Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo epealdiko postak ikusten: urria, 2019

Indartsu hasi du aurten ere ikasturtea Pelotak

Iazko gorakadari eutsi dio aurten ere Pelotak. Urriko lehenengo astean hasi zirenetik, 15 neska-mutil dabiltza, lehenengo eta seigarren maila bitartekoak. Iñaki Enbil eta Onditz Urruzmendi begiraleek azaldu dutenez, iaz aritu ziren zaharrenek ez dute jarraitu, hau da, DBH egitera behera jaitsi direnek, baina lau ume berri sartu dira. «Aurten txiki dexente animatu dira: 4 benjamin eta 5 alebin dabiltza», azaldu dute.
Astearte eta ostegunetan ari­tzen dira ordu eta erdiz; 17:30etatik 19:00etara. Azken urteetan bezala, eskuz aritzeaz gain, pala ere sartuko dute tarteka. Oraindik badago apuntatzeko aukera, baina interesa izanez gero, lehenbailehen apuntatzeko azaldu dute, «gainerakoak martxa hartzen joango direlako eta gero zailagoa delako besteen erritmoa hartzea».

“Barruan eta kanpoan ikertzen” ekin diote ikasturteari eskolan

Ikasturte hasieraren berri eman diote eskolako kideek Orri Informatiboari: «Ikasturte berria hasi dugu eta urtero legez, ilusio eta proiektu berriak ditugu. Aurten guztira 68 ikasle ditugu eskolan eta 10 irakasle gara.
Aurten ere zientziak landuko ditugu lehenengo hiruhilekoan. Proiektuari “Barruan eta kanpoan iker­tzen” izena jarri diogu. Honekin erlazionatuta, eskolako proiektu desberdinak landuko ditugu hiruhilekoan zehar (Robotika, E-bug, Inspira eta Danio).
Bi pantaila interaktibo berri ere ekarri dizkigute eskolara. Hortaz, ia gela guztietan aukera izango dugu mundu digitalean aritzeko.
Urriak 10-11 Legasako aterpetxera joango ginen LHko ikasle guztiekin. Han hainbat jarduera egin genituen eta sorpresaren bat ere izan genuen.
Beraz, nobedade faltarik ez dago Igeldoko eskolan. Hurrengo alean gauza gehiago kontatuko dizkizuegu.
Gutaz gehiago jakin nahi baduzue, eskolako bloga jarrai ezazue. (http://igeldoeskola.blogspot.com/)».

«Zakur kakak jaso egin behar dira»

Azken aldian zakur kakaz josia dago Igeldoko kaxkoa eta herritar askorentzat arazo bat izaten ari dela azaldu zuen Herri Kontseiluak batzarrean. Arazoari konponbidea jarri nahian, kanpaina bat jarriko du martxan, zakur jabeak kontzientziatu eta kakak jaso egin behar dituztela konturatzeko, «denon arteko elkarbizitza hobea izan dadin». Eta egiten den lekuan egiten direla, zakur kakak beti jaso behar direla azpimarratu zuten batzarrean.
Alde batetik, kartelak jarriko dira kaxkoan zehar, puntu ezberdinetan, eta bestetik, neurri desberdinak aztertzen ari dira.

Bi idatzitan, kezka adierazi dio Herri Kontseiluak Udalari

Herri Kontseiluak bi idatzi aurkeztu ditu iraila eta urrian, Udal erregistroan. Eta bietan kezka adierazi du. Alde batetik, Zerutxoko kurba inguruko obrari lotutakoa izan da idatzia (maiatzeko euriteek eragindako kalteak konpontzeko obra). Bertan, obrak lehenbailehen hasi eta bukatzeko eskatu dio berriz Udalari. Zenbaitetan, semaforoarekin ilara luzeak egin eta arrisku egoerak sortzen direla azpimarratu die. Udal teknikariak azaldu duenez, udazkenean zehar egitea aurreikusten dute, baina data zehatzik ezin dute esan oraingoz. Behin hasita, pare bat astetako lana izango dela aurreratu dute. Eta lan hauekin batera, Lasarmendi bideko zati bat ere konponduko litzateke. Beste zatia, aurrerago egingo dute.
Bestetik, Pilotegi bideko obrari lotutako idatzia erregistratu da (obra honetan Pilote­giko goiko zatia asfaltatu eta babesgarria eta zabalguneak jarriko dira). Lanak 2019 urtean egingo zituztela azaldu zuten bere garaian, baina oraindik ez dutela ezer egin ikusita, Herri Kontseiluak kezka adierazi du. Izan ere, obra aurten egiten ez bada, Diputazioaren diru lagun­tza galduko luke Udalak eta ondorioz, lanak ez egiteko arriskua ikusten du Herri Kontseilu­ak. Udal teknikariak azaldu duenez, kontratuen lege berria dela eta, atzeratuta dabiltza, baina proiektua aurten egiteko ahalegin guztiak egiten ari dira.

Talde berria aurkeztu eta azken egunetako gaien berri eman zuten batzarrean

Honako bederatzi herritarrek osa­tzen dute egungo Herri Kontseilua: Ainhoa Uranga, Asier Sota, Iraitz Santa Kruz, Jexux Albeniz, Iñaki Imaz, Eneko Dorronsoro, Jaione Dorronsoro, Aratz Urruzmendi eta Pello Galarragak. Irailaz geroztik, martxan da Herri Kontseilu berria eta urriaren 13an Herri Batzarra egin zuen talde berria herritarren aurrean aurkeztu eta eskuartean dituen azkeneko gaien berri emateko.
Talde berriak gogoan izan zituen aurreko Herri Kontseiluko kideak eta eskerrak eman zizkien lau urtetan egindako lanagatik. Hain zuzen, honakoek osatu dute orain arteko Herri Kontseilua: Ainhoa Gorostidi (lehendakaria), Iker Zinkunegi (idazkaria), Aitziber Alzua (diruzaina), Maider Illarramendi, Aitziber Gabilondo, Miren Zinkunegi, Ander Zubeldia, Ioritz Galparsoro eta Iñaki Aizpurua.

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom