Foru Araua aldatzeko eskaera zehatzak egin ditu Igeldok | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Foru Araua aldatzeko eskaera zehatzak egin ditu Igeldok

(0 iruzkin)

Udalerri edo TET izateko biztanleria minimoa kentzea edo egokitzea izan da eskaera bat. Baita eskaera erabakia hartzen den instituzioraino iristea ere.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan ponentzia bat dago martxan otsailaz geroztik. Gipuzkoako Udal Barrutiak erregulatzen dituen Foru Araua berrikusteko eta honen inguruan eztabaidatzeko da ponentzia. Hainbat gonbidatuk hartu dute parte ponentzia honetan eta tartean, Igeldok ere bai.
Martxoaren 16an izan zen Igeldoren txanda. Ponentziara Herri Kontseiluko kideak eta kide ohiak bertaratu ziren: Eneko Dorronsoro egungo lehendakaria, Ainhoa Gorostidi lehendakari ohia, Iker Zinkunegi eta Karmele Garmendia. Bertan, Igeldoren aurkezpen txiki bat egin zuten, bere aldarrikapenak gogorarazi zituzten eta urte guzti hauetan legeekin izandako esperientziaren berri eman zuten. Horiek azalduta, eskaera zehatzak egin zituzten 2/2003 Foru Arauari lotuta.
Honakoak izan ziren: biztanleria minimoa kentzea edo egokitzea Gipuzkoako errealitatera (bai udalerrien kasuan, bai TETren kasuan); Azken erabakia hartzen den instituzioraino iristea eskaera, nahiz eta jatorrizko Udalak aurkako iritzia eduki; TETaren osaketa hauteskunde propioekin egitea (ez Udalari emandako bozken arabera); TETk berme gehiago eduki­tzea, Udalean edozein aldaketa politiko izanda ere.
«Indarrean dauden legeak alda­tzeko eskaera egiten dugu, justua­go­­ak izan daitezen», gaineratu zuten.

Rajoyren legea bertan behera uztea
Rajoyren 27/2013 legea ere izan zuten hizketagai eta lege hori bertan behera uzteko eskaera egin zen. «Larria da Madrilgo lege batek gure Foru Arauaren aurka egitea. Lege hau zuzenenan doa bai 2/2003 Foru Arauaren aurka bai eta sortu daitezkeen beste legeen aurka ere. Ondo legoke beraz, Batzar Nagusi hauek Madrili eska­tzea 27/2013 legean ezarritako baldintzak (5.000 biztanle) bertan behera uztea», adierazi zuten.

Proposamena ekainerako
Orain, Diputazioko legelarien partehartzea bakarrik geratzen da. Eta ondoren, batzarkideen txanda izango da. Gonbidatu eta eskaera guztiak jasota, talde bakoitzak bere proposamenak egingo ditu, eztabaidatu eta bozkatu egingo dute. Ekainerako proposamen bat mahai gainean izatea aurreikusten dute.
Ponentzian honakoek hartu dute parte, besteak beste: Angiozar, Bergara, Itsaso, Ezkio-Itsaso, Itziar, Deba, Ereñotzu, Hernani, Igeldo, Donostia, Zubieta, Usurbil, Santuenea, Aginaga eta Arabako kontzejuen elkartea.

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom