolatuagoa izango da, bai pertsonentzat bai ondasunentzat. Beraz, krisialditik ateratzeko abiadura ezberdinak ere izango dira.

Zenbait produktuk prezioaren igoera izango dute eta dagoeneko izaten ari dira. Covida “kontrolatu” ondoren etorriko den hazkundea indartsua izango da. Alde batetik, ekonomia “irekiko” da, lana gehiago izango da eta bestetik, jendeak dirua aurreztu du egoera honetan, ez du horrenbeste gastatu eta egoera hau “kontrolpean” dagoenean, aurreztutako zati handi bat gastatuko du. Ekonomialariak orain inflazioari begira gaude. Inflazioa goraka ikusten dugu, baina galdera da: puntuala izango da eta gero berriz neurri “normal” batera itzuliko da ala gelditzeko etorriko da? Prezioak igoko dira, bai, baina asko? Noiz arte? Orduan, interes tasak igoko dira ere? Gaur egun dirua tasa negatiboan dago eta ondorioz maileguak oso merke daude. Buelta ematen badu, dena garestituko da.

Ekonomia suspertzeko banku zentralek diru mordoa sisteman sartzen jarraitzen dute. 2008 urteko finantza krisiari aurre egiteko hasi ziren dirua sartzen interes tasa jaisteko eta orain berdin jarraitzen dute egin beharreko guztia egingo dutela esanez. Helburua interes tasak baxu mantentzea da hazkunde ekonomikoa suspertuz, enpresariek inbertsioak egin ditzaten eta kontsumitzaileek gehiago kontsumitu dezaten. Hori oso ondo dago momentuz, laguntza ona da, baina bere alde txarrak baditu: alde batetik, abantaila hauek eragile ekonomiko guztiei ez zaizkie neurri berdinean iristen. Askotan behar ez dutenek etekin gehiago ateratzen diete halako neurriei. Bestetik, herrialdeen eta pertsonen zorrak goruntz dijoaz eta burbuila baten aurrean egon gaitezke, horrek suposatzen duen arriskuarekin.

Aipatzekoa da ere, gobernuek laguntza programa ezberdinak ezarri dituztela zenbait sektorei laguntzeko, baina dirua ez da iristen behar den moduan eta enpresa asko galdu dira betirako, langabezia handia sortuz.

Ondorio positiboren bat badagoela ere esan dezaket. Covidak sortutako egoeraren ondorioz, ingurumenaren eta ekonomia jasangarriaren inguruan sensibilitatea handituz doa. Gaur egun enpresa gehiago dira sozialki arduratsuagoak eta jasangarriagoak diren inbertsioak egiten dituztenak eta Europak ere arlo honetan apostua indartu du.

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom