Adi seinaleari! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Adi seinaleari!

(0 iruzkin)

Izarkom Kooperatiba Igeldora iritsi da. Besteak beste, Herri Kontseiluak bat egin du bere proiektuarekin, bazkide egin da eta Itsas Aurre eraikinerako bere zerbitzuak kontratatu ditu: internet, fijoa eta mugikorra. Baina zer da Izarkom?

Herri Kontseiluak abenduan erabaki zuen Izarkom Kooperatibaren proiektuarekin bat egin eta bere zerbitzuak kontratatzea. Horrez gain, internetari lotuta herrian beste lanketa batzuk ere egiten ari direla jakinarazi du Herri Kontseiluak: Zuntz (fibra) optikorik ez duten zonaldeetan zuntza jartzen, besteak beste. Horren aurrean, Izarkomi buruz gehiago jakiteko gogoa piztu zitzaion Orri Informatiboari eta informazioa bildu du azken alean, herritarrontzako interesgarria izango delakoan. Hemen, erreportajea.

Zer da Izarkom?
«Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboa da, eta helburua da Euskal Herrian azpiegitura telematiko zein telekomunikazio zerbitzuen burujabetzarantz bidea egitea», diote. «Herritik bertatik sortu den euskal proiektu kooperatibo eta demokratiko bat da: telefono eta interneterako sarbidea ziurtatuko digun telekomunikazio zerbitzua. Eta guztia kalitatezko baldintza teknikoak eskainiz eta tarifa onargarriak», gaineratu dute.

Helburua: azpiegitura libreak eta partekatuak
Gaur egun, telekomunikazio azpiegiturak enpresa pribatuen esku daude, horrek dakartzan ondorio guztiekin: zerbitzua batzuen eskura bakarrik egotea, zerbitzua eskaini edo ez beraiek erabakitzea, tarifa altuak...
Izarkomen helburua da azpiegitura horiek partekatuak, irekiak, libreak eta neutralak izatea. Halaxe azaldu dute: «Telekomunikazio zerbitzu hauek Euskal Herriko txoko guztietara iritsi daitezen saiatzeko, dagoeneko zenbait herritan abian dauden telekomunikazio azpiegitura ireki, libre eta neutraletan oinarrituko da Izarkom. Horrez gain, gizarte eragile nahiz herritarrekin elkarlanean sare telematiko berriak ezartzen eta garatzen lagunduko dugu». Eta gaineratu dute Izarkomek eraikitako edota bultzatutako sare telematiko guztiak SIAN lizentzia prokomunari lotuta egongo direla: «Horrela, azpiegituren bikoizketak saihesten ahaleginduko gara eta, ahal den neurrian, gizarte nahiz ingurumen eraginak txikiagotzeko baliabideen erabilera partekatua bultzatuko dugu».

Gizarte ekimenerako Kooperatiba
Izarkom gizarte ekimenerako eta irabazi asmorik gabeko kooperatiba moduan eratu dutela azaldu dute: «Izan ere, gaur egungo eredu ekonomiko kapitalista gainditzeko, jabetuta gaude ekonomia sozial eraldatzailean oinarritutako alternatiba errealak plazaratzeko beharra dugula. Alde batetik, kooperatiba gisa antolatu gara, ekimen honetan parte hartu nahi duten kide nahiz erakunde guztien artean modu demokratikoan kudeatutako proiektu parte-hartzailea izatea nahi dugulako. Eta bestetik, irabazi ekonomikoak lehenesten dituen enpresa ereduak atzean utzi eta ondare komuna eta jendartearen ongizatea helburu izango dituen beste antolakuntza ereduak bultzatzea helburu dugulako».

HERRI KONTSEILUARENTZAT OSO POSITIBOA
Denbora zen Izarkom Herri Kontseiluarekin harremanetan jarria zela bere proiektuaren berri emateko. Beraien asmoa zen Igeldon hitzaldiren bat edo beste eskaintzea, baina pandemia tarteko, hori ez da posible izan. Horren aurrean, abenduan elkartu ziren Izarkomeko eta Herri Kontseiluko kideak Igeldon egin zitekeenaren inguruan hitz egiteko. Bileraren ostean, Herri Kontseiluko kideek erabaki zuten Izarkom Kooperatibaren proiektuarekin bat egin (bazkide egin) eta bere zerbitzuak kontratatzea: internet, fijoa eta mugikorra.
Herri Kontseiluak adierazi du oso positiboa izan dela erabakia: «Izarkomen helburuekin bat egiten dugu eta orain badakigu herritarron dirua nora doan eta zertarako erabiltzen den. Eta horrez gain, zerbitzua oso ona da eta askoz ere merkeagoa. Gure tarifa erdira jaitsi da».

IGELDOKO BIZILAGUNEI KONPONBIDE BILA
Izarkomekin bildu aurretik, Herri Kontseiluak azterketa azkar bat egin zuen herrian internet sarea nola zegoen jakiteko. Gehienean fibra pasata zegoela jakin zuen, baina puntu batzuk zintzilik zeudela. Gainera, Herri Kontseiluaren sorpresarako, fibra ondo-ondotik pasatzen zaie gehienean. Hiru zonalderen berri izan du Herri Kontseiluak: Leku-Eder, Aita Orkolaga 10-12-14-16 eta Mendizorrotz ingurua. Bizilagun horiek duten arazoari konponbidea eman nahian dabil Izarkom, azken hilabeteetan. Bizilagun horiek ere fibra izatea edo posible ez den kasuan, gutxienez internet konexio ona izatea da helburua.
Azken berrien arabera, aurrerapausoak ematen ari da Izarkom. Antzeko egoeren aurrean konponbideak bilatu izan dituztela jakin du Orri Informatiboak. Besteak beste, beraientzat lorpen haundietako bat izan da Behe Bidasoan baserri eta landa eremuan dauden bizilagunei banda zabaleko internet konexioa jartzea. Beraz, adi seinaleari!

Zergatik Izarkom?
Hona hemen Izakomeko bazkide egiteko ematen dituzten zortzi arrazoi:
- Telekomunikazio azpiegiturek libreak eta partekatuak izan behar dutelako.
- Herri bezala sare telematiko propioak behar ditugulako.
- Sare horiek herritarren eskuetan egon behar dutelako.
- Kalitatezko Interneterako sarbidea guztion eskubidea izan behar delako.
- Eskubidea bermatzeko, arrazoizko prezioa izan behar duelako.
- Gizartea eraldatuko duen ekonomia sozial baterako bidea jorratzeko.
- Irabazi asmorik gabeko kooperatiba garelako.
- Denon artean eraikiko dugun proiektua izan nahi dugulako.
*****************************************
INFORMAZIOA
Zerbitzuak: internet, mugikorra eta finkoa
Weborria: izarkom.eus
Arreta zerbitzua: 943 569 214 arreta@izarkom.eus

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom