Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo epealdiko postak ikusten: uztaila, 2018

Igeldon, %75ak erabiltzen du euskara kalean

Soziolinguistika Klusterrak Donostia mailako azterketa egin du (2016 urtekoa da azterketa). Hain zuzen, kalean zein hizkuntza erabiltzen diren neurtu du eta Igeldoko datuak lortu ditu Orri Informatiboak.
Igeldon, euskara da kalean gehien erabiltzen den hizkuntza eta %75,4koa da bere erabilera. Gaztelera da hurrengo hizkuntzarik erabiliena, %23,8ko erabilerarekin eta beste hizkuntza batzuk ere erabiltzen dira modu apalagoan: %0,8.
Kalean euskara erabiltzen dutenak batez ere emakumezkoak dira: %82,40. Gizonezkoak berriz, %68,30 dira. Adinari dagokionean, berriz, haurrak (2-14 urte) dira euskara gehien erabiltzen dutenak: %87,50; ondoren, 15-24 urteko gazteak lirateke (%83,30); atzetik, 25-65 urteko helduak leudeke (%76,90); eta azkenik, 65 urtetik gorako adinekoak (%22).
Irailaren 21etik urriaren 1era egin zuten ikerketa Igeldon eta denera 12 orduz aritu ziren azter­tzen kalean zeuden pertsonek zein hizkuntza erabiltzen zuten hitz egiterakoan. Igeldoko plaza, Lizardi plaza eta Kristobal Balenziaga pasealeku bukaeran aritu ziren behaketa lana egiten, hau da, kalean jende gehien pila­tzen den lekuetan.

Herri Kontseiluak proposamen ugari aurkeztu ditu Aurrekontu Partehartzaileetan

Donostiako Udalak 2019 urteari begira, Aurrekontu Partehartzaileen prozesua jarri du martxan. Honen bidez, herritar eta elkarteek aukera dute proiektu, lan edo eskaera batzuk proposatzeko, baldintza ba­tzuk betez, eta ondoren, herritarrek boto bidez aukeratuko dituzte ze proiektu diren lehentasunezkoak eta Udalak aurrera eraman beharko dituenak datorren urtean. Bete beharreko baldintzetako bat da eskatzen den proiektu horrek 300.000 euroko aurrekontua ez pasatzea.
Herri Kontseiluak proposamen ugari aurkeztu ditu eta urrian jakingo da zeintzuk pasatzen diren azken fasera, hau da, herritarrek boto bidez aukeratzeko fasera. Bozkatzeko epea ere urrian izango da, beraz, Herri Kontseiluak dei egiten die herritarrei parte har­tzeko momentua iristen denean.
Udalak 2.000.000 euro bideratu ditu ia Donostia osora, Ekialdeko Barrutia kenduta (zonalde horretarako 1.250.000 euro izango dira). Botoa ere, Donostia mailakoa izango da, beraz, Igeldotik boto asko lortu beharko dira zerbait lortu nahi izanez gero.

Lehentasunak jarri eta ekintzak proposatu dira

Joan den ekainaren 14an, batzarra burutu zen partehartze prozesuari lotuta. Bertan, bizilagunek betetako galdeketetatik ateratako ondorioetatik abiatuta, Herri Kontseiluak lanerako izango dituen lehentasunak markatu ziren.
Batzarrera 15 bat lagun gerturatu ziren. Bi ariketa praktiko burutu zituzten talde txikitan banatuta. Lehenengo ariketa Herri Kontseilutik proposatutako lehentasunak kontrastatzea eta zehaztea izan zen. Bigarren ariketa berriz, lehentasun horiek aurrera eramateko egin daitezkeen ekin­tzak proposatzea.
Batzarrera gerturatutako bizilagunek ekintza ugari eta interesgarri proposatu zituzten:
Elkarbizitza arloan: gazte zein 3. adinekoentzat toki bat, kultur eskaintza handiagoa, kultur etxearen autogestioa…
Azpiegituren arloan: espaloiaren beharra, bideen mantenua, zaborraren bilketa hobea, ura eta saneamendua, garraioa landa guneetara zabaltzea eta autobusaren ordutegia eta ibilbidea hobetzea…
Garapen ekonomikoaren arloan: beharrei egokitutako garapena, etxebizitza beharraren inguruko lanketa eta etxe hutsen inbentarioa egin; gai hau aurrera eraman eta lantzeko talde bat sortuz…

Garagardo Azoka arrakastatsua

Pasa den asteburuan, Garagardo Azoka egin da Igeldon. Ez ohiko Garagardo Azoka izan da, bertako garagardo eta jakiek izan baitute protagonismoa. Hori horrela, ostiraletik igandera honako garagardoak edateko aukera egon da: Basque­land (Hernani), Bidassoa (Irun), Gorakraft (Donostia), Malagissona (Oiartzun-Donos­tia) eta Zarautz (Zarautz). Eta jakiei dagokienean, berriz, honakoak jateko aukera: hegaluzea, mendrexka, gindillak, tomatea, saltxitxak, hirugiharra, arroz esnea...

Bertako garagardo eta jakiak aukeran, ostiraletik igandera

Ohikoa ez den Garagardo Azoka antolatu dute Itsas Aurrek eta Kooperatibak asteburu honetarako (uztailak 20, 21 eta 22). Azken honen filosofiarekin bat eginez, bertan egindako garagardo artisauak eta jakiak egongo dira aukeran azoka berezi honetan. Ordutegi desberdinetan egongo da zabalik azoka: ostiralean, arratsalde-gau partean (18:00-23:30); larunbatean egun osoan (12:00-23:30); eta igandean eguerdi-arratsalde partean (12:00-18:30).

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom