Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo epealdiko postak ikusten: maiatza, 2019

EH Bildu nagusi, Igeldon

Igandean egin ziren Udal, Foru eta Europako hauteskundeetan, guztietan, EH Bildu nagusitu da Igeldon. Donostiako Udalerako hauteskundeetan, 840 herritarrek zuten botoa emateko aukera eta horietatik 565ek eman zuten botoa (%67,3ko partehartzea). EH Bilduk lortu ditu boto gehien: 289. Bigarren indarra EAJ-PNV izan da 149 botorekin, hirugarren PP 46 botorekin, laugarren PSE-EE 41 botorekin eta bosgarren Elkarrekin Podemos 25 botorekin. Besteek 3 boto eskuratu dituzte. Boto txuriak 11 izan dira eta baliogabeak 1.

Ia %33ko babesa lortu du Herri Kontseilu berriak

Herri Kontseilua berritzeko hauteskundeak izan ziren igandean. Bozkatzera deituta zeuden 850 herritarretatik 287k bozkatu zuten eta horietatik 279k adierazi diote euren babesa aurkeztutako taldeari; hau da, %32,8ak. Boto bat baliogabea izan zen eta zazpi txuriak. Hori horrela, honako hauek osatuko dute hemendik aurrera Igeldoko Herri Kontseilua: Iraitz Santa Kruz, Eneko Dorronsoro, Aratz Urruzmendi, Ainhoa Uranga, Iñaki Imaz, Pello Galarraga, Jexux Albeniz, Jaione Dorronsoro eta Asier Sota. Karguak erabakitzeko dauzkate oraindik.

Bozkatzera joateko deia, ahalik eta babes handiena lortzeko

Udal, Foru eta Europako hauteskundeez gain, Igeldoko Herri Kontseilua berritzeko hauteskundeak ere izango dira igandean. Oraingoan, lanerako prest dauden 9 herritarrek taldea osatu dute eta horixe izango da bozkatu beharrekoa. Herritarrei dei egiten diete igandean bozkatzera joateko, ahalik eta babes handiena lortu dezaten.  

Batzarra, Jubilatuen elkartea berriz martxan jartzeko

Azken aldian, oraingo zein lehengo jubilatu talde bat lanean dabil Igeldoko Jubilatu Elkartea berriz martxan jartzeko eta batzarra egingo dute. Ekainaren 6an (osteguna) izango da eta herriko jubilatu guztiei dei egiten diete azaltzeko. Bertan, lehengo jubilatu elkartearen informazioa eta oraingo legediaren eskakizun berriak zertan diren azalduko dute. Arratsaldeko 19:00etan izango da Itsas Aurre kultur etxean. Batzarraren ostean meriendatxo bat ere eskainiko dute.

Azken euriteek eragindako kalteak udazkenerako konpontzea aurreikusten dute

Asteburuko euriteek kalte ugari eragin dituzte Igeldon. Nabarmentzekoak dira errepide nagusian eta Lasarmendi bidean igandean izan ziren lur-jausiak. Errepide nagusian, Zerutxoko kurba baino beheraxeago, espaloi zatia eraman zuen urak eta beheraka jaisteko karrilean ere kalteak eragin zituen. Donostiako Udaletik Herri Kontseiluari jakinarazi diotenez, bertako estolda-zuloa belar, adar eta hostoz zikina zegoen eta urak irteera beste nonbaitetik bilatu zuen, sekulako kaltea eraginez. Espaloia eramateaz gain, errepidean metro bateko zabaleran ere lur mugimendua egon da. Hori horrela, azaldu dute segurtasun neurriak hartu direla eta horregatik jarri dutela semaforoa: «beherako karrila ezin da erabili, badaezpada». Orain, kalteak konpontzeko zer egin aztertzen ari dira eta proiektuak eskatu dituzte. Lanak bukatzerako, iraila-urria izango dela adierazi dute. Ordura arte, beraz, semaforoa izango da bertan.

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom