IKUSITAKOAK ETA IKASITAKOAK | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

IKUSITAKOAK ETA IKASITAKOAK

(0 iruzkin)

COVID19-ak eragina izan du gurean ere. Urte eta erdi honetan gauza asko ikusi ditugu, ikasi ere zerbait ikasi dugulakoan nago. Pandemiak gutxitan gerta­tzen dira eta ulergarria izan daiteke hasierako kaosa, ezjakintasuna handia baitzen. Geroztikakoak berriz...
Asteak pasa ahala ezagutza medikua eta zientifikoa zabaltzen joan zen, eta agintariek kaosetik ordena minimoetara iristeko kudeaketa lanetan hasi ziren. Denetarik ikusi genuen ahalegin honetan. Osasunarekin zerikusia ez zuten interesak lehenetsiz erabaki okerrak hartu dira, bai, baina herriaren antolaketa kolektibo eredugarriak ere ikusi ditugu.

PANDEMIAREN KUDEAKETA
Akatsen artean aipatuko nituzke: irizpide zientifiko eta epidemiologikoak alde batera utzita hartutako zenbait erabaki, interes politiko, ekonomikoak, alderdikoiak edo elektoralak lehenetsiz; tratamendu informatiboa, gehiegizkoa, iluna, nahasgarria, kontrastatu gabekoa; konfiantzan oinarritutako eztabaidak eta adostasunak ez bilatzea; aurreikusi zitezkeen kalte ekonomikoak konpentsatzeko konpromiso ezak, egoera honek nola eragin dion alde psikologiko eta emozionalari ez zaio apenas kasurik egin...
Beste aldetik, ikusi da herritar eta udal askoren ardura kolektiboa. Eskumenak zituzten instituzioen erantzun eskasa ikusita, herritarren sareak antolatu dira, elkartasuna eta zaurgarrienei laguntza emateko; era askotako laguntzak antolatu dira auzo eta herrietako kaltetuenak atzean ez uzteko; sektore, eragile eta herritarrekin egon, zuzenean informatu eta elkarrekin erabakiak hartzeko ahalegin serioak egin dira...
Esan daiteke ezbehar bati aurre egiteko bi eredu oso ezberdinak agerian gelditu direla.

ETA ORAIN ZER?
Hildakoak eta gaixoak utzi ditu COVID19ak. Krisi ekonomiko latza ere bai. Atzera-bueltarik ez, eta aurrera egin behar dugu. Galdera da, ikusitako guzti honetatik zer ikasi dugu? eta, ikasitakoa nola aplikatu dugu orain hartu beharreko erabakietan?
Zer ikasi dugu ba? Zerbaitetarako balio izan badu pandemia honek izan da eraiki dugun sistema honen hainbat eta hainbat gabezia agerian uzteko. Eta balio izan du ere benetan zer den garrantzizkoa garbi eduki­tzeko.
- Osasuna eta zaintza oinarrizko zerbitzuak ez ezik, eskubideak ere badirela aho batez onartu dugu. Ba hauek bermatzeko sistema publiko indartsua behar dugu. Pribatizaziorako bideari buelta eman eta lehentasun guztia eskaini behar diegu.
- Gure kontsumismo suntsitzaile eta aseezinaren mesedetan asmatu genuen globalizazioak bere alde txarrak badituela ikusi dugu. Epe motzeko etekinak besterik ez ditugu bilatzen: ekonomian, politikan, garapen pertsonalean... Azkarregi bizi gara, dena orain eta hemen nahi dugu. Bada garaia erritmoak jaisteko.
- Eta bada garaia konturatzeko naturaren zati txiki bat besterik ez garela (birusak bezala, beste aldetik). Ezin dugula naturaren aurka egin, desoreka ekologikoak sortuz, bioaniztasuna murriztuz, habitat naturalak txikituz... dena gure berehalako kontsumismo gehiegizkoa ase nahian.
- Desorekak naturan bezala, desoreka sozialak eta geografikoak agerian gelditu dira. Bizitzen ari garen pandemia honen ondorioak (gaixotzea, hiltzea, krisi ekonomikoa eta pobrezia areagotzea...) ohikoak dira herrialde gehienetan, "txiroak" deitzen ditugun horietan gure mendebaldeko posizio supremazista erosotik. Guretzat gaitz arinak direnak, larriak bihurtzen dira medikazio edo txertorik gabe. Gu aberatsak, besteen pobreziaren bizkar. Eta hemen bertan, berdin. Krisi honetatik ere, aberatsak aberatsagoak aterako direlako, eta pobreak pobreagoak.

Hauek esanda erraza dirudi egin beharrekoa: kalitatezko zerbitzu publikoak indartu, jarduera ekonomiko eta pertsonalak ingurumenari errespetatuz egin, gutxiago eta ardura jasangarriarekin kontsumitu, aberastasuna banatu hemen eta mundu osoan...

Ez dakit nik bide horretatik gabiltzan. Edo betikora bueltatzeko joera nagusitzen ari da? Zer diozue zuek?
Gutako bakoitzak badu zer esana eta zer egina, eta herriaren indarrean dut nik itxaropena, Igeldotik hasita. Hortxe baitago koska!

Juan Karlos Izagirre Hortelano
2021/07/09

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom