Igeldon Tokiko Entitate Txikia sortzeko, lehenengo pausoak | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Igeldon Tokiko Entitate Txikia sortzeko, lehenengo pausoak

(0 iruzkin)

Igeldon Tokiko Entitate Txikia (Ente Local Menor) sortzeko prozesua zertan den azalduz, ohar bat banatu dute etxez etxe Herri Kontseiluak eta gaia lantzen ari den batzordeak. Azken asteetan prentsan argitaratutako albisteei erreferentzia eginez, prozesua abiatzeko Donostiako Udaletik emango duten lehenengo pausoa litzatekeela azaldu dute, bi aldeek izandako harremanetan hitz egindakoa: «Ekainaren 4ean, prentsa oharra plazaratu zuen alkateak honako titularrarekin: "Alkateak batzorde ez-iraunkor bat sortzea proposatu du, Igeldon Tokiko Erakunde Txiki bat eratzea sustatzeko". Batzorde hori Udal mailakoa litzateke, alderdi politikoetako ordezkariek osatua. Udal ordezkariek azaldutakoaren arabera, prozesua abiatzeko eman beharreko lehenengo pausoa litzateke». 

Proposamen hori  Zerbitzu Orokorren Batzordean aurkeztu zuen Gobernu taldeak ekainaren 15ean eta udal alderdi guztiek onartu zuten batzorde ez-iraunkor hori sortzea. Orain, Plenoak eman beharko dio behin betiko onarpena.

Ondoren, batzorde misto parekidea igeldotarrekin
Herri Kontseiluko kideek martxoaren 9an egin zuten azken bilera Eneko Goia alkatearekin eta gobernu taldeko hainbat kiderekin. Bilera hartan, Igeldon Tokiko Entitate Txikia sortzeko eta prozesua aurrera eramateko borondatea adierazi zuten bi aldeek. Horrez gain, Herri Kontseiluak eskatu bezala, prozesua igeldotarrekin elkarlanean garatzeko borondatea adierazi zuen Alkateak eta batzorde misto parekide bat sortzea onartu zuten, batzorde sustatzailea izango dena. Aurrerago sortuko litzateke.

Batzarretik hona
Aurrez azaldutakoa, abenduaren 12an Igeldon egin zen herri batzarretik hona gertatutakoa izan dela adierazi dute oharrean Herri Kontseiluak eta TET lantzeko batzordeak: «Abenduaren 12an batzarra egin genuen Igeldoren gaur egungo egoera eta aukerak plazaratuz eta honako galdera planteatuz: Herritarrek ondo ikusten dute Igeldon Tokiko Entitate Txikiaren bidea jorratzea? Baiezkoa erabaki zen».

Eta gaineratu dute: «Batzarrean adierazi genuen bezala, abendu hasieran bildu zen Herri Kontseilua Alkatearekin eta beste behin gaiaren inguruan galdetuta, proposamen bat lantzen ari zirela azaldu zuen. Dena dela, txosten juridiko bat eskatu zutela gaineratu zuen, zalantza baitzuten 2013ko razionalizazioko lege estatalak nola eragin zezakeen Tokiko Entitate Txikia eratzerakoan». Martxoan izandako azken bileran, txosten juridikoak ez zuela oztoporik jartzen adierazi zien.

Beste batzar bat egiteko asmoa
Emandako pauso guztien berri emateko, Herri Kontseiluko eta TET Batzordeko kideek beste batzarra egiteko asmoa zutela azaldu dute, baina osasun krisiaren eraginez, ezinezkoa egin zaiela. Horregatik erabaki dute oharra banatzea etxez etxe. Aurrerago egingo dute batzarra.

Bestalde, azpimarratu dute prozesua luzea izango dela eta herritarrekin batera eramango dutela aurrera.

Batzordean sartzeko aukera
Gaia lantzen ari den batzordea irekia da eta gogorarazi dute herritarren batek interesa izanez gero, batzordean sartzeko aukera duela. Horretarako, Herri Kontseiluko kideren batekin harremanetan jarri, deitu edo idatzi besterik ez dago: 943313030 / herrikontseilua@igeldo.eus.

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom